Otegik EAJrekin ezarri nahi du estatus berri baterako «zoru amankomuna»

EH Bilduko koordinatzaileak uste du «estatus politikoaren urtea» izango dela aurtengoa. Hark eta Estebanek uste dute Madrilen egoera desegonkorra dela, baina gobernuarekin akordioak egiten segitzeko asmoa dute.

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko urtarrilaren 8a
12:05
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik uste du 2025a «estatus politikoaren urtea» izango dela. Haren esanetan, urte luzez gaiaren inguruan hizketan aritu ostean, testuingurua baliatu eta urratsak egiteko garaia da. Adierazi du Euskal Herri osoan dagoela eztabaida, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoeran egin du indar. Hiru lurralde horietan, EAJrekin «zoru amankomun bat» ezarri nahi du, ondoren akordioa zabaltzeko formulak topatzeko.

Bi dira urtea markatuko duten faktore politikoak, Otegik ETB1en egindako elkarrizketan azaldu duenez. Batetik, Euskal Herrian, «bere osotasunean», martxan dela estatus politikoaren inguruko eztabaida. Bestetik, Hego Euskal Herrian, eta «trantsizioaren eredua zalantzan dagoen honetan», alternatiba baterako bidea egin daitekeela.

EAErako estatus berriari erreparatuz, hura aurrera ateratzeko lehen urratsak Eusko Legebiltzarrean egin beharko lirateke. Han, Otegiren esanetan, desiragarria litzateke akordio zabal bat eskuratzea, PSE-EE eta ezker konfederala barne hartuta. Halere, hartara iristeko errealitatetik abiatu behar dela esan du, eta, haren hitzetan, errealitatea da «burujabetzaren aldeko gehiengoa erabatekoa» dela. Adibide gisa aipatu ditu hiru lurraldeetako batzar nagusiek erabakitzeko eskubidearen alde onartutako mozioak eta gehiengo sindikalaren jarrera. Horregatik, defendatu du lehen eginbeharra dela abertzaleen artean lan amankomun bat egitea.

Hortik aurrera, Otegik uste du akordio batek ezinbesteko zenbait oinarri izan behar dituela: Euskal Herriaren nazio izaera, aldebikotasunean oinarritutako harreman eredu berri bat, egungo erronkei erantzuteko adina botere politiko eta erabakitzeko eskubidea. «Zaila da? Bai, baina herri honek behar duena ere bada».

Hain zuzen, PSE-EEk argi adierazi du ez duela onartuko erabakitzeko eskubidea barne hartuko duen testurik. Horren inguruan galdetuta, Otegik erantzun du sozialistek erabakitzeko eskubidea defendatzen dutela, baina Espainiarena, eta hori aldatu behar dela: «Beraiek diote dute Espainiak erabaki behar dituela hainbat gauza Euskal Herriaren partez». Hala, akordiorako oinarria badagoela uste duen arren, ez ditu «espektatiba izugarriak» egin nahi izan.

EH Bildu eta EAJ, arduraz

Espainiako Gorteetako abagune politikoari begira, berriz, EH Bilduko buruak esan du Espainiako Estatuko egoera baliatu behar dela autogobernuaren auziaz hitz egiteko. Izan ere, gogoratu du Pedro Sanchez gobernuburuaren ordezko alternatibak —PP eta Voxen arteko gobernua— ez lukeela aukerarik emango. «EAJk eta guk oso garbi daukagu orain dela momentua», zehaztu du.

Otegik adierazi du EH Bildu eta EAJ direla Espainiako Gobernuarekiko harremanetan «arduratsuen» jokatzen ari diren bi taldeak, eta beste batzuk, berriz, nor bere interesen mesedetan ari direla. Hori inbestidurako blokerik ez izatearen ondorioetako bat dela azaldu du. Izan ere, azaldu du Moncloak balizko zenbait bazkide dituen arren, ez dagoela horiek batzen dituen gutxieneko akordiorik. Egoera horrek Espainiako Gobernua «desegonkor» egiten duela azaldu du.

EAJren Espainiako Kongresuko eledun Aitor Estebanek ere hizpide izan ditu Espainiako Gobernuarekiko harremanak, Euskadi Irratian. Hark esan du EAJk eta Sanchezen inbestidura babestu zuten beste zenbait taldek uste dutela «ahaleginean» jarraitu behar dela akordioak eskuratzeko, baina ez du uste Podemosek eta JxCk asmo bera dutenik. «Podemosek ez dakit zer egin nahi duen. Eta Juntsentzat oso garrantzitsuak dira Kataluniako dinamikak, eta Madrilera eramaten ditu».

Hala, Estebanek ez du baztertu aurten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egitea. Halere, uste du ez dela bozetarako deirik izango laster, eta balitekeela Sanchezek demoskopiaren arabera erabakitzea zer egin: «Ikusten badu emaitza onak lor ditzakeela hainbeste sozio behar izan gabe». Gakoetako bat izango da ea Moncloa gai den aurrekontuak aurrera ateratzeko; datozen asteetan helduko die berriz ere negoziazioei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.