EH Bilduk zuzendaritza berritzeko proposamena helarazi zien militanteei atzo. Idazkaritza nagusia bostek gidatuko lukete, Arnaldo Otegi buru dela. Gehienak emakumeak dira, eta batez besteko adina 47 urtekoa da. Otegik esan du zuzendaritza jada «belaunaldi berri batek» hartuko duela.
Naiz irratian elkarrizketa egin diote Otegiri, EH Bilduko koordinatzaile nagusi gisa, baina, proposatu duten planteamendua aurrera ateraz gero, idazkari nagusi bilakatuko litzateke. Alboan izango lituzke beste lau idazkari nagusi: Sonia Jacinto Antolaketa idazkaria, Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkaria, Nerea Kortajarena Programa idazkaria eta Gorka Elejabarrieta Harremanen idazkaria.
Otegiren esanetan, egunerokoan sortzen diren erronkei «modu eraginkorrean» erantzutea izango dute helburu idazkaritza horien bitartez. Mahai politikoak, berriz, asti handiagoarekin aztertuko ditu gauzak, eta «termino estrategikoetan» erantzun.
Pello Otxandiano izan da orain arte programa arduraduna, baina, Otegik argudiatu duenez, Otxandiano da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako «erreferentzia politiko instituzional nagusia» haientzat, lehendakaritzarako «gaitasuna du», gainera, eta, beraz, ez dute egokitzat jo ardura organiko bat izatea. Hartara, Kortajarenak hartuko du Otxandianok orain arte izandako ardura.
Eredu berriaren arabera, beste bost sail izango dira idazkaritzaren barruan. Mahai Politikoaren proposamena ontzat joko balitz, Unai Urruzunok hartuko luke Politika Instituzionaleko Saila, Onintze Oleagak Udalgintza, Imanol Nietok Eraketa, Igor Zulaikak Nazioarteko Harremanak eta Gari Mujikak Komunikazioa. Horiek aukeratzeko prozesua indibiduala izango da.
Horiekin batera, Idazkaritzako kide izango dira Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako arduradun politikoak eta Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko eledunak; Otxandiano eta Laura Aznal, hain zuzen. Lau lurraldeetarako proposatutako arduradun politikoak, berriz, hauek dira: Iban San Saturnino Arabarako, Nahia Sanz Bizkairako, Nekane Zinkunegi Gipuzkoarako eta Miren Zabaleta Nafarroarako.
III. Kongresua, Iruñean
Horiek ez ezik, beste 21 lagunek ere osatuko lukete mahai politikoa. Bozketa prozesua otsailaren 6tik 8ra egingo dute, eta 8an bertan bukatuko dute berritze prozesua, III. Kongresua egingo baitute Iruñeko Baluarten.
Bestalde, Otegik esan du estatus politiko berria lortzea dela datozen bizpahiru urteetarako erronka nagusia. Uste du autonomia ereduak porrot egin duela, eta politika neoliberalek amaitu egin behar dutela: «Horri aurre egiteko etxea eraikitzen ari gara». Hori izango da arduradun berrien erronka nagusia, haren esanetan.