Jakes Bortairu, Dominika Dagerre, Jeanine Xenbero Beirie eta Filipe Lazkarairen kontrako dei auzia martxoaren 13ra arte gibelatu du Paueko Auzitegiak (Okzitania), epairako manamendu akats batengatik. Alabaina, lau auzipetuetarik bik baizik ez dute errezibitu gaur Pauera joateko manua. Joan den maiatzaren 14an zigortu zituen lehen auzian Baionako Auzitegi Korrekzionalak. Arrazoia: 2022ko abenduaren 17an Marieneko maketa gainera lur, lasto eta urak botatzeagatik eta pegatinak itsasteagatik Kanboko Marieneko lurretan higiezin egitasmoa daukan Bouygues Immobilierren Angeluko (Lapurdi) egoitzan. 5.000 euro inguruko kalte ordainak eta 500 euroko isunak jarri zizkien auzitegiak zigor gisa Ostiako lau lagunei, gibelapenarekin.
Baina Baionako auzitegi korrekzionalak eman epaia ez zitzaion gustatu Bouygues Immobilier sozietateari, eta dei egin zion. Gaur zen Pauen dei auzi hori egitekoa, baina ahozko saiorik gabe. Bouygues bakarrik izan baita epaiari dei egiten. Ondorioz, bi aldeen idatzizko txostenak zituen aztertzekoak dei auzitegiak.
Martxoaren 12an iragan zen auzian, Bouyguesek 24.012 euroko kalte ordainak eskatu zituen Ostiako lau auzipetuen kontra, eta 1.000 euroko isunak. Maiatzaren 14an argitaratu zuen epaian, Baionako auzitegiak kalte ordainak 5.954 euroan finkatu zituen, eta isunak, bedera 500 eurotara, gibelapenarekin. Deia egitearekin, Bouygues Immobilierrek 20.000 euro gehiago eskatu ditu Ostiakoen kontra. Guztira, 40.000 euroz goiti, beraz. Baionako auzitegiak eman zigorrak ez zaizkio «nahikoak» iruditu enpresari, eta, haren ustez, «kalte moralari buruz egin eskaerak» ez zituen kontuan hartu.
BERRIAk jakin duenez, egin zaion «irudi kalteagatik» Bouyguesek 10.000 euro gehiago galdetu ditu, eta enpresaren «desantolaketa kalteagatik» beste 10.000 euro. Irudi kaltearen froga gisa Ostia kolektiboak bere ekintzak «publiko egin izana» erabili dute Antoine Beauquier eta Fanny Caunes Bouygues sozietatearen Parisko abokatuek; besteak beste, sare sozialetan zabaldu den bideo bat. Baina Ipar Euskal Herriko prentsan agertu artikuluak ere partida dituzte bi abokatuek. «Artikulu horiek ilegalak diren ekintza horiek aipatzen dituzte, baina batere kondenatu gabe, eta Bouygues Immobilieren proiektuen inguruko tentsio giroa elikatzen dute», idatzi dute.
«Nazionalistak, «terrorismoa»
Bouygues Immobilieren abokatuak argudio politikoetan urrunago joan dira zigor handiagoak eskatzeko. Poliziak egin txostenetan oinarritzen dira. Jakes Bortairu, Dominika Dagerre, Jeanine Xenbero Beirie eta Filipe Lazkarai «lanjerosak izan daitezkeen euskal nazionalista» gisa ezagutuak direla diote, eta «mugimenduaren buru pentsalariak». Horregatik, poliziek inkesta lau horiei buruz zuzendu dutela diote. «Kanboko higiezin egitasmoaren kontrako euskal mugimendu nazionalistako kide dira, eta Poliziak ezagutzen ditu bortitzak eta aktibistak direlako».
Lau auzipetuen biziari buruzko aipu batzuk gehitu dituzte Bouyguesen abokatuek. Jeanine Xenbero Beirieri buruz diote hogei urtez preso egon ondoren berriki atera den «Lorentxa Beyrie etakide ohiaren ama» dela, «euskal militante nazionalista» dela, eta «biziki bortitza izateko ezaguna» dela. Filipe Lazkarairi buruz, berriz, «Iparretarra euskal talde terrorista ohiko kide» izan dela. Emendakin gisa, Poliziaren inkestak idatzirik utzi duen beste aipu bat egin dute abokatuek Lazkarairi buruz: «Hiru etxeko bazter herrixka batean bizi da, familiako beste jende anitzekin, haiek ere euskal mugimendu nazionalistan direnak».
Hortik ondorio hauek egin dituzte higiezin sozietatearen defentsa egileek: «Partikularki arranguragarria» dela Baionako Auzitegi Korrekzionalak auzipetuei «abisu bat» baizik ez dielako eman bere epaiarekin, «jende horiek ekintza terroristekin eta euskal nazionalismoan usatuak direlarik». Lau auzipetuek maiatzeko auzi saioan izan zuten jarrera ere jomugatzat ukan dute abokatuek: «Auzibideak ez ditu inondik ere iziarazi». Frogatzat daukate euskaraz hitza hartzeko epaitegiari itzultzaile bat eskatzeko ausartzia ukan zutela, «frantsesa arras ongi ulertzen dutelarik».
Azkenik, Bouyguesen abokatuek diote Baionako auzitegiaren epaia «arina» izan dela, nehondik ere ez dituela auzipetuak «lotsarazten», eta «zigorgabetasun sentimendu bat» eragin diezaiekeela.
Zigor Kodeko 515. artikulua
Ostiako lau lagunen abokatu Alain Larrea ez da batere sartu argudio politikoen arloan. Baionako Auzitegiak hartu epaia eta horren esplikazioak berriz hartu ditu, eta dei auziei buruz legeak dioena oroitarazi.
Zigor Kodeko 515. artikuluak hala dio: «Akusatzaileak [kasurako, Bouygues Immobilier] dei auzirako ez dezake nehondik ere eskaera gehiagorik egin; lehen auzian epaitu kaltea dela-eta bakarrik eska dezake kalte ordainen emendatzea». Horretan da korapiloa: dei auzirako, Bouyguesek galdegiten dituen 20.000 euroko gehigarriak, hain justu, lehen auzian aurkeztu ez zituen kalte batzuengatik galdegiten dituela. Larrearen galdea argia da: dei auzitegiak eskaera horiek atzera botako ditu Bouyguesek kalte horiek ez zituelako Baionako Auzitegiaren aurrean aurkeztu. Balio du Bouyguesek agertu berri dituen «irudi kaltearentzat» eta «kalte moralarentzat».
Bestalde, Larreak dio ez dela justifikatua Bouyguesek Angeluko egoitzako andeatzeentat lehen auzitik diru gehiago galdegitea, «ez baitu frogarik ekarri berinen konpontzeko beste gastu berezirik» ukan duenik. Larreak esplikatu du Bouyguesek aurkeztu duen 15.840 euroko faktura Angeluko egoitzaren «itxura berritzeari» lotua dela eta ez duela «funtsik» kalte ordainaren ordainketa eskatzeko, ezen «berinen konpontze gastuak baizik ez daitezke eskatu». Baionako epaileak ohartuak ziren, jadanik, faktura horretan sartuak izan zirela «norabide taula» berri batzuk, «barneko hornidura itsaskor» batzuk, «pareta koadro eta oihal batzuk», 2022ko abenduaren 17ko andeatzeekin deus ikustekorik ez dutenak.