'Ostreopsis' algaren garapena ulertu nahi dute

Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko 11 hondartzatan 'Ostreopsis' alga toxikoa ikertuko dute hiru urtez. Europak 1,4 milioi euroko laguntza ematea lortu du horretarako mugaz gaindiko Euskal Itsasbazterra Interes Zientifikorako Taldeak.

Ostreobila programako partaideak, Bidarten egin agerraldian, ostegunean. GUILLAUME FAUVEAU
Ostreobila programako partaideak, Bidarten egin agerraldian, ostegunean. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko apirilaren 11
17:00
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta zientzia erakundeak ere biltzen dituen Itsasbazterreko Interes Zientifikorako Taldeak Europako diru laguntza gotorra erdietsi du Ostreopsis itsas belarra ikertzeko, Ostreobila ikerketa programarako. 2,2 milioi euroko aurrekontu orokorrean, 1,4 milioi eman ditu Europak (%65), gaurko Bidarteko (Lapurdi) agerraldian jakinarazi dutenez. Horren bidez, toxikoa izan daitekeen alga horren harat-honatak miatuko dituzte zientzialariek, nola buru egin aztertzeko.

2020an agertu zen lehen aldikoz Euskal Herriko itsasbazterrean Ostreopsis alga. Baina, Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko ur sailaren hautetsi delegatuak 2022ko uztaila azpimarratu du, bereziki, Lapurdiko hondartzei dagokienez: «Aitzinetik batere abisurik ukan gabe, alga horren boom edo loraldi bat agertu zitzaigun; uztaileko igande arratsalde batez behar izan genituen hondartzak eta urak jendez hustu, Miarritzen, Bidarten eta Donibane Lohizunen».

Ovata motako Ostreopsis itsas belarra da garatu Euskal Herriko ur hegietan. Motarik toxikoena. Ifremer erakunde zientifikoan gaia lantzen duen Elvire Antajan laborategi zuzendariak erran duenez, lehen aldia da Europako ipar atlantikoan agertzen dela. Ovata horra arte Mediterraneoko uretan zen ezaguna, eta «2013an Portugalen hegoaldean agertu zen».

Ostreobila ikerketa programak hiru urte iraunen du, eta Euskal Herriko 11 gunetan eginen dituzte azterketak: Lapurdin, Hendaiako bikien hondartzan, Donibane Lohizuneko Erromardin, Bidarteko Parlamentian eta Miarritzeko Portu Zaharrean; Gipuzkoan, Hondarribian, Donostiako Ondarretan, Zarautzen, Zumaiako Itzurunen eta Mutrikun; Bizkaian, Ondarroan.

Bederatzi partaide biltzen ditu ikerketak: Euskal Elkargoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ifremer, Euskal Herriko Unibertsitatea, AZTI fundazioa, Paueko eta Aturrialdeko unibertsitatea, Villefranche-sur-Mer-eko ozeanografia laborategia (Frantzia), Bartzelonako Itsas Zientzien Institutua eta Suez Eau-Rivages Pro Tech enpresa.

Osasun arriskuak

«Ostreopsis algaren sasoien dinamika» ulertu nahi dute ikerketaren bidez, eta itsas belar horren «garapena laguntzen duten ingurumen baldintzak deskribatu». Horrez gain, Antajan ikerlariak «gizakiaren osasunean zer ondorio» izan ditzakeen ikusi nahi dute, gero hori «nola kudeatu» jakiteko. Hats bideetako erredurak eragiten ditu nagusiki. Larrukoak ere ekar ditzake. Itsas langarrak, gainera, uretik urrunago garraia ditzake molekula toxikoak.

Algaren garapenaren arrazoiak bilatzea da, beraz, helburu nagusietarik bat. Nahiz badakiten 20 graduz goitiko uretan garatzen dela. Harriturik bezala dira zientzialariak, Euskal Herriko uretan ez baitira batere Mediterraneoko baldintzak berak. «Mediterraneoan ez dira euskal itsasaldeko marea zikloak, sagailo azkarrak. Ez genuen uste gure itsasaldean garatzeko baldintzak bazituenik alga mota horrek», aitortu du Ifremerrekoak.

2022an ez ziren guti harritu, delako loraldi hartan hamabi milioi zelula kontatu baitzituzten pinta bakoitzeko. «Munduko marka» hautsi omen zen. Lapurdin agertu zen lehen aldian hautetsiek galdegin zieten zientzialariei hein lanjerosa zein zen: «Erran genien Mediterraneoan 30.000 zelula pintako zirenean hondartzak hesten zituztela. Hemen 500.000tan zarete, jadaneko». Arazoa da Frantzian Osasun Ministerioak ez duela larritasun heinik finkatu oraindik. «Baliteke uda aitzin zirkular bat» argitaratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.