Otegi epaitzeko Angela Murillo ez dela inpartziala dio epaile batek

Boto partikularra atera du Martinez epaileak, baina Salak erabaki du Murillok epaituko duela 'Bateragune auzia'

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Angela Murillok ez dauka behar besteko inpartzialtasuna Arnaldo Otegi epaitzeko. Hala uste du Javier Martinez Lazaro epaileak, eta hala jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko 69ko areto bereziak ateratako ebazpenaren aurrean idatzitako boto partikularrean. Nolanahi ere, aretoaren gehiengoak kontrako iritzia du, eta Angela Murillok, Teresa Palaciosek eta Juan Francisco Martelek osatutako tribunalak epaituko du Bateragune auzia.

Jose Mari Sagardui Gatza preso zegoenean haren aldeko ekitaldi batean parte hartzeagatik «terrorismoa goratzea» egotzita epaitu zuen Angela Murillo buru zuen epaimahaiak Otegi. Galdetu zion ea ETAren indarkeria gaitzesten duen. Otegik, galdera ez erantzuteko eskubideari eutsi zion, eta epaileak honako hauxe esan zion: «Banekien nik ez zeniola galdera horri erantzungo». Auzi hartan bi urteko zigorra jarri zioten Otegiri, baina hark helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, epaileak ez ziolako eutsi beharrezkoa den «partzialtasunari». Gorenak arrazoia eman zion Otegiri, eta epai hori baliogabetu eta epaiketa berriz egiteko agindu zuen.

Bateragune auziko epaiketarako ere epaimahai berbera izendatuta dagoela ikusita, haiek errekusatzea erabaki zuen Otegiren defentsak, epaimahaiaren «partzialtasuna» zela medio. 69. artikuluari buruzko aretoak ez dio arrazoirik eman. Hau beste auzi bat dela eta kasu honetan partzialtasunik ez dela ikusi argudiatu du.

Bederatzi epailek babestu zuten erabakia, eta kontrako iritzia azaldu zuten bi epailek. Haietako batek, Javier Martinez Lazarok, boto partikularra egin du publiko. Murillo ez beste bi epaileen inpartzialtasuna ez du zalantzan jarri, baina Murillorena bai. Arrazoitu du aurrekoarekin «harreman estua duten» akusazioa dagoela Otegiren aurka —ETAko kide izatea egozten diote orain—, eta Gorenak aurreko auzian arrazoitutako partzialtasuna auzi honetan ere badagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.