Euskara ikus-entzunezkoetan

Ostiralean abiatuko da Pantailaldia

Pantailak Euskaraz taldeak sortu du egitasmoa. Bi helburu nagusi ditu: euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta euskarak pantailen munduan dituen gabeziak azaleratzea, erakundeek pausoak eman ditzaten.

Donostiako Zinemaldian egindako protesta, Pantailak Euskarazek deituta. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko azaroaren 7a
12:22
Entzun

Euskaraldiaren testuinguruan, Pantailak Euskaraz taldeak Pantailaldia egitasmoa abiatuko du ostiralean. Azaroaren 11tik 18ra, mota guztietako pantailetan euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronka joko diete herritarrei. Bi helburu nagusi ditu ariketak: euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta euskarak pantailen munduan dituen gabeziak azaleratzea, erakundeek pausoak eman ditzaten.

Herritar orok parte hartu dezake Pantailaldian, Pantailak Euskaraz taldearen webgunean dagoen formularioa betez. Izen ematea ostegunera arte egongo da zabalik. Oraingoz, ehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena. Aste osoan, #Pantailaldia traola erabiliko dute euren bizipenen berri emateko. Erronka errazteko asmoz, sare sozialetako kontuetan jartzeko irudi bat, euskarazko ikus-entzunezkoen baliabideen zerrenda bat eta agenda proposamen bat bidaliko dizkiote parte hartzaile bakoitzari.

Horrez gain, bost boluntariok konpromiso berezia hartu dute. Egitasmoak iraun bitartean, euren bizipenen berri emango dute sare sozialetan, baita komunikabideetan ere, elkarrizketen eta erreportajeen bidez. Andoni Solorzano hizkuntza aholkularia, Itziar Luri kazetaria, Mitxel Elortza irakaslea, Nagore Irizar bikoiztailea eta Ioritz Gonzalez irakaslea izango dira boluntarioak.

Sare sozialetako erronka baino gehiago

Pantailaldian, hainbat deialdi egingo ditu Pantailak Euskaraz-ek. Besteak beste, gonbidapena egingo dute azaroaren 12an Bilbon egitekoa den Jokoteknia euskarazko bideojokoen jardunaldian parte hartzeko. Azaroaren 13an, berriz, protestak egingo dituzte hiriburu bakoitzeko zinema batean, Zinema euskaraz, gure eskubidea lelopean. Izan ere, gogorarazi dute Euskal Herrian urte osoan eskaintzen diren zinema emanaldien %1 soilik dela euskaraz.

Egitasmoa euskalgintzako eragile nagusien oniritziarekin gauzatuko da, eta Pantailak Euskaraz-ek eta ikus-entzunezkoekin lotutako hainbat eragilek babestuko dute. Esate baterako, Zinea.eus, Game Erauntsia elkartea eta Euskal Encodings dira babesleetako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.