Otegi Sorturen gidaritzan nahi dute militante askok

Parte hartu dutenek 400 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkiete Sorturen oinarri ideologikoei

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Sorturen eratze prozesuan parte hartzen ari diren ezker abertzaleko oinarrietako herritar askok Arnaldo Otegi alderdiko zuzendaritzan egotea nahi dute, nahiz eta ezker abertzaleko buruzagia preso egon. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak azaldu duenez, «dozenaka hautagairen alde» bozkatu dute herriz herri eta auzoz auzo egiten ari diren batzarretan. «Batzarretan proposatu diren dozenaka izen ditugu dagoeneko. Horien artean nabarmentzen direnetako bat da Otegi», esan du Ugarteburuk. Zehaztu du oraindik ez dutela bozketarik egin, hori otsailean egingo dutela, eta izendapena Sorturen eratze kongresuan egingo dutela.

Ugartebururen hitzetan, alderdiaren eratze prozesuan parte hartzen ari direnek nahi dute Otegik «arduraren bat» izatea Sortun. «Nahiz eta jakin hori oraingoz ez dela posible, modu sinbolikoan haren izena jarri dute», azaldu du.

Sortzaile prozesuaren barruko oinarri ideologikoen eztabaidan, bestalde, 400 zuzenketa baino gehiago egin zaizkio hasierako egitasmoari; horiek 33 arlori egindako 90 zuzenketetan barnebildu dituzte. Arlo horietako 15etan hasierako proposamenari eutsi zaio, eta 18tan zuzenketen bidez proposatutakoa onartu da.

Txostenak, besteak beste, Euskal Estatua sortzea proposatzen du, eta herritarrei galdetzea Europako Batasunean sartu edo ez. Sozialismoa ulertzeko modu desberdinek Sortun lekua dutela ere onartu dute, «betiere, printzipio minimo batzuen barruan». Euskarari dagokionez, txosteak dio euskal estatua «euskararen iraupenerako oinarrizko tresna dela, baina ez nahikoa». Baita hau ere: «Euskara izango da euskal estatuaren bermea».

Sexu askatasunari eta antimilitarismoari dagozkien bi proposamen gehitu zaizkio txostenari. Bigarrenari dagokionez, honela dio: «Antimilitarista gisa definitzen du bere burua Sortuk. Horrela, lehenik eta behin Euskal Herrian finkaturik dauden okupazio indar militarrek alde egitea du helburu. Era berean, NATOtik kanpo kokatuko luke bere burua euskal estatuak, eta ez luke armada baten sorrera bultzatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.