COVID-19ak bost urte (eta VI)

Ostendu ziren txalo hotsak

Pandemiaren garaian, lehen lerroan eta oso egoera zailean aritu behar izatea egokitu zitzaion zenbait langileri. Herritarrek esker ona adierazi zieten balkoietatik txaloak joz, baina askok uste dute orduko aintzatespena «ezerezean» gelditu dela.

Zahar etxe bateko langile bat, pandemiaren garaian, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Zahar etxe bateko langile bat, pandemiaren garaian, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

Pandemiaren garaian, lehen lerroan eta oso egoera zailean aritu behar izatea egokitu zitzaion zenbait langileri. Denak bat datoz: hura «oso gogorra» izan zen. Herritarrek esker ona adierazi zieten balkoietatik txaloak joz, baina askok uste dute gizartearen orduko aintzatespena «ezerezean» gelditu dela bost urte geroago, eta haien lan egoerak ez duela hobera egin.

 

«Orduan, medikuaren parekoak ginen ia, baina gauzak ahaztu egiten dira»

(ID_14695542) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-02-19, Ortuella. Ana Azpillaga, BM supermerkatuko langilea
Ana Azpillaga, Ortuellako supermerkatu bateko langilea. ARITZ LOIOLA / FOKU

Ana Azpillagak (Bilbo, 1968) supermerkatu batean lan egiten du, Ortuellan (Bizkaia), eta, dioenez, Espainiako Gobernuak itxialdia agindu aurretiko egunetan ere nabaritzen zen ezohiko zerbait gertatzen ari zela: «Zurrumurruak entzuten ziren, eta jendeak supermerkatura jotzen zuen gauzak erostera. Batzuk, absurdo samarrak: adibidez, komuneko papera bukatu egin zen, jendeak pila bat erosten zuen eta. Dendetan sekulako ilarak zeuden».

Itxialdiak kaleak hustu zituen, baina supermerkatuetan erosle gehiago eta ilara are luzeagoak izan ziren. Erosketak egitea zen baimendutako jarduera bakanetako bat, jendeak ez zekien noiz arte iraungo zuen egoerak, eta, ondorioz, supermerkatuetako langileak galtzak bete lan ibiltzen ziren. «Gaizki pasatu genuen, eta erruz egin genuen lan. Beldurrez ere ibiltzen ginen: egunero makina bat pertsona pasatzen zen gure lantokitik, eta kutsatzeko arriskua oso handia zen».

Itxialdiarekin batera, segurtasun neurriak ere ezarri ziren: «Lehenengo egunetan, maskarak jarri beharrean, plastikozko babesgarri batzuk jartzen genituen, soldatzaileek erabiltzen dituztenen antzekoak». Geroago, maskarak erabiltzen hasi ziren, eta beste neurri batzuk ere jarri zituzten indarrean: «Plastikozko eskularruak janzten genituen, segurtasun tartea gorde behar izaten genuen, eta, batez ere, dena garbitu behar izaten genuen behin eta berriro: biltegiak, orgak, apalategiak... Egun osoa ematen genuen garbitzen».

Batez ere, jende pilaketak ditu Azpillagak gogoan: «Jendeak ez zeukan etxetik ateratzeko beste modurik, eta batzuk goiz eta arratsalde etortzen ziren supermerkatura. Ilarak ikaragarriak ziren. Batzuetan, ixteko ordua iritsi, eta jendea atean gelditzen zen. Erantzun ezinik ibiltzen ginen. Ez dut ondo gogoratzen, baina uste dut bolada batean ohi baino ordubete lehenago ateratzen ibili ginela lantokitik, etxeratze agindua baitzegoen eta gauez ez baitzegoen garraiorik».

Orduan pasatutako beldurra ere akorduan du Azpillagak: «Ez dakit hainbesterako izan ote zen, baina garai hartan beldur ginen. Albistegietan hildakoen kopuruak ematen zituzten, denok genituen adineko senitartekoak etxean, eta gure lantokitik jende pila bat pasatzen zen. Gure lana ez zen bulego batean egotea eta telefono deiak jasotzea: lana jendaurrean egiten genuen. Eta gero, etxera iritsitakoan, beldurrez egoten ginen».

