Jakes Bortairu, Dominika Dagerre, Jeanine Beirie Xenbero eta Filipe Lazkarai Ostiako lau kideen kontrako epaia eman du gaur Baionako auzitegiak. Laurak zuritu ditu hatz markak eta DNA hartzea errefusatu zutelakoan prokuradoreak epaileen esku utzi zigor eskaeran. Prokuradore berak bakoitzari eskatu 1.000 euroko isuna erdira jautsi du —500 eurora—, baina gibelapenarekin. Bouygues enpresak bere Angeluko egoitzak eta Marieneko egitasmoaren maketak jasan kalteengatik eskatu 24.732 euroko kalte ordainak ere ez ditu osoki kontuan hartu auzitegiak. 5.954,40 eurora beheititu ditu. Horrez gain, 800 euroko abokatu gastuak jarri dizkie. Hamar eguneko epea dute orain zigortuek, prokuradoreak edota Bouyguesek dei egiteko.
Kanboko Marienieko laborantza lurretan herriko etxeak baimendurik Bouygues multinazionalak duen higiezin eraikuntza egitasmoa salatzeko, 2022ko abenduaren 17an, Bouyguesek Angelun (Lapurdi) duen egoitzan egin ekintza sinbolikoagatik auzipetu zituzten Ostiako laurak. Auzia joan den martxoaren 12an iragan zen, Baionako auzitegian. Beste 30 bat lagunekin batera Bouygues enpresaren Angeluko egoitzan eta Marieneko egitasmoko maketaren gainean lurra eta lastoa botatzeagatik eta pegatinak ezartzeagatik epaitu zituzten. Bouyguesek berak, 24.732 euroko kalte ordainak eskatu zituen. Prokuradoreak, berriz, bakoitzari 1.000 euroko isunak, erdia gibelapenarekin. Alain Larrea Ostiakoen abokatuak Bouyguesen kalte ordainak herenera murriztea eskatu zuen, egin ez dituzten beste ekintza batzuk leporatzen baitzizkien Bouyguesek.
Hatz marken eta DNA ez emateko auzian, epaileek defentsaren arrazoiak onartu dituzte. Hatz horien hartzea «gehiegikeria» izan zela erran dute epaileek, jakinik «auzipetuak guztiz ezagunak eta identifikagarriak zirela». Protesta ekintza bera aurpegia erakutsiz egin zutenez, ezagutzeko gisan ziren, eta, ondorioz, auzitegiak uste du lau pertsonen «bizi pribatuari kalte egin zaiola» baldintza horietan hatz horiek eskaturik.
Haatik, auzitegiak baztertu du laborantza lurren defentsan egin halako ekintza «baitezpadakoa» zelako argudioa, eta lur, lasto eta pegatinek eragin kalteen hobendun ekarri ditu. Kalte horiengatik, 500 euroko isuna jarri die, beraz, gibelapenarekin.
Horrez gain, Bouygues enpresak eskatu kalte ordainentzat, 5.954,40 euro laurek elkarrekin pagatzera gaztigatu ditu epaitegiak: 780 euro, Angeluko bulegoen garbiketa lanengatik; 5.174,40 euro, Bouyguesen jabetza zen Marieneko egitasmoaren maketagatik. Ohargarri da maketa horri %30eko balio apaltzea kontatu diotela epaileek urteroko zaharkitzeagatik. Beste agentzia batean egin beste ekintza batengatik Bouyguesek eskatu gainerako diru eskaera baztertu du auzitegiak. Azkenik, Ostiakoak 800 euro ordaintzera zigortu ditu abokatu gastuengatik.
Ukatzeko eskubidea
Alain Larrea Ostiakoen abokatuak baikorki hartu du epaia: «Giroaren baketzeko erabaki bat bezala hartzen dut», erran du auzitegitik jalgitzean. Hatz marken eta DNAren auzian Baionako epaileek Europako epaitegien zuzenbidea jarraitu dutela oroitarazi du abokatuak. Dominika Dagerre auzipetuak erabaki hori azpimarratu nahi izan du epaia entzun ondoren: «Jakin behar da eskubide bat dela hatz hartze horien ukatzea kondenatuak ez garen bitartean». Jakes Bortairu auzikideak gehitu du frankotan ez dela hala gertatzen. «Askotan jendea kondenatua da hemen berean ukatze horrengatik, eta gaurko erabakiak aurrekari bat sortzen du, nolabait». Gogoan izan dute, adibidez, Gorka Torre euskaltzaleak berriki ukan duen zigorra hatzak ematea ukatzeagatik.
Isun eta kalte ordainen zigor arina ikusirik, Larreak uste du epaitegiak ekintza sinbolikoa bere heinean hartu duela eta onartu duela «ekintza ez zela, prokuradoreak presentatu zuen bezala, [Bouygueseko] langileentzat lanjerosa, edo beldurra sartzeko gisakoa». Larreak gehitu du: «Epaitegiak ulertu du ekintza horren erranahia».
Filipe Lazkarai auzipetuak erran du «afera horretan auzi batek ez zuela lekurik». Hautetsien arduragabekeriaren gain ezarri du auzitara heltzea. «Ostiakoak hor gara gauzak ontsa joaten ez direnean, baina, gauzak ontsa joan daitezen, politikariek har ditzatela beren ardurak».
Bortairuk epaiari berari baino garrantzi handiagoa eman dio Marieneko lurren aldeko borrokari. «Guretzat funtsezkoena ez da auzi hori, baizik eta Marieneko borroka segitzea eta irabaztea. Horregatik ari gara buru-belarri ondoko mobilizazioa prestatzen maiatzaren 25erako». Alabaina, Ostiak, CADEk, Lurzaindiak, Nahi Dugun Herriak eta ELBek hamabi orduko mobilizazio egunera deitua dute maiatzaren 25ean, 10:00etarik 22:00etara, Marienia elkarrekin irabaz dezagun lelopean.