Otegi: «EH Bilduk ez du inola ere gastu militarra areagotzea babestuko»

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du ez duela Europa berrarmatzea babestuko. Batasunaren «subiranotasun estrategikoa» defendatu du, eta iritzi dio Errusiarekin ituna egin behar dela bi aldeen «bakea eta oparotasuna» bermatzeko.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia. JON URBE / FOKU
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia. JON URBE / FOKU
aitor biain
2025eko martxoaren 20a
12:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasunak erabaki du jada bere burua «berrarmatzea», baina gastu militarra areagotzeko estatu kideen babesa behar du. Espainiako Gobernuak oraingoz babes gutxi bildu du. EH Bilduk gaur argitu du bere jarrera, Arnaldo Otegi koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusiak iragarri baitu ez duela berrarmatzea «inola ere» babestuko: «Ez dugu gastu militarra areagotzea babestuko».

Otegiren ustez, ezkerrak «serio eta zehatz» heldu behar dio eztabaida horri, eta gogorarazi du haiek hasieratik salatu zutela Errusiak Ukrainari egin zion erasoa. Adierazi du «diplomaziaren eta negoziazioaren» aldeko apustua egin zutela, lasterketa militar bat areagotzeak ez ziolako inori onik egingo. «Beste batzuek kontrakoa esan zuten».

«Zertarako berrarmatu nahi dugu? Armak ekoitzita egin nahi diogu aurre gainbehera ekonomikoari? Eta armak ekoitzi, zertarako? Zer proiektu defendatzeko? Eta noren aurka egiteko?», itaundu du Otegik. Eta azpimarratu du EH Bilduk ez diola Europaren etorkizunari bisaia horretatik begiratzen: «Historian, Europa berrarmatu izan denean, kontua ez da ongi amaitu».

Otegiren arabera, azpiegitura estrategikoen zibersegurtasuna bermatzea beste eztabaida bat da. Haren ustez, Europak «subiranotasun estrategikoa» lortu behar du, eta nazioartean bere posizionamendua indartu. Baina azpimarratu du Europaren proiektu politikoaren ardatzak hauek izan behar dutela: aberastasuna banatzea eta estaturik gabeko nazioak errespetatzea. Gainera, adierazi du Europak ituna egin behar duela Errusiarekin, bi aldeei «bakea eta oparotasuna» emango dien «segurtasuna» bermatu ahal izateko.

«Benetan norbaitek uste du Europaren etorkizuna gastu soziala murriztea eta armak egitea dela? Astakeria hutsa da hori pentsatzea»

ARNALDO OTEGIEH Bilduren koordinatzaile nagusia

Horregatik iritzi dio «akats estrategikoa» dela lasterketa militarra areagotzea. «Erabakiak oso arin eta termino taktikoetan hartzen ari dira», kritikatu du. Eta gogorarazi du Europak jada erronka handiak dituela, auto elektrikoak eta trantsizio energetikoa, kasurako. «Lehen austeritate arauak zeuden, eta orain ez dago arazorik nahi beste gastatzeko. Benetan norbaitek uste du Europaren etorkizuna gastu soziala murriztea eta armak egitea dela? Hori pentsatzea astakeria hutsa izateaz gain, jendearen kontura barre egitea ere bada».

«Antimilitaristak»

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, galdetu diote indarkeriaren aurkako jarrera hori ez ote den kontraesanezkoa gatazka garaian ezker subiranistak izan zuen jarrera kontuan hartuta. Otegik erantzun du bi gaiak alderatzea «markoa desitxuratzea» dela: «Gu beti izan gara antimilitaristak». Eta gogorarazi du EH Bilduk egin zuela indarkeriaren aurkako adierazpena. «Harritzen nauena da batzuek orain indarkeriaren erabilera masiboaren alde egitea; arazoa beraiek dute, eta ez guk».

Nabarmendu du, halaber, Euskal Herriak «ezetz» esan ziola NATOn sartzeri, eta, beraz, inork ezin duela euskal herritarren ahotsa aliantza militarraren intereserako erabili. «Baina ez EH Bilduk esaten duelako, herri honek hala adierazi zuelako baizik», zehaztu du. Horregatik uste du kontrako jarrera erakutsi dutenek herritarrei azalpenak eman behar dizkietela: «Egin dezatela erreferendum bat eta utz diezagutela botoa ematen. Guk NATOren aurka egingo dugu beti».

BAIKOR DA ESTATUTU BERRIAREKIN

Elkarrizketan beste gai batzuk ere izan ditu hizpide Otegik. Estatutu berriaren negoziazioaz, esaterako, esan du lor daitekeela EAJ-PSE-EH Bildu ituna: «Salto bat egiteko aukera daukagu». Izan ere, uste du sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak euskal nazioaren aitortza onartu izana «aurrerapausoa» dela. Aitzitik, iritzi dio jeltzaleek eta sozialistek Ahal Dugu-rekin adostutako zerga berrikuspenak ez diola garai honetako beharrei erantzuten.
Kritiko azaldu da, halaber, energia berriztagarriez Eusko Jaurlaritza egiten ari den kudeaketaz. Hari egotzi dio, hain zuzen ere, Arratzua-Ubarrundiako (Araba) EH Bilduko hiru zinegotzik dimisioa eman izana. Izan ere, Otegik azaldu du kudeaketa hori ezin dela udalen esku utzi, ez dutelako proiektuez erabakitzeko eskumenik: «140 proiektu daude hiru lurraldeetan, eta mundu guztiak daki gehienak ez direla egingo, baina horrek atsekabea sortzen du».
Azkenik eskatu du, Kataluniaren gisan, migrazio eskumenak Hego Euskal Herriko erakundeen esku uzteko: «Eskumenak behar ditugu bertan geratuko den jendearentzat, eta gure lurraldetik Europara bidean pasatuko direnentzat». Eta esan du babestu egingo dutela adingabe migratzaileak erkidegoen artean banatzeko akordioa.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.