EH Bilduk Hego Euskal Herriko dozenaka alkate elkartu ditu Iruñean gaur; besteak beste, koalizio subiranista «Euskal Herriko indar munizipalista handiena» dela erakusteko. Koalizio subiranistako koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik udal agintea dutenei hitz egin die topaketa horretan, eta esan die Euskal Herriko udalek «zeregin garrantzitsua» izango dutela berriro, «askapen nazionalaren defentsan», haren arabera «historian zehar» izan duten moduan. Gogoratu ditu 1931ko Lizarrako Estatutua, udalek bozkatua, bai eta 1976an alkateak Bergaran elkartu zirenekoa ere, «foruak guztiz berrezartzeko». Halaber, Udalbiltzaren eratzea nabarmendu du.
Euskal Herriaren orainaren eta geroaren analisi betean sartuta, berriz, Otegi «bi aldagai determinatzaileri» buruz aritu da: «politika neoliberalen porrotaz» eta «eredu autonomikoaren agortzeaz». «Kapitalismoak eraman gaitu segurtasunik gabeko planeta batera. Ez dute ezer konpondu: ez etxebizitza, ez hezkuntza… Politika neoliberalak ez badira gainditzen, ezin da ezer konpondu». Gerrak aipatuz, erantsi du eredu horrek segurtasun falta areagotu duela, baita bidegabekeria gehiago eta beldur handiagoa ekarri dituela ere. Otegik adierazi du «politika neolibera horiek» aldatu egin behar direla, ez dutela balio genero arrakalari erantzuteko. Finean, «jendearen interesak alde batera» uzten dituzten politikak dira, EH Bilduko buruaren ustez.
Eredu autonomikoa
Bigarren aldagaiari helduz, Otegik azaldu du eredu autonomikoak «porrot» egin duela. «Ez dugu esaten ez duela ezertarako balio izan», argitu du; «esan nahi dugu orain ez duela balio euskal herritarren eskubide nazionalei erantzuteko». Alde horretatik, alkateei ohartarazi die udalei «egokituko» zaiela «hurrengo urteetan ere eskubide nazionalen alde egitea».
«Bai, obsesio identitario handiak ditugu: etxebizitza, osasuna eta hezkuntza, adibidez»
ARNALDO OTEGIEH Bilduko koordinatzaile nagusia
Baina, «neoliberalismotik urrun» dauden politikak ezartzeko lana ere badutela gogoratu du. «Herritarrak erdigunean jarrita» ari dira EH Bilduk gidatzen dituen udaletan, Otegiren esanetan. «Eliteen alde ez, baizik eta jendea zaintzeko» gobernatzen du koalizioak udaletan, haren arabera. Eta PSE-EEk abertzaleei erreparatuz maiz helarazten duen «obsesio identitarioaren» kritikari emandako erantzun baten itxura hartu du segidan esan duenak: «Bai, obsesio identitario handiak ditugu: etxebizitza, osasuna eta hezkuntza, adibidez».
Iragarri du aurrekontuen eztabaida hasten denean, herrialde osoko udaletan, EH Bilduko alkateek mahai gainean jarriko dutela inbertsioak non egin nahi dituzten: «Argi dugu diru publikoak joan behar duela jendearen beharrizanak asetzera». Eta nolabaiteko gida eman die alkateei haien kudeaketari lotua: «Hiru hitz: ardura, konpromisoa eta konpromisoa. Eta hori guztia irribarre batekin».