Sakelako gailuetara zenbat “zabor” iristen zitzaien ikusita, haurrei begirako euskarazko edukiak errazteko lan egitea erabaki zuten. “Haurrek egunerokoan dituzte erdarak. Zer esanik ez sare sozialetan eta zabalkunde taldeetan. Hori irauli nahi genuen. Horrela sortu genuen gure egitasmoa, lasaitasunez”. Joseba Ulazia lezoarraren hitzak dira, eta Klik Euskaraz Txiki da aipatu duen egitasmoa. Telegram eta Whatsapp plataformetan sortu dituzten kanalen bitartez, 3-6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei euskarazko edukiak bidaltzen dizkiete ostiralero eta egun berezietan —musika, bideoak, ipuinak, txotxongiloak…—. Iazko abendutik ari dira zeregin horretan.
Esaterako: haien zabalkunde taldeekin bat egin dutenek gaur edukia jasoko dute euren gailu eramangarrietan; baina asteartean, adibidez, udaberria iritsi zelako, urtaroarekin lotutako edukia zabaldu zuten, eta Martxoaren 8an beste hainbeste egin zuten. Ulaziaz gain, Oiartzualdeko hainbat guraso daude egitasmoaren muinean: Maider Etxebeste, Ibai Unsuain, Ane Aznar eta Ekaitz Bravo, tartean. 3-7 urte bitarteko seme-alabak dituzte guztiek.
Haurrentzat deigarriak diren eta kalitate egokia duten euskarazko baliabideak astean behin familien eskura jartzea, hori dute misio. Horrela, familien hizkuntza ohituretan eragin asmo dute aldi berean. “Euskal Herri osora edo mundu osora zabaldu nahi dugu egitasmoa”, esan du Unsuainek. “Ez dugu bereziki Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa bultzatu nahi, baina nahi duguna da kontsumitzen den hori euskarazkoa eta kalitatezkoa izatea”. Unsuainen ustez, euskal hiztunak ez diren guraso askori ere bidea erraztu diezaieke euren egitasmoak, “euskarara hurbil daitezen eta haurrei ematen dizkieten edukiak euskarazkoak izan daitezen”.
Kanalak sortu, eta lehen astean hogei bat lagunek bat egin zuten. Oraintxe, mila jarraitzaile baino gehiago dituzte Telegram eta Whatsapp kanaletan. Eta hazi egin nahi dute; hazteari ez diote beldurrik. Beti “eduki egokiak” aukeratzen saiatzen dira familietara iristeko. “Guretzat oso garrantzitsua da edukiak euskarazkoak izatea, baina kalitateari ere garrantzi handia ematen diogu”, azaldu du Etxebestek. Hizkuntzari lotutako kezkari bakarrik ez, edukiaren beraren izaerari ere erreparatzen diote bidalketak egin aurretik: “Edukiek harremanetan ere osasuntsuak behar dute izan; errespetuzko harremanak bultzatu nahi ditugu. Garrantzitsua da berdintasun arloan ere eduki egoki eta hezitzaileak aukeratzea”. Bortizkeriarik ez duten edukiak zabaltzen dituztela gaineratu du Etxebestek. “Txitatze moduko bat egiten dugu edukiak aukeratzeko”.
Azpitaldeen garrantzia
Talde eragileko boskoteaz gain, Klik Euskaraz Txikikoek badute konplize talde edo azpitalde bat; aukeratu dituzten edukiak zabaldu baino lehen, txita bidezko botoekin neurtzen dituzte eduki horiek —ikono bat da txita—, betiere haurren ikuspuntua kontuan hartuta. Horiez gain laguntzaile asko dituztela argitu dute: informatikaria eta itzultzaileak, esaterako. Izan ere, familiei bidaltzen dizkieten azalpen testuak gaztelaniaz eta frantsesez ere badaude, euskaraz ez dakitenek esku artean zer duten jakiteko. Aitor Garcia, Itsaso Bikuña eta Bixente Etxegarai arduratzen dira itzulpen lanaz.
Hasieran, “era espontaneoan” hasi ziren batzen harpideak haien kanaletara. Ondoren, hurbileko ikastetxeetara joan ziren egitasmoa aurkeztera; Pasaia-Lezo lizeora eta Lezo herri eskolara, kasurako. Eta Oiartzualdeko, Bidasoko eta Donostia ingurukoetara ere joan dira gero. “Hego eta Ipar Euskal Herrian zabaltzea da asmoa. Horregatik, guretzat garrantzitsua da ikastetxeen laguntza, haien eskola komunitateetan eragiteko. Mugak zabaldu nahi ditugu”, azaldu du Ulaziak. “Egiten dugun gauza bakoitzak, harreman bakoitzak erantzuna du. Gugana etortzen diren guztiak zerbaiten beharra dagoelako etortzen dira. Behar hori asetzen ari garela uste dugu”, adierazi du Etxebestek.
Sortzaileekin elkarlanean
Jada sarean dauden edukiak hartu, baloratu eta bidaltzen dituzte Oiartzualdeko guraso taldeko kideek, baina sortzaileekin zuzeneko elkarlana ere abiatu nahi dute. Eduki sortzaileekin (ipuin kontalariak, antzerki taldeak, artistak, musikariak…) zuzeneko harremana sortzen hasi nahi dute, haiek egindakoa jaso eta zabaltzeko. “Sortzaileei bideak ireki diezazkiekegu”, dio Etxebestek.
Klik Euskaraz Txiki egitasmoko kideek helbide elektroniko bat herritarren eskura jarri dute zuzeneko harremanetarako: [email protected].
Edukietara iristeko:
– Telegramen "klik euskaraz txiki" idatzi, eta sartu.
– Whatsappen "Klikeuskaraztxiki.eus" idatzi, eta sartu.