EH Bilduko kideak Puigdemontekin elkartu dira, Euskal Herriaren eta Kataluniaren erronken inguruan hausnartzeko

Waterloon egindako bileran, EH Bilduko eta Juntseko ordezkariek egungo egoera politikoari buruzko iritzia eman diote elkarri, eta «Euskal Herriak eta Kataluniak nazioarteko testuinguruan» dituzten erronken inguruan hitz egin.

Waterloon elkartu dira gaur Arnaldo Otegi, Carles Puigdemont eta Gorka Elejabarrieta. EH BILDU
Waterloon elkartu dira gaur Arnaldo Otegi, Carles Puigdemont eta Gorka Elejabarrieta. EH BILDU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko martxoaren 25a
20:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyako liderrarekin elkartu dira gaur EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegi eta harremanen idazkari Gorka Elejabarrieta, Waterloon (Belgika). Bi orduko bilera egin eta gero, koalizio abertzaleak jakinarazi du bai Juntsek bai EH Bilduk konpromisoa hartu dutela «atsedenik gabe» lanean jarraitzeko «Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskubide politiko, kultural eta linguistikoak aitortuak, errespetatuak eta bermatuak izan daitezen».

Elkarri egungo egoera politikoari buruzko iritzia emateko ere baliatu dute gaurko bilkura, eta «Euskal Herriak eta Kataluniak nazioarteko testuinguru aldakor, konplexu eta ziurgabean dituzten erronken inguruan» hitz egiteko. Europako erakundeak ere izan dituzte hizpide: «testuinguru geopolitiko berria ikusita» nola jokatu behar duten hausnartu dute, baita Europako Batasunak bere gain hartu behar duen autonomia estrategikoaz aritu ere.

EH Bilduren III. Kongresuan, koalizio subiranistako idazkari nagusi izendatu zuten Otegi, eta zortzi urteko agintaldiari segida eman dio hala. Bilera sorta bat abiatu zuen orduan, eta horren parte izan da gaurkoa. Izan ere, ordutik Bruselara egin duen lehen bidaia izan da, eta Puigdemontekin elkartzeko aprobetxatu du, Elejabarrietarekin batera.

EH Bilduren eta Juntsen ordezkariek adostu dute «elkarrizketa bideak eta harremanak irekita» mantentzea, «Euskal Herritik eta Kataluniatik datozen erronkei aurre egiteko asmoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.