Ziurgabetasun eta tentsio handiko egunak izan ziren haiek, baina, Azpillagak dioenez, bezeroen jokabidea, oro har, zuzena izaten zen. Salbuespenak ere egoten ziren: «Bezero batzuek muzin egiten zioten maskara eramateari. Guk jartzeko esan, eta erantzuten zuten hura lelokeria hutsa zela. ‘Bada, zuretzat lelokeria izango da, baina, zugatik egiten ez baduzu, egin ezazu gainerakoongatik’, esaten genien».

Izurriaren kontrako neurriak laxatzen hasi zirenean, lasaitu ederra hartu zuten supermerkatuetako langileek: «Gogoan izan itxialdiaren garaian herritarrak lekuan lekuko saltokietara baino ezin zirela joan; Ortuellan, adibidez, bi saltoki ziren herri osoarentzat. Herri batetik bestera joateko baimena eman zutenean, jendea merkataritza gune handietara joaten hasi zen, eta lan zama gutxitu egin zen gurean».

Azpillagak dioenez, inoiz gertatu zitzaion lankideekin batera lantokitik atera eta inguruko jendea txaloka hastea. Ez dio aparteko garrantzirik ematen horri: «Egia esateko, guk geure etxera iritsi baino ez genuen nahi». Gaur egun, berriz, pentsatzen du haien lana ez dagoela behar bezala balioetsita: «Denetarik dago, baina batzuek uste dute zuk baino eskubide gehiago dituztela, zu lanean zaudelako. Orduan bai, orduan medikuaren parekoak ginen ia-ia, baina gauzak ahaztu egiten dira».

 

«Lankide batzuk depresioak jota egon dira, eta antsietate aldiak izan dituzte»

(ID_14697874) (Raul Bogajo/@FOKU) 2025-02-20, Gasteiz. Eba Begiristain, Txagorritxu ospitaleko garbitzailea da eta pandemia garaiko...
Eba Begiristain, Txagorritxuko ospitaleko garbitzailea. RAUL BOGAJO / FOKU

Eba Begiristain (Donostia, 1973) garbitzaile aritzen da Gasteizko Txagorritxuko ospitalean. 2008an hasi zen lan horretan, Osakidetzak azpikontratatutako enpresa batean. Pandemia hasi zenean ere horretan jarduten zuen, gaueko txandan, asteburuetan eta jaiegunetan, beste lankide batekin batera. Dioenez, pandemiaren lehenengo asteak «oso gogorrak eta kaotikoak» izan ziren: «Pandemia hasi aurretik, enpresak ikastaro labur bat eman zigun, azaltzeko nola jokatu hortik zehar omen zebilen birus hura ospitalean agertuz gero. Baina oso laburra izan zen hura: NBE norbera babesteko ekipamendua nola jantzi, eta ezer gutxi gehiago».

Baina ospitalean lehen kasuak agertu zirenean, ezer gutxirako balio izan zuten aurreko prestakuntza guztiek: «Ezustean harrapatu gintuen. Dena oso kaotikoa zen, lan zama ikaragarria zen, eta ez genekien nola jokatu, nola konpondu arazoak. Lankideak eta biok egun haiek gogoratzen ditugunean, ilea laztu egiten zaigu oraindik ere».

Normalean, garbitzaileek bi bilagailurekin lan egiten dute: bat larrialdietako atalari dagokio, eta bestea, erietxeko gainerako atalei. Bilagailuak jotzen duenean, adierazitako lekura joan behar dute langileek, gela hura garbitzera. Gau arrunt batean, bilagailuak hamabost edo hogei bat aldiz jotzen du, baina pandemiaren lehenengo gau haietan hirurogei dei inguru jasotzen zituzten: «Ikaragarria zen: zazpi orduz bilagailuak etengabe aritzen ziren jo eta jo, eta ezinezkoa zen lan hura guztia bi lagunen artean egitea. Lehenengo asteburuan, txanda amaitu nuenean, goizeko txandako langilea agertu, eta galdetu zidan: 'Zer moduz?'; ezin izan nion erantzun ere egin. Negarrez hasi nintzen».

