Atzo goizean hainbat pintaketa agertu ziren Hondarribian (Gipuzkoa) Ertzaintzaren eta EAJren aurka. Besteak beste, «Cipallos. Alde hemendik», «Herria ez du barkatuko», «Hil PNV» eta «PNV borroka hasi da» zioten mezuak agertu ziren Alde Zaharrean.
Horien aurrean, EAJko, PSE-EEko eta EH Bilduko udal taldeek adierazpen instituzional baten bidez salatu dituzte pintaketak, eta adierazi dute horrelakoak «lekuz kanpo» daudela: «Baditugu bizikidetza demokratikoan gure ideiak askatasunean adierazteko bideak». Hiru indar politikoen arabera, «jokabide horiek gainditutzat» ematen zituzten: «Badugu gizartearen gehiengoaren irmotasunean, jarrera zibiko eta demokratikoan konfiantza gure hiriko bizikidetzari kalte egiten dioten gertakari horiekin amaitzeko».
Hala ere, herritar ugariri atentzioa eman die pintaketek dituzten akats ortografikoek, eta zalantzan jarri dute pintaketen egiletza. Sare sozialetan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak azaldu du Hondarribiko pintaketek ez dutela EH Bilduren «babes eta ulermenik», eta «cipallos» edo «hil pnv» bezalako adierazpideek «haien egiletzari buruzko arrazoizko zalantzak ereiten» dituztela: «Horiekin harremana dugula esaten duena gezurretan ari da».