Otegi eta Andueza estatutu berriaz aritu dira, EH Bilduren egoitzan

Bileraren ostean, PSE-EEko buruak zehaztu du ez direla «modu espezifikoan» aritu estatutua berritzeko aukeraz. Bilera «tonu onean» egin dutela esan du, eta, gizartearen onura helburu hartuta, ona dela «elkarguneak bilatzea» bi alderdien artean.

EH Bildu eta PSE-EEko ordezkaritzen bilera, koalizioaren Donostiako egoitzan, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
EH Bildu eta PSE-EEko ordezkaritzen bilera, koalizioaren Donostiako egoitzan, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2025eko apirilaren 9a
13:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Izenburu handirik ez du eman EH Bilduren eta PSE-EEren ordezkaritzen arteko bilerak, baina ohiz kanpoko argazkiak bai. Koalizio abertzaleko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, Antolakuntzako idazkari Sonia Jacintok eta Ekintza politikoko idazkari Arkaitz Rodriguezek EH Bilduren Donostiako egoitzaren sarreran egin diote harrera PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezari. Harekin batera iritsi dira Susana Chueca PSEko zuzendaritzako kide eta Jaurlaritzako Mugikortasuneko sailburua eta Miguel Angel Morales Antolakuntza idazkaria. Oparo ibili dira besarkadak ematen bileran hasi aurretik. Egoitzara sartu dira, eta, argazkilariei tarte txiki bat eskaini ondoren, batzarra abiarazi dute.

Andueza PSE-EEko idazkari nagusi berriro izendatu dutela eta, bilera sorta bat egiten ari da alderdi politikoekin, eta sorta horren barruko enkontrua izan da gaurkoa. 2022an ere elkartu ziren alderdi bietako goi ordezkariak, baina ez koalizio subiranistaren egoitzan. EH Bildun ere amaitu dute zuzendaritza berritzeko barne prozesua, eta Otegik beste agintaldi bat dauka aurretik koalizioko buru gisa.

Ordu eta berrogei minutu iraun du bilerak. Ez dute ezagutarazi zehazki zer izan duten hizpide, baina estatus politikoaren inguruko adierazpen ugari egiten ari dira azken egunotan alderdietako bozeramaile guztiak. EAJko EBBko presidente Aitor Estebanek ere hasi berria du bere agintaldia, jeltzaleen barne prozesu gorabeheratsuaren ostean, eta sarritan erreparatu die hiru alderdi horien arteko balizko akordio bati, nazio aitortza oinarri hartuta.

Bileratik irtendakoan, adierazpenak egin ditu Anduezak, EH Bilduren egoitzatik gertu, eta berretsi gaurkotasun politiko eta ekonomikoaz aritu direla. Estatus berriaren inguruan zuzenean galdetu diotenean, zehaztu du gai horrek ez duela «protagonismo berezirik» eduki, eta «gai ugari» egon direla mahai gainean. Beraz, bai, Gernikako Estatutua gaurkotzeko aukeraz aritu dira. «Bileraren tonua ona izan da. Gu gobernu guztietan gaude, eta haiek, berriz, oposizioan; normaltasun demokratikoa da berba egitea, kontuan hartuta gure interesak desberdinak direla. Batzuetan bat gatoz, eta baditugu elkarguneak, baina beste batzuetan, ez. Gizartearen onura helburu hartuta, ona da elkargune horiek bilatzea».

(ID_14851722) ESPAÑA PARTIDOS PSEEH BILDU
EH Bildu eta PSE-EEren arteko bilera, gaur, koalizioaren egoitzan. ANDONI CANELLADA / FOKU

«Garai egokia» estatutua berritzeko

Andueza eta Chueca egoitzaren kanpoaldean aritu dira, eta adierazpenek iraun duten hamar minutu horietan, egoitzaren barruan geratu da Morales PSE-EEko Antolakuntza idazkaria. «Estatutuaren erreforma mahai gainean egon da, jakina, baina ez modu espezifikoan, eta argi geratu da nork bere lehentasunak dituela», jarraitu du PSEko buruzagiak. «Azken hilabete eta urteetan» sozialistek izan duten jarrerari eusten diotela berretsi du Anduezak, baina onartu du «aukera bat» ikusten dutela estatuaren erreforma egiteko, «garai egokia» dela horretarako. Garbi utzi du beste behin ere «eskubide sozialak blindatzea» dela PSEren lehentasuna. Erantsi du horrek «batu» egiten dituela alderdi guztiak, eta eskubide horiek direla «herritarren interesekoak». 

«Bide bat dago egiteko: gu ez gara lekuz mugitu, beste batzuk mugitu beharko dute»

ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia

EAJko buru Estebanek azken egunetan aditzera eman du litekeena dela urtea amaitu aurretik akordio bat egotea EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren artean, baina Anduezak ez du berretsi horrelakorik. «Ez dut bilerarik egin harekin gai horiek jorratzeko. Soilik bost minutu egon nintzen Estebanekin, Gernikako juntetxean. Harekin bildu gabe, ezin dut horrelakorik aurreratu. Estebanek esan badu, xehetasun gehiago eman beharko dizkit niri, nik ez baitut informaziorik horrelako ezer esateko».

PSE-EE eta EH Bilduren artean akordio sakonagoak lortzeko «bide bat egiteko» dagoela erantsi du Anduezak, kazetari baten galderari erantzunez, eta ziurtatu bide hori egitearen «ardura» ez dela sozialistena, «beste batzuena» baizik: «Gu ez gara lekuz mugitu, beste batzuk mugitu beharko dute».

EH Bilduk, berriz, sare sozialen bidez eman du bileraren berri. «Giro lasaian eta erabateko normaltasunean» egindako batzarra izan dela zehaztu du, «bi alderdiak euren kongresu organikoen ostean» egiten ari diren bilera sortaren barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.