Astelehenean iragarri zuen Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak hezkuntzako langileei testak egiteko plan bat adostu zuela gobernuak, eta gaur jakinarazi dituzte xehetasunak. Printzipioz testak gehienbat hezkuntzako langileei egingo zizkietela esan bazuten ere, Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du ikasleei ere egingo dizkietela probak.
Ostiralean jarriko dute martxan plana, Tuteran. Izan ere, COVID-19aren intzidentzia bereziki altua da inguru horretan. Gero, Nafarroako beste eremuetan ere hasiko dira testak egiten, eta mila proba inguru egingo dituzte guztira. Kontseilariak azaldu du maila ezberdinetako ikasle zein irakasleen antigorputzen prebalentzia neurtu nahi dutela test horien bitartez.
Osasun Sailak ausaz hautatuko ditu ikasle eta irakasleak, eta test azkar bat egingo zaie ikastetxean bertan. Emaitzaren arabera, PCR proba egin edo ez erabakiko dute. "Horri esker kasu aktiboak atzeman ahal izango ditugu pertsona asintomatikoengan eta pertsona horien egoera immunologikoa nolakoa den jakingo dugu", esan du Indurainek. Ostiralean, gurasoek sinatu beharreko baimen bat emango diete Tuterako ikasleei, eta datorren astean bertan hasiko dira testak egiten.
Bestalde, Indurainek azaldu du osasun egoera zaurgarria duten irakasle eta ikasleei odol bidezko ELISA probak egingo dizkietela, immunitate maila neurtzeko. Proba horiek, baina, ikastetxetik kanpo egingo dira. Irakasleen kasuan lan osasunetik bideratuko dira, eta ikasleen kasuan, lehen arretatik.
Testak egingo dizkiete egoiliarrei ere
Hezkuntzan ez ezik, zahar etxeetan ere egingo ditu testak Nafarroako Osasun Sailak. Herrialde osoko 6.000 egoiliar ingururi egingo dizkiete testak osasun langilek, eta bi motatakoa izango dira: batetik, PCR probak, eta bestetik immunitate maila neurtzeko ELISA testak. Helburua kasu asintomatikoak atzeman eta egoiliarren egoera immunologikoa nolakoa den jakitea izango da, Indurainen esanetan.