Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzen analisia egiteko, EH Bilduren Mahai Politikoak bilera egin du gaur goizean. Ondoren eginiko agerraldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du Amaiurrek 2011n jarritako sabaia gainditu duela EH Bilduk, 335.000 boto lortuta eta parte hartzea 2011koa baino apalagoa izanda: «Abstentzioa handitzen denean ere, EH Bilduk gehitu egiten ditu bere botoak. Euskal Herriak jakin du gure aukera politikoa saritzen, eta baloratu du gure koherentzia eta lan politikoa egiteko era». EH Bilduk sei diputatu eta bost senatari izango ditu datorren legealdian.
Otegiren iritziz, Euskal Herriak «lehentasun» bat finkatu zuen: «Espainiako Estatuan ez du gobernu faxistarik nahi. PPren eta Voxen aukera uxatu nahi duen herri bati buruz ari gara». Horretarako, haren arabera, bi boto nagusitu ziren. Batetik, PSEren eta PSNren aldekoa. Hori «boto baliagarri koiunturaltzat» jo du, «beldurrak motibatutakotzat». Bestetik, ezker independentista «saritu eta indartu» duena.
Otegiren esanetan, «bloke erreakzionarioak» porrot egin du bart: «Horrek pozten gaitu. Zentzu berean, aukera bat irekita dago Espainiako Estatuan beste mota bateko alternatiba bat eraikitzeko». Eta EH Bilduren posizioa argi utzi du inbestidura saio bati begira: «Gure herriari emaniko hitza beteko dugu; gure esku baldin badago, balantza antifaxismora, burujabetzara eta ezkerrera desorekatuko dugu».
Boto baliagarria, PSOErantz
Eguerditik EAJren Euzkadi Buru Batzarra bilduta dago atzoko emaitzak aztertzeko, Sabin Etxean, Bilbon. Oraingoz ez dago adierazpen ofizialik. Bilkuraren aurretik, Radio Euskadin eta Onda Vascan hitz egin du itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak.
Lehen irakurketa azkarrean, azaldu du 100.000 boto inguruko beherakada PSE-EErantz joandako botoen ondorioz izan dela, batik bat Bizkaian. Itxaso Atutxak 2008ko egoerarekin alderatu du. Duela hamabost urte, sozialistek emaitza «bikainak» eskuratu zituzten boto baliagarria erakarri zutelako: «Orain antzera gertatu da. Boto baliagarria PSErantz joan da, eta beste behin herritarrek esan digute ohitu egin behar garela egoera honetara, askok ez baitute bere botoa erabakita. Bestetik, hauteskundeen eta polarizazioaren arabera erabaki dezakete botoa ematea alderdi abertzale bati edo estatuko bati».
Inbestidurari begira, azaldu du EAJren jarrera «betidanik izan duenaren antzekoa» izango dela. «Aurreikusteko erraza den alderdia gara. Sozialistek ezagutzen dute gure euskal agenda, eta badakite zein den egoera lau urtetan haiei babesa ematen egon ostean». Pedro Sanchezi aholkatu dio orain arteko unean uneko akordioak bilatzetik inbestidurari begirako «akordio estrategikoak» bilatu beharko dituela, «Euskadin eta Katalunian». Espero du ez dela hauteskunde errepikapenik egongo.
Sumar, baikor
Sumarrek ere gobernua eratzeko prozesuan jarri du begirada. Lander Martinez Bizkaiko zerrendaburua baikor agertu da gaur egindako balorazioan: «Sumarrek bete egin du bere helburua: bloke progresista berretsi egin da». Elkarrekin Podemosek Hego Euskal Herrian zituen lau ordezkarietatik bakarrari eutsi dio ezkerreko indar berriak, eta zenbakiei erreparatuta, Martinezek onartu du emaitzak ez direla erabat onak: «Gehiago espero genuen, baina igoerak edo jaitsierak ez dira beti garrantzitsuena». Ildo horretan, nabarmendu du «hasiera puntu batean» dagoela Sumar: «Gobernu aurrerakoia berresteko moduan gaude: elkarrizketekin hasi behar gara. Erabakigarriak izango gara, bai estatuan, bai Euskadin irekitzen ari den ziklo berrian ere».
Antzera mintzatu da Iñigo Martinez Zaton Ezker Anitzako EAEko antolakuntza idazkaria. Galduta ziruditen hauteskundeetan aurreikuspenak gainditu dituztela nabarmendu du: «Kanpainan, hedabide eta inkestatzaile handiek klima jakin bat sortu dute, eskuinaren eta ultraeskuinaren eta garaipena ziurtzat eman zedin. Sumarrek eta Yolanda Diazek buelta eman diogu». Eserlekuak galdu arren, boto portzentajeak «onak» izan direla erantsi du: «Behin gugan konfiantza izan zutenekin nola birkonektatu aztertu behar dugu».
UPN, Feijoorekin
Lubakiaren beste aldean dago UPN; Alberto Catalan UPNren zerrendaburuak argi utzi du hauteskunde kanpainaren «ildo berean» daudela eta UPNk Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaia babestuko lukeela: «Egoera zaila da, baina hemen esan ohi dugun bezala, toreatzaile onak, zezen zailekin». Espainiako irrati publikoan eginiko elkarrizketa batean, Catalanek azaldu du Espainiak beharrezko duela «uneotan herritarrei kezka eragiten dieten gaiei aurre egingo dien gobernu bat». Gai horien artean kokatu du «Nafarroako identitatearen defentsa sutsua, independentismoaren obsesioaren aurrean». Hala ere, aitortu du «Sanchismoak» ez duela «espero bezain emaitza txarra» izan, eta, beraz, nekezagoa izango dela gobernua aldatzea.