Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari eginiko elkarrizketa bat argitaratu du koalizio subiranistak. Bideoak irauten dituen hogei minutuetan, gaurkotasunari heltzen dio Otegik, baina, nagusiki, EH Bilduren proiektuaz dihardu epe motzera, ertainera eta luzera.
Besteak beste, Espainiaren egoeraz hitz egin du Otegik. Azaldu du Espainian badagoela «egiturazkoa eta historikoa den joera bat: autoritarismoarena, pentsatzen duena arazoei aurre indarrarekin egiten zaiela». Egungo gobernua «aukera leiho bat» izan daitekeela gehitu du: «Badakite ezker independentista euskalduna edo katalana ez gaudela erregimena salbatzeko».
Jarraian, euskal errepublikaz hitz egin du: «Bitartean, zer?». Azaldu du, batzuen iritziz, Espainiako egungo gobernua dela zerbait adostua lortzeko azken aukera, baina berak ez duela hala pentsatzen: «Beraien azken aukera da: halako gobernu batek ez badu erakusten gauzak egiteko gai dela, beraiek galtzen dute». Madrilen zertarako dauden azaldu du Otegik, eta «gutxiengoen programa bateratua» defendatu du.
Etorkizunaz hitz egin du jarraian, ezkerrak boterea lortzeko behar duenaz, eta «herri gehiengoaz» hitz egin du, aldaketak pixkanaka egiteaz. Adibidetzat mugimendu feminista jarri du: «Hegemonia kaleetan lortu dute lehenbizi, eta erakundeetan gero»
EAJren aliantza sistemaz hitz egin du, eta etorkizunean, gobernura iritsiz gero, EH Bilduk proposatu behar dituen sistema berriez: zaintza sistema, osasun sistema, polizia eredua... akordio zabalen apustu argia egitea dutela adierazi du EH Bilduko idazkari nagusiak.