Kutsatzeko beldurra ere pasatu zuten egun haietan: «Guk bagenekien osasungintza publikoan arazoak zeudela eta pandemia aurretik murrizketak egon zirela, baina pandemia iritsi zenean ikusi genuen benetan murrizketa horiek zenbaterainokoak ziren. Niretzat, etxera itzultzea zen gogorrena, eta birusa etxera eraman nezakeela pentsatzea».

Kaos horretan, enpresei eta Osakidetzari asko kostatu zitzaien langile gehiago kontratatzea. «Txandako lankideak eta biok hilabete oso bat eman genuen lan eta lan, eta, errefortzua hartzea erabaki zutenean, beste pertsona bat baino ez zuten jarri. Hiru lagun ginen lan hori guztia egiteko. Lan zamaren ondorioz, lankide batzuk depresioak jota egon dira, antsietate aldiak izan dituzte, eta abar».

Ekipamenduei dagokienez, «denetarik» izan zutela azaldu du Begiristainek: «Hasieran, NBEak bazeuden, baina geroago haien falta sumatzen hasi ginen. Behinola, gela bat garbitzera bidali gintuzten, eta, NBEa hartzera joan ginenean, erizain batek esan zigun ezin genituela hartu, medikuentzat zirela. Guk erantzun genien lehen lerroan geundela, gu ginela birusak kutsatutako geletara sartu behar genuen lehenengoak, eta ekipamendurik izan ezean ez ginela sartuko. Eztabaida baten ostean, eman egin ziguten azkenean, baina NBEen falta nabarmena zen. Denetarik egin behar izan genuen ekipamendu egokiak lortzeko».

Itxialdia amaitu zenean, bazirudien dena bukatuta zegoela, baina ospitaleetan kaosak iraun egin zuen: «Dena dela, gizakiok horrelakoak gara, eta, azkenean, bazirudien ohitu egiten ginela egoera horretara. Erietxera joaten ginen, bagenekien han zer aurkituko genuen, eta helburua zen beste egun bat gainditzea».

Gauez lan egiten zuenez, 20:00etan etxean egon ohi zen Begiristain. Ordu horretan ateratzen ziren herritarrak leiho eta balkoietara, ahaleginik handiena egiten ari ziren langileei txalo jotzera. Begiristainek ere parte hartu ohi zuen horretan, eta «zirraragarria» begitantzen zitzaion: «Ematen zuen gure lana aintzat hartzen zutela, eta guri eskerrak emateko modu bat iruditzen zitzaidan. Baina bikotekideari esaten nion: ‘Kalera atera bezain pronto, gutaz ahaztuko dira’. Eta hala izan zen. Gauza txarrak azkar ahazten ditugu. Txaloak amaitu ziren, eta, funtsezkoak izateari utzi genionean, desagertu egin ginen».

Bazirudien elkartasun olde hark ekar zezakeela aurrerapausoren bat langileen lanaren onarpen sozialean eta haien lan baldintzetan, baina, Begiristainen ustez, alderantziz gertatu da: «Nik beti pentsatu dut ospitaleetan garbitzaileok azkenengoak ginela piramidean, eta irudipena dut pandemiaren ostean are beherago gelditu garela. Oraindik ere, garai hura lagunekin edo senideekin gogoratzean, malkoak ateratzen zaizkigu. Badirudi linboan geratu garela. Adibidez, osasungintza publikoko murrizketek bere horretan jarraitu dute. Nik ez dakit erietxeetako langileok berriro prest egongo ote ginatekeen horrelako egoera bat jasateko. Batzuk nahiko ukituta geratu gara, eta, beharbada, orain jende askok nahiago luke etxean geratu, horrelako zerbait pasatu baino lehen».

