Otegi, Garmendia eta Elkoro ez direla epaitu behar uste du fiskalak

Hiru lagunak herriko tabernen auzitik kanpo uzteko eskatu zuen defentsak, lehen ere epaitu dituztelako delitu beragatikEpaileak hartuko du azken erabakia, urriaren 17an epaiketa abiatu aurretik

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro eta Joseba Garmendia 35/02 auzitik kanpo uztearen alde azaldu da Vicente Gonzalez Mota Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala. Alegia, urriaren 17an hasiko den epaiketan hiru horiek ez direla akusatuen aulkian eserarazi behar uste du. Haiek ez epaitzeko eskatu zuen defentsak, lehendik ere epaituta daudela argudiatuta, eta hori argudio egokia dela dio fiskalak. Orain, epaiketa egin behar duen zigor salako epaimahaiaren esku geratuko da azken erabakia.

Hiru lagun horiek aurretik ere epaituta daude, Espainiako Auzitegi Nazionalean bertan, «talde terroristako kide» izatea egotzita. Eta Espainiako legediaren arabera, ezin da inor bi aldiz epaitu delitu bera egitea egotzita. Beraz, haiek auzitik kanpo uztea eskatzeko orduan, defentsek arrazoia dutela esan dio fiskalak epaiketa egin behar duen auzitegiari. Bateragune auzian epaitu eta zigortu zuten Otegi, 18/98 auzian Jose Luis Elkoro, eta Udalbiltza auzian Joseba Garmendia. Hamar urteko zigorra betetzen arida Otegi —Konstituzionalak azken helegiteari buruzko erabakia hartu behar duen arren preso dago—, hamabi urtekoa Elkoro —etxean dago preso, gaixo dagoelako—, eta Garmendia absolbitu egin zuten, Udalbiltza auziko gainerako auzipetu guztiak bezala.

Laugarren lagun bat auzitik kanpo uzteko ere eskatu zuten defentsek: Joseba Imanol Kortazar. Hura ere «talde terroristako kide» izateagatik epaitu eta zigortu zuten. Fiskalak, baina, ez du haren inguruko iritzirik azaldu, epaitu eta zigortu zutela erakusten duten agiriak falta baitzaizkio. Nolanahi ere, Kortazarrek agiri horiek aurkezten dituenean, hura ere auzitik kanpo uzteko eskatuko du Gonzalez Mota fiskalak. ETAko kide izatea egotzita Frantzian bete zuen zigorra Kortazarrek, eta Frantzian leporatutako zigor berberagatik, ezin dute Espainian ere preso sartu.

Beraz, pentsatzekoa da udazkenean Madrilgo San Fernando de Henaresen abiatuko duten epaiketan hasieran epaitu behar zituzten 40 lagunak epaitu beharrean 36 epaitzea, harritzekoa bailitzateke epaileak kontrako erabakia ematea fiskala eta defentsa ados badaude.

Honela dio fiskalak atzo aurkeztutako idatzian: «Akusazioa mantentzea posible da talde batetik bestera ustezko aldaketa badago, kausazko lotura hautsita, haustura hori ezinbestekoa izanda, berriro ere zigorrerako bidea hartzeko». Defentsek epaiketara ez eramateko eskatu duten lau lagunen kasuetako inon ez dela halako hausturarik gertatu gaineratu du Gonzalez Motak eta, beraz, ezin direla epaitu uste du.

Nolanahi ere, erakunde armatuko kide izateagatik ETAkoak ez ezik, «helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabileran osagarri izatea inputatzen zaien taldeetako kideak» ere epaitu eta zigortu daitezkeela azpimarratu du.

Izan ere, aldaketarik ezean, ETAko kide izan gabe «talde terroristako» kide izatea egotzita epaituko dituzte 40 lagun herriko tabernen auzian. Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna alderdietako kide gisara, herriko tabernak kontrolatu, eta haien bitartez ETA finantzatzea egotzita eramango dituzte epaiketara. Auzia abiatu eta 11 urte pasatu direnean, eta ETAk jarduera armatua uzteko erabakia hartuta daukanean egingo dute epaiketa.

40 lagunen deklarazioarekin abiatuko dira auzi saioak urrian, eta, haien ondoren, arduradun zibil izatea egozten zaien herrikoetako arduradunek deklaratuko dute. Auzipetuentzat zortzi eta 12 urte bitarteko zigorrak eskatzen dituzte. Herriko taberna eta elkarteetako arduradunei, berriz, ezin diete zigorrik jarri, ez baitituzte beraiek epaitzen.

Hain justu, aste horretan bertan hasiko da San Fernando de Henareseko auzitegian, 40 gazteren kontrako epaiketa ere. Lan politikoa egiteagatik Segiko kide eta «talde terroristako kide» izatea egotzita epaituko dituzte. Epaiketokin «konponbide baketsua» trabatu nahi izatea aurpegiratu zieten auzipetuek Espainiari. Elkartasunetik konpromisora jauzi egiteko garaia dela esan zieten herritarrei, eta, manifestazio nazionala antolatu dute urriaren 26rako, Bilboko kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.