Nazioartean itzal handikoak diren 24 pertsonak Euskal Herriko gatazkaren konponbidea bultzatzeko agiri bat sinatu dute: Arnaldo Otegi askatu; euskal presoak etxera adierazpena. Europako Parlamentuan aurkeztu dute idazkia, Friendship taldeak sustatuta, eta euskal presoak askatzeko beharra dagoela azpimarratu dute.
«Bakearen eta demokraziaren alde arriskatzen jakin zuen gizona berehala askatzeko» eskatu dute lehenik; Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea espetxetik ateratzeko. «Inork egingo ez zuela zirudienean, hitzaren aldeko apustua egin zuen».
Euskal presoei ezartzen zaien sakabanaketa bertan behera uztea ere galdegin dute, horiek askatzeko bidea ere egin beharko dela ohartarazita. «Ia beste 500 preso» Euskal Herritik urrun sakabanatuta «eta sarri inkomunikatuta» dauzkatela salatu dute. Eta hori senideentzat «zigor gehigarria» dela. Euskal Herriratzeko eskatu dute, baina «kaleratzearen aurreko pauso gisa».
Edozein modutan, lehenbailehen Otegi askatzea eta gainontzeko presoak Euskal Herriratzea «beharrezko pausoak» dira «bake justu eta iraunkorra lortu ahal izateko», mundu osoko pertsona ezagunen ustez.
Bruselako Adierazpena plazaratu zenetik bosgarren urtea betetzear dela-eta egin dute adierazpena eragileek. Nazioartean euskal gatazkaren konponbidea sustatzeko urrats garrantzitsua izan zen ordukoa, ondotik Aieteko Konferentzia ekarri zuena.
Atzo arratsaldean plazaratutako ekitaldiak horixe gogoratuta hasi du oharra: «Euskal mugimendu independentistak aurrekorik gabeko eztabaida sakona abiatu eta baketsuak eta demokratikoak diren bideen aldeko apustu sendoa» egin zuela. 2011ko urrian Aieteko Konferentziak ETAri jardun armatua uzteko egin zion eskaerari baiezkoa eman ziola erakunde armatuak. «Tamalez, ETAren jarduera armatuaren amaierak, armagabetzerako eta elkarrizketarekin eta alde guztietako biktimen mina onartuz adiskidetzeko agertutako jarrerak ez du berekin ekarri, oraindik, Espainiako Estatuaren inolako erantzun positiborik», dio agiriak.
Fermin Muguruza euskal musikariak irakurri du adierazpena, Brian Currin bitartekaria eta Martina Anderson Friendshipeko kidea ondoan zituela. Agiriaren sinatzaileen artean dira, besteak beste, Pepe Mugica Uruguaiko presidente ohia, Slavoj Zizek filosofoa, Leyla Zana giza eskubideen ekintzailea, Tariq Ali idazlea eta Desmond Tutu, Mairead Maguire eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak.
Agiriaren berri eman aurretik, konferentzia egin zuten Europako Legebiltzarrean bertan Brian Currinek, Mark Demesmaekerrek eta Frieda Brepoelsek. 2006an, Friendship taldea sortu zenean, bertan parte hartzeko gogoa azaldu zuen Brepoels flandriarrak, baina bere orduko taldeak, Europako Alderdi Popularrak, ez zion bertan parte hartzen utzi. Atzokoan, bera izan zen konferentzia egin zuenetako bat. «Espainiak ez du ulertu nahi bakea atzerritik etorriko dela Euskal Herrira», adierazi zuen.
Bruselako Adierazpena egin zenetik izandako zenbait gertaera gogoratu zuen Currinek hainbat europarlamentariren aurrean. ETAri bake prozesu bat onar zezala eskatu ziotela azaldu du, Aieten ekintza armatuak uzteko eskatu zitzaiola, eta ETAk baiezkoa eman zuela. «Baina, orain arte, ez Espainiako Gobernuak ez Frantziakoak ez dute erantzunik eman, eta ez daude gatazkaren ondorioei heltzeko prest».
Horiek horrela, «bi arazo handi» daudela dio: armagabetzea eta presoak. Currinen esanetan «argi dago» ETA armagabetzeko prest dagoela, baina «prozesua amaitzeko gobernuen inplikazioa behar da». «PentsatuHamasek armak utzi nahi dituela esan eta Israelek ez duela begiratu ere egingo erantzuten duela. Ba hori gertatzen da Euskal Herrian».
Egoera desblokeatzeko premiaz ohartarazi du adituak azkenaldian, eta desarmerako estatuen inplikazioa beharrezkoa dela. Gai horretan irtenbideak bilatu nahian dabil: «Egon behar du moduren bat Europako instituzioek armagabetzean parte hartzekoa. Hori da instituzioen desafioa». Hain zuzen, Europako instituzio eta eragileen inplikazioa aldarrikatuta amaitu du hitzaldia.
Gustura edo haserre
Adierazpenaren berri izan duenean, ekimena txalotu du Sarek. «Euskal presoen urruntze politikaren amaiera bake justu eta iraunkorra lortzeko beharrezko lehen pausotzat dugu guk ere».
PPk, UPDk eta Ciudadanosek, berriz, gogor kritikatu dute ekitaldia Bruselan bertan, Europako Legebiltzarrean agerraldia eginda. «Biktimak eta biktima eragileak berdindu nahi dituzte».
Otegi askatu eta presoak hurbiltzeko eskatu dute nazioarteko 24 eragilek
«Presoak kaleratzeko aurreko pauso gisa» aldarrikatu dute euskal presoak Euskal Herrira ekartzea.Brian Currinek dio Europako instituzioek armagabetzean parte hartzeko modua bilatu behar dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu