politka

Otegik dio EAJko ildo batzuek EH Bilduk Autogobernu lantaldea uztea lortu nahi dutela

"Legebiltzarrak emandako mandatua errespetatzea da gure ardura; bete dugu eta beteko dugu", idatzi du, bere blogean. EH Bildu gehiago zabaltzearen alde mintzatu da Alternatiba.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, pasa den maiatzean, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
2019ko ekainaren 22a
07:41
Entzun

"Harrituta eta haserre" dago Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia EAJko ildo batzuekin, "harrokeriaz eta mespretxuz" hartu dituztelako bere taldeak Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldeaz egindako azken adierazpen eta proposamenak. "Jarrera oldarkorra" dutela deitoratu du Otegik, bere blogeko azken sarreran. "Inozoak gu, hauteskunde kanpainako estrategia baino ez zela uste genuen, eta, behin hauteskundeak igarota, bestelako posizio politikoa hartuko zuela". Susmoa du "Ajuria Eneko eta Sabin Etxeko sektore kualifikatu batzuei" ez zakiela "gehiegi gustatzen" EAJk eta EH Bilduk EAEko estatutu politiko berrirako adostutako Oinarriak eta Printzipioak, "eta orain, irainen eta probokazioen bitartez, EH Bilduk Autogobernu lantaldeko lanak alde batera uztea bilatzen dute".

Eusko Legebiltzarreko indar politiko bakoitzak izendatutako aditu bana dago estatutu politikoaren testu artikulatua idazteko lantalde teknikoan, baina epea agortu du, eta atzo parlamentuak onartu zuen azaroaren 30era arte zabaltzea. Otegik dio ez daudela ados epea zabaltzearekin, baina errespetatuko dutela. "Legebiltzarrak emandako mandatua bete du EH Bilduk, eta, ekarpen gisara, oinarrietan eta printzipio adostuetan oinarritutako artikulatua prestatu du. Ezarritako denborak eta edukiak errespetatuta egin du, eta adituen batzordeko gainontzeko kideen esku utziko du, eztabaidari eta adostasunak bilatzeari egiten dion ekarpen gisara. Legebiltzarrak emandako mandatua errespetatzea da gure ardura; bete dugu eta beteko dugu".

Ordea, Otegik azaldu du adituen taldeak ez duela "Oinarrien eta Printzipioen edukietatik harago doan akordioak garatzeko zilegitasunik". Halakorik egitea, "parlamentuak emandako mandatua gainditzea da". EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du balantze bat aurkeztu beharko litzatekeela, eta EAJri egotzi dio bilan bat ez egitea. "Zergatik ez du egin? Lanak ez direlako aurreratu".

Alternatiba, EH Bildu gehiago zabaltzearen alde

Alternatibak bere Batzar Nazionalean aipatu du "euskal ezkerraren erreferente nagusia" bilakatu dela EH Bildu, "gero eta pertsona gehiago" batzen ari delako, eta are gehiago indartzera dei egin du. "Zabaldu behar dugu euskal ezker subiranistaren eremua. Askotariko jatorria dutenen ezker hegemonikoa izatera heldu behar gara, EAJk eta PSEk ordezkatzen duten ereduarekiko proiektu desberdina martxan jartzeko gaitasuna duena".

Alternatibaren esanetan, hurrengo hilabeteetan EH Bildun "lan ildoak eta helburu argiak" ezarri behar dira, "kalean zein instituzioetan". Haren ustez, "eskumaren beldurra da EH Bilduk erakunde nagusietan gobernatzeko aukera izatea eta oso bestelako ereduak ezartzea,; alegia, aldaketaren motor izatea. Nafarroan beldur horren berri izan dugu egunotan. Horrek guztiak erakusten digu duela zortzi urte abiatu genuen bidea, euskal ezkerraren elkarlana sustatze aldera, fruituak eman dituela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.