Urte politiko berria hastear dela, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eztabaidagai izan daitezkeen zenbait auziari heldu die, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Horien artean daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa eta Osakidetzaren inguruko itun bat egiteko elkarrizketak. Lehenari dagokionez, Otegik aitortu du Justizia eta Giza Eskubideen Sailean izandako aldaketak «harritu» egin zuela, baina «legea betetzea» espero duela.
Otegi kritiko azaldu da EAJrekin, Eusko Jaurlaritza berria osatzeko orduan PSE-EEren esku uzteagatik Justizia eta Giza Eskubideen Saila. «[EAJk] Bere eskuetan mantentzeko bezain garrantzitsua eta delikatua da gaia», uste du Otegik, eta «arduragabekeriaren» erakusgarritzat jo du erabakia. Izan ere, aldaketarekin batera, Maria Jesus San Jose sailburu sozialistaren eta haren lantaldearen esku geratu dira, besteak beste, memoria gaiak eta euskal presoen espetxe egoeraren kudeaketa. Azken horri dagokionez, kargua hartu ostean egindako lehen adierazpenetan, San Josek adierazi zuen zera nahi duela, euskal presoek aitor dezatela «eragindako minaren injustizia sakona» espetxetik ateratzean.
Hala, jomugan jarri dira presoei ematen zaizkien hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak. Otegik, baina, adierazi du San Josek aipatutakoa ez dagoela legeetan ezarria, eta gehitu du «legea aplikatzea» dela sailburu baten betebeharra, eta ez inoren «desirak» betetzea: «Ez dugu espero legea zehatz aplikatzea besterik. Gure presoen eskubideak bermatzea». Hala, aste hasieran Sare Herritarrak adierazitakoaren bidetik, EH Bilduko koordinatzaileak azaldu du ehun euskal presok baino gehiagok betetzen dituztela hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzeko betebeharrak.
Otegik, baina, bestelako auziei ere heldu die elkarrizketan. Tartean, osasungintzaren inguruko «herri akordioa», Eusko Jaurlaritzak «lehentasun» gisa ezarri duena. EH Bilduko koordinatzailea «herri akordioen» alde mintzatu da: bai Osakidetzari lotutakoaren alde, bai autogobernuaren ingurukoaren alde. Halere, zehaztu du alderdi guztien «konpromisoa» behar dela horretarako.
Bide horretan, aldaketa bat sumatu du Iñigo Urkulluren gobernutik Imanol Pradalesenera: «Zuzenketa bat». Hori bai, uste du itxaron egin beharko dela ikusteko zuzenketa hori zenbaterainokoa izango den, eta, batez ere, ikusteko ea asmorik baden politika publikoak aldatzeko.
«Borondatea bada, akordioak egongo dira», azaldu du Otegik, osasungintzaren inguruko akordiorako elkarrizketak hizpide hartuta. Izan ere, uste du Eusko Jaurlaritzak ere «borondatea» erakutsiko duela, gizartea «haserre» baitago Osakidetzako zerbitzuen kudeaketarekin. Halere, uste du arazoa ez dela sei hilabetean konpontzeko modukoa; hain zuzen, Pradalesek epemuga hori jarri du akordio bat egiteko.
Eskuin muturra geratu beharra
Otegik Espainiako egoera politikoari ere erreparatu dio, eta esan egoera horretan «eskuin muturra geratzea» dela EH Bilduren lehen helburua, hura gobernura iristea delako «benetako arriskua». Horretarako, baina, «gobernu aurrerakoi bat» ez ezik «programa aurrerakoi» bat ere behar da, haren esanetan, eta horrek estatuaren izaera plurinazionala ere landu behar du: «Espainia estatu plurinazionala da; euskal herritarrek gure etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu».