Ostiralerako greba bertan behera utzi dute sindikatuek

Eusko Legebiltzarrean hitzartu dituzten hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak aztertu ostean erabaki dute greba ez egitea

Sindikatuen protesta Eusko Legebiltzarraren aurrean. RAUL BOGAJO/FOKU.
Erredakzioa
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Sindikatuek bertan behera utzi dute ostiralean hezkuntzan egin behar zuten greba. Atzo bildu ziren ELA, LAB, Steilas eta CCOO Bilbon, Eusko Legebiltzarrean hitzartu dituzten hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak aztertzeko. Joan den ostiralean lortu zuten akordioa EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EB-IUk. Miren Zubizarreta ELAko hezkuntza arduradunak adierazi du «gabezia eta zehaztasun falta ugari» ikusi badituzte ere oraingoz grebarik ez egitea erabaki dutela. «Akordioa iragarri zenetik sortu den nahasmen guztiarekin ez dira betetzen datorren ostiralean egiteko baldintzak». Hala ere, ez dute baztertzen gerora mobilizazio gehiago egitera deitzea.

Lau sindikatuek deitu zuten grebara, ez zeudelako ados Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zuten hezkuntza akordio berri baterako oinarrien zirriborroarekin. Martxoaren 15ean esan zutenez, ez zuten bat egiten edukiekin, ezta eduki horiek finkatzeko erabili den prozedurarekin ere, hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen iritzia ez dela kontuan hartu pentsatzen baitzuten. Ostiralean ere protesta egin zuten legebiltzarraren kanpoaldean, eta grebari eta hilaren 28an egitekoa zuten protestari eusteko asmoa erakutsi zuten ordukoan.

Zubizarretak azpimarratu duenez, sindikatuek ez dute «ofizialki» talde parlamentarioek lortutako akordioaren berri, baina ELAk testuaren irakurketa «nahiko kritikoa» egiten jarraitzen du.

CCOOren iritziz ere Legebiltzarrean lortutako akordioak mobilizazioak «birplanteatzera» daramatza. «Jatorrizko dokumentu kaskarrari buruzko aldaketak eta akordioak nabariak eta argiak dira, eta oraindik dokumentu publikorik ez dagoen arren, gure ustez, eskola publikoa ardatz duen hezkuntzaren aldeko apustua egingo dela badakigu, horretarako baliabideak nabarmen handituz, eskola segregazioa kontrolatzeko neurri eta konpromiso zehatzekin», adierazi du ohar batean.

Steilas sindikatuaren ustez, «ez da borroka eteteko unea», baina aitortu dute batasun sindikalaren esparruan ez direla «baldintzak betetzen» datorren ostiralerako euskal hezkuntzan deitutako grebari aurre egiteko. «Alderdi politikoek adostutako dokumentua ezagutzen ez badugu ere, zabaldutako informazioa aintzat hartuta, argi dago kontraesanak daudela argitaratutako edukietan eta gakoetan, eta oinarri horiek ituna blindatzera bideratuak direla, hezkuntza publikoa babestu gabe», adierazi dute ohar batean.

Ildo beretik jo du LABek ere. «Negoziazioen emaitzak sakon aztertu behar ditugu, testu berriak aurrerapauso batzuk eta gabeziak izan ditzakeelakoan. Eduki berriak eta horiekiko LABen ikuspegia langileekin ikastetxez ikastetxe eta bihar eskualdeetan egingo ditugun bileretan partekatuko ditugu», adierazi dute ohar batean. Ondoren, balorazio orokorragoa egingo du LABek, bere aldarrikapenak lortzeko beharrezkoak izango diren «borrokarako dinamika berriak planteatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.