Itsaso Ezkiotik (Gipuzkoa) banatzeko azken urratsa baino ez da falta: galdeketa egitea. Iganderako prestatua dute, hain zuzen, baina jada ez dago hain argi egun horretan egin ahal izango ote duten. Izan ere, Espainiak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok helegitea jarri du Ezkio-Itsasoko Udalaren aurka. Udalak gaur aurkeztuko du horren aurkako apelazioa, eta ostiralerako espero dute epaitegien ebazpena, Garikoitz Aiesta alkateak jakinarazi duenez.
Urkijo tartean sartzeak ez ditu gehiegi arduratu. «Auzitegietatik ezezkoa etorriko balitz, aldundiarekin elkartu beharko genuke berriz, eta ikusi noiz, nola eta zein eratara egingo genukeen galdeketa. Baina aukera hori ez dugu kontuan hartzen», azaldu du Aiestak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere galdeketa egin egingo den itxaropena du. Haren hitzetan, herri borondatea eta legea betetzen dira galdeketarekin.
Izan ere, Aiestak ohartarazi duenez, Urkijok hanka sartu du: helegitean argudiatu du udalakbaimena eskatu behar diola Espainiako Gobernuari horrelako kontsultak sustatzeko, legez. «Kontua da argudio hori ez dela egiazkoa: galdeketaren sustatzailea foru aldundia bera da, ez udala, eta hark badu nahikoa eskumen horrelako kontsulta bat martxan jartzeko». Horixe argudiatuko dute, beraz, gaurko apelazioan: helegitearen oinarria ez dela zuzena. Urkijok helegitea Ezkio-Itsasori jarri dionez, udalaren zerbitzu juridikoa ari da apelazioa idazten, foru aldundiko zerbitzu juridikoarekin batera: «Gure izenean joango da, baina dokumentua bera foru aldundiarekin batera adostutakoa izango da».
Aiestak azaldu duenez, «bitxia» da Urkijok kontsultaren aurka egin izana, kontuan izanda ez dela bete beharrekoa. Udala bera, izatez, ez dago derrigortuta egitera. «Baina hasieratik sinetsi dugu kontsultan, eta garbi daukagu egin egingo dela. Horrelako gai batean herritarren borondatea era demokratiko batean entzutea beharrezkoa da, nahiz eta bete beharrekoa ez izan pisu handikoa delako». Prozesua «errematatzeko» modua da.
Udalak emanak ditu desanexiorako behar diren pauso guztiak. Azkena udan eman zuen, Aiestak azaldu duenez. «Azken pausoa izan zen desanexio prozedura bera foru aldundira bidaltzea. Orain aldundiari dagokio hori onartzea edo ez onartzea».
Bat egite behartua
1965eko martxoaren 2an batu ziren Ezkio eta Itsaso herriak, frankismo betean. Mugakide ziren bi herriak erreka batek soilik banatzen zituen. Bi udalek arazo ekonomikoak zituzten, eta orduko agintariek erabaki eta inposatu zuten bi herriak batzea. Ordutik, udal bakarra dute, baina «beti» egon da banatzeko eskaera. Bi herriak batu zituztenean, antzeko biztanleria zuten, baina, hamarkada batzuk geroago, aldatu egin da panorama: 460 inguru dira Ezkion, eta 160 inguru Itsason. Bat egitearekin batera, udal zerbitzuak zentralizatu egin ziren Santa Lutzi-Anduagan (Ezkio), eta horrek eragin zuzena izan du.
Itsasoarrek desanexioa eskatzen zuten, eta horri bide ematea erabaki zuen udalak 2011n. Bost urte geroago, ia gauzatu dute banantzea: Itsaso desanexionatu egingo da, eta Gipuzkoako 89. herria izango da. Izatez, Igeldo zenbaki hori hartzekoa zen, baina haren desanexioari buruzko erabakia etenda dago, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki bitartean.
Ostiralean argituko da Itsasoko galdeketa igandean egingo duten
Ezkiotik banatzeko azken urratsari helegitea jarri dio Carlos Urkijo Espainiako ordezkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu