Otegi: «Euskal presoen arazoaren konponbidea bizikidetzarako inbertsio moduan ulertu behar da»

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak defendatu du «2050. urtean euskal presoak egoteak» ez liokeela mesederik egingo bizikidetzari. «Denbora asko daramagu kontakizunak aurpegiratzen».

Arnaldo Otegi Bergaran egindako ekitaldi politiko batean, aurreko astean. JON URBE / FOKU
Arnaldo Otegi Bergaran egindako ekitaldi politiko batean, aurreko astean. JON URBE / FOKU
xabier martin
2024ko urriaren 21a
12:20
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik azaldu du «kartzelan preso politikorik ez egotea» bizikidetzarako «etorkizuneko inbertsio bat» dela. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, gizarteari eskatu dio apustu egin dezala «ahalegin bat egitearen alde, ulertzeko» euskal presoen «arazoaren konponbideak» lagundu egingo duela bizikidetzan, «biktimen memoria» lantzeak bezala.

Edonola ere, berretsi du ez Espainiako Gobernuak eta ez beste ezein alderdik ez dutela negoziatu EH Bildurekin Espainiako Kongresuan onartu den espetxe zigorren inguruko legearen inguruan; Europako Batasuneko transposizio horrek baliogabetu egin du euskal presoen zigorra luzatzeko indarrean egon den salbuespenezko zenbatzeko modua. «Egoera zuzendu: hori besterik ez da egin», esan du Otegik. «Ez diote inori zigorra arindu, baizik eta aintzat hartu dira Frantziako kartzeletan betetako urteak».

EH Bilduko buruaren arabera, sortu den «polemika alde batera utzita», ondorio batera iritsi behar da: «Herrialdearen bizikidetzarako eta etorkizunerako inbertsio moduan ulertu behar dira euskal presoen arazoaren konponbidea, memoria eta biktimekiko errespetua». Hori da koalizio subiranistaren tesia: «Denbora asko daramagu kontakizunak aurpegiratzen».

Onartu du gaur egungo egoerak, kontakizunak direla-eta, luze jo dezakeela. «Bakoitzak kontakizun bati eutsiko dio, gauzak modu batera ikusiko zituelako», baina «ahalegin bat» eskatu du «ulertzeko geroa ez datorrela dinamika horrekin». Hori dela eta, Otegik uste du euskal presoak ez egoteak izan behar duela «geroa». Galdetu du horren alternatiba izan ote daitekeen «2050. urtean ere presoak egotea»; «ez dakit zer-nolako mesedea egingo liokeen horrek bizikidetzari».

Heroiak eta maltzurrak

Erantsi du «oso ondo» ulertzen duela «mundu guztiaren sentipenak errespetatu» behar direla, «emozio guztiak», eta uste du «norabide horretan ahalegin bat egin beharko» litzatekeela. «Uste dut gizarte hobea egingo genukeela denok gai izango bagina ulertzeko hau inbertsio bat dela etorkizunari begira, eta etorkizuna egonkortu egin behar dela horri soluzioa ematen zaion heinean».

Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonsok berriki azaldu du «gizarte heldu batek» ezin duela jarraitu «heroiak eta maltzurrak oinarri dituzten kontakizunekin», eta Otegi bat etorri da tesi horrekin: «Gauzak soiltzeak analisi politikoak ezeztatzen ditu, aintzat hartu behar diren hausnarketak, ñabardura asko eta ertzak». EH Bilduko buruak gaineratu du ezin direla gauzak soildu «hau Far West izango balitz bezala», eta Euskal Herriko historiari erreparatu dio azaltzeko «mendeetakoak» direla «konbultsio politikoak». «Soluziorik eman ez zaion arazo nazional bat egon da beti oinarrian, hemen gatazka politiko bat baitago, bi estatu daudenez nazio gisa aitortzen ez gaituztenak eta erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez dutenak».

Urriaren 12an, Guardi Zibilak erakustaldia egin zuen Gasteizen, hiriaren erdigunean, eta EH Bilduko koordinatzaile nagusia ez dago ados horrelako ekitaldiak normalizatzearekin. «Eusko Jaurlaritzaren txosten bat dago esaten duena milaka pertsona torturatu dituztela, besteak beste Guardia Zibilak, eta ez nago ados horrelako ekitaldiek bizikidetza eraikitzen dutela esaten dutenekin. Aitzitik, normalizatu ezin dena normalizatzen saiatzen ari dira».

Aurrekontuak

Beste alde batetik, EH Bilduk aurrekontu orokorren inguruan EAJri eta PSE-EEri egindako proposamen orokorra «geratzeko» iritsi dela ziurtatu du Otegik, eta aurten akordioa lortu ala ez erakundeetan, datorren urtean berriro mahai gainean egongo dela adierazi du. «Azkenean, aterako da», aurreikusi du. «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako finantza baliabide guztiak batzeko ahalegina» egin behar dela esan du, «kutxa komuna» egin dadin.

EAJko bozemaraleak helarazten ari direna aintzat hartuta, ordea, ez du ematen erraza denik aurrera ateratzea aurrekontuen inguruko itun proposamen orokorra. Joseba Diez Antxustegi bozeramaile jeltzaleak esan du EH Bilduren proposamena ez dela iritsi «diskrepzioarekin eta elkarrizketa zintzoen bidez», eta, horregatik uste du modu horretan iristen diren proposamenak ez direla «normalean» aurrera ateratzen. Erantsi du EAJ ez dela «mesfidantzarekin« aritzen den alderdia, baina onartu du «zalantzak» dituela EH Bilduren «benetako» asmoen inguruan, aurrekontuen proposamena dela eta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.