Ezinezkoa izan da epaiketaren alde politikoa ezkutatzea. Han eta hemen agertu da, baita akusatuen azken hitzean ere. Arnaldo Otegik mezu argi bat zabaldu du, ezker abertzalearen mintzoaren inguruan sortzen den zarata eta manipulazioaren gainetik. Ezker abertzalearen egungo apustu politikoa berretsi du. «Guk bide politiko eta demokratikoen alde egin dugu apustua, guk errefusatu egiten dugu indarkeria erabiltzea proiektu politiko bat inposatzeko, irtenbide demokratikoen prozesu baten alde gaude». Hala, El País egunkariko elkarrizketan egindako «adierazpen guztiak» berretsi ditu, argi eta garden.
Imajinatzen zuen epaileak ez ziola utziko adierazpen politiko huts bat egiten. Horregatik, lehenik aintzat hartu du epaimahaiburuaren ahalegina izaera politikoa duten gaiak bereizteko izaera juridikoa dutenetatik, baina, aldi berean, ohartarazi dio tribunalari zeregin horrek «begi bistako zailtasunak» dituela gai politikoak auzitegietan amaitzen direlako. Halaber, bera auzitegietan maiz egotearen arrazoia sektore batzuen interesa dela nabarmendu du, gai politikoa eremu juridikora eramateko interesa. Hain zuen, Otegiren esanetan, «zaila da bereizketa hori egitea ekitaldi politiko huts bat terrorismoa goratzeko ekitaldi bihurtu nahi baldin bada».Sarrera hori eginda, Otegik errazago harilkatu zuen mezu politikoa, eta epaileak ohartarazi zionerako esana zuen nahi zuena.
Epailearen oharraren ondoren, Otegik elkartasunezko hitz batzuekin jarri dio amaiera epaiketari. «Azkenik, ezker abertzalearen partetik elkartasunezko mezu bat bidali nahi diot herri sahararrari independentziaren aldeko borrokan». Ikusle batzuek txalo egin dute, epailearen haserrea piztu araziz: «Kanpora! Kanpora ezazue publikoa, kanpora ezazue txalaparta antolatu duen zatia, txalo horiek… Auzia epaiaren zain gelditu da». Baina berehala ohartu da beste akusatuei ez diela aukerarik eman hitz egiteko. «Orduan, zuek ez duzue ezer esan behar…». Joseba Permachek eta Joseba Alvarezek jakinarazi diote bat egiten dutela Otegik esandakoarekin. «Tira, bat egiten duzue. Epaiaren zain gelditu da».
Otegik berretsi egin du bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustua
Otegiren, Permachen eta Alvarezen kontrako auzia epaitzeko zain gelditu da, auzipetuen azken hitzarekinGai politikoak saihesteko ahalegin berezia egin du Auzitegi Nazionaleko tribunalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu