«Klase ertaina behera begiratzen hasi da, eta ez gora; proletarizazio prozesu batean dago. Konturatzen dira gu bizi garena baino okerrago biziko direla, eskubide gutxiagorekin eta beldur handiagoarekin». Arnaldo Otegiren hitzak dira, Maiatzaren lehena dela eta sare sozialetan argitaratu duen bideoan esandakoak.
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak «gizateriaren inguruko bere gogoetak» partekatu nahi izan ditu. Gogorarazi du garai historiko batean, langileek kontzientzia mota jakin bat ez ezik, «gizarte eredu alternatibo bat» ere irudikatzen zutela: «Ezkerrak askatasunaren beste zentzu bat berreskuratu behar du, diruarekin bakarrik erosten den askatasuna ez baita askatasuna, pribilegioa baizik». Horrek konponbide bakarra duela uste du Otegik: ezkerreko proiektu alternatibo bat.
Egungo egoerari dagokionez, «orain arte gizateriaren historian gertatu ez diren hiru aldaketa handi» hautematen dituela adierazi du Otegik. Batetik, esan du aztarna ekologikoak arriskuan jartzen duela planetako bizitza. Bestetik, azaldu du orain arte munduko potentzia ekonomikoak potentzia militarrak ere bazirela, baina litekeena dela datozen urteetan «potentzia hegemonikoa Txina izatea eta potentzia militar hegemonikoa AEBak izatea».
Eta, azkenik, Otegiren iritziz «ezkerrak egoeraren irakurketa egokiak egin ditzan erabakigarria» den faktore bat ere bada: «Klase ertain autopertziatu hori beherantz begiratzen hasi da, eta ez gora; proletarizazio prozesu batean dago. Konturatzen dira gu bizi garena baino okerrago biziko direla, eskubide gutxiagorekin eta beldur handiagoarekin».
«Bizitzea egokitu zaigun aroa definitzeko esaldi bat badago, gazteek asmatu zutena: hau da dagoena. Ezkortasun horren aurrean, ezkerrak hau da aldatu behar dena esan behar du». Euskal Herrian aldaketa hori ezartzeko aukera badagoela uste du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.