 

«Irizpidea zen norberak ahal zuena egin zezala»

(ID_14698419) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-02-20, Bilbo. David Rivas, anbulantzia gidaria
David Rivas, osasun garraioko langilea. MONIKA DEL VALLE / FOKU

David Rivas (Bilbo, 1979) anbulantzietako langilea da, eta duela bost urte Bizkaiko osasun garraioan aritzen zen, larrialdietakoak ez ziren gaixoak eramaten: adibidez, terapiaren bat behar zuten eriak etxetik ospitalera garraiatzen zituzten, edo sendagiria lortzen zuten pazienteak etxera eraman, aldez aurretik programatutako joan-etorrietan. Garai hartan, Ambuiberica enpresak kudeatzen zuen zerbitzua.

Pandemia iritsi zenean, horrelako tratamendu gehienak bertan behera utzi zituzten, COVID-19ak kutsatutako gaixoen garraioa lehenesteko: «Dialisia behar zuten gaixoen kasuan, eutsi egin zioten, haientzat tratamendua ezinbestekoa delako, baina gainerako zerbitzuak albo batera utzi zituzten». Edonola ere, beharra handia zenez, Rivasek bere burua eskaini zuen anbulantzietako lankideei laguntzeko, eta Usansoloko erietxean jardun zuen (Bizkaian), lana antolatzen.

«Dena hankaz gora zegoen, eta lankideentzat arrisku handia zen ospitalera sartzea kutsatutako gaixoen bila», azaldu du. «Orduan, lana banatu genuen, eta guk egiten genuen hori: kutsatutako eremuetan sartu, pazienteak geletatik jaitsi eta abar».

Lankideen artean kutsatze gutxiago izateko modu bat zen hori. Eta, hala ere, kutsatzeak egon ziren: «Lankide batzuek hilabeteak eman zituzten gaizki samar, eta baten bati kosta egin zaio eguneroko bizimodura itzultzea».

Pandemiaren lehenengo egun haiek gogora ekarrita, «planifikazio falta» eta «material eskasia» nabarmendu ditu Rivasek: «Gaitza bazetorrela ikusi zutenean, erietxeetan saiatu ziren lekua egiten eta gelak libre uzten. Alde horretatik, bai, nolabaiteko planifikazioa egon zen. Baina, langileei dagokienez, protokoloak hutsaren hurrengo ziren. Irizpidea zen norberak ahal zuena egin zezala. Geroago bai, hasi ziren protokoloak jartzen, baina ez ziren betetzen. Kaos handia zegoen, eta komunikazio gutxi enpresarekin, Jaurlaritzarekin eta Osakidetzarekin».

Materialari dagokionez, berriz, eskasia handia zen: «Norbera babesteko ekipamendurik ez zegoen, eta zakarretarako poltsekin egiten genituen. Maskara bakoitza hiru bat astez erabiltzen genuen. Enpresak ez zigun ezer ematen. Norberak atera behar zituen babak eltzetik».

Pandemiaren garaian, anbulantzietako langileek askotan entzun zuten haien lana ezinbestekoa zela, eta egindako esfortzua, eskertzeko modukoa. Baina izurria bukatutakoan, lan gatazka luze batean murgildu ziren langileak, eta esker oneko hitzak ezerezean gelditu: «Ezinbesteko sektore omen ginen, baina gero, lan hitzarmena sinatu behar zenean, Jaurlaritzak ez ikusi egin zuen. Grebak egin behar izan genituen, bi urte baino gehiago behar izan genituen hitzarmena negoziatzeko... Iruditzen zait oso azkar ahaztu direla orduan esandako asko».

Herritarren esker ona, berriz, ez daukate ahazteko: «Hau gure lana da, eta ez dugu egiten inolako aintzatespenik lortzeko, baina egia da eskertzekoa dela jendeak zure lana balioestea, eta pizgarri bat dela guretzat. Erakundeena beste kontu bat da, eta greben garaian frogatu ere egin digute, gu kriminalizatuz, irainduz eta abar».

«Denbora luzean amesgaiztoak izan ditut pandemiako egunak zirela eta»
(ID_14703013) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-02-21, Barakaldo. Kristina Suero, erizaina
Kristina Suero, Gurutzetako ospitaleko erizaina. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Kristina Suerok (Barakaldo, Bizkaia, 1979) ondo gogoan du norbera babesteko ekipamendua lehenengo aldiz jantzi zuenekoa, bai eta COVID-19ak kutsatuta iritsