EH Bilduk milaka lagun elkartu ditu Iruñean, Nazioa gara lelopean. Euripean, manifestariei mintzatu zaie Arnaldo Otegi, koalizioko koordinatzaile nagusia. Euskara eta gaztelania txandakatuz, gogorarazi du Aberri Egunean urtero aldarrikatu behar dela euskaldunak euskaldun garela, «aldarrikapen erradikal, demokratiko eta herritar bat» baita hori: «Ez gara ez frantsesak ezta espainiarrak ere!».
Otegiren aburuz, emakumeen eta gazteen arazoek Euskal Herrian dute konponbidea, EH Bilduren proiektu nazionala hemen garatzen delako. Gogorarazi du koalizioaren proiektua antimilitarista eta antiimperialista dela, Euskal Herriak ezezko botoa eman ziola NATOri; eta, «gerra hotsak ozen entzuten diren garaiotan», armagabetzea, bakea eta subiranotasuna eskatu ditu herri guztientzat. Proiektu internazionalista direla ere azpimarratu du Otegik, palestinar herriari elkartasuna adierazi aurretik.
Nola ez, keinu bat egin die Eusko Legebiltzarrerako bozei. Esan du «ziklo politiko berri bat» abian dela Euskal Herrian, eta «pazientzia estrategikoa» duten arren, etengabe ari direla urratsak egiten. Nabarmendu du gobernu eta estatu bokazioa duela EH Bilduk: «Gobernuetara heltzen ari gara, eta hortik Euskal Errepublikarantz bidea egitea egokituko zaigu». Entzuleak seinalatuz, esan du herritarrek eman diotela bidea ziklo aldaketa horri, eta eurek bultza besterik ez dutela egiten.
Zintzo jokatzeko eta eztabaida politikoaren maila igotzeko eskatu, eta «gora Euskal Herria askatuta! Al tajo! [lanera]» oihu eginez amaitu du hitzaldia.
Egun osorako egitaraua prestatu du koalizio subiranistak. Eguerdian egin duten manifestazioa Golem zinemetatik hasi da, eta ekitaldi politikoa Antoniuttu parkean izan da.
Uztaritzen
Subiranistek Uztaritzen (Lapurdi) ere bazuten deialdi bat. Goizean Bagira prozesuaren ondorioen eta aurrera begirako bide orriaren aurkezpena egin dute. Han izan dira zenbait eragiletako ordezkariak: EH Bai, EH Bildu, LAB eta ELA sindikatuak, Gure Esku, Udalbiltza, Alda mugimendua...
Eguerdian egin dute manifestazioa, Herriaren bidea burujabetza! lelopean. Ehunka lagun elkartu dira.
Euskal Herriaren askatasuna irabazteko anbizioa dugu!
— bagira (@bagira_eus) March 31, 2024
Herri bidean aitzina goaz! pic.twitter.com/Dxpfl9Jk2K