EH Bilduko buru Arnaldo Otegik «berdinen arteko euskal errepublika» aldarrikatu zuen alderdiaren hamargarren urteurrenaren harira Gasteizen atzo egindako agerraldian. Egungo testuinguru politikoan «hazten ari den autoritarismoa» gailentzen dela adierazi zuen, eta euskal errepublika horren alternatiba bezala aurkeztu zuen. Hala, «beste balio eta parametro politiko batzuetan eraikitako» herri bat behar dela azpimarratu zuen, eta baliook aletu: «Elkartasuna, aniztasuna, pluraltasuna, eskuzabaltasuna, zintzotasuna, herriarekiko konpromisoa, herritartasuna, abertzaletasuna eta ezkerreko ikuspegi nazionala». Haren iritziz, EH Bilduk eskaintzen ditu ezaugarri horiek.
Otegik adierazi zuen «asko» hitz egiten dela aniztasunaz, baina haiek «aniztasuna praktikatu egiten dutela». Horren adibide litzateke, politikariak esan zuenez, EH Bilduren osaketa.
Datorren hamarkadan egoerak «okerrera» egingo duela ohartarazi zuen Otegik, eta, horrenbestez, koalizioak «sekulako erronkak» izango dituela aurrerantzean: «Aldaketa klimatikoa, trantsizio energetikoa, trantsizio digitala...». Halere, jomuga nagusi bat azpimarratu zuen. «Ezkerreko independentismoak herri honi esan behar dio zehazki zein den bere eredua osasunari, hezkuntzari, zaintzari, poliziari eta trantsizio energetikoari dagokienez». Bigarren kongresua burutzean emango dute eredu horren berri, zehazki.
Otegi: «Beste balio politiko batzuetan eraikitako herri bat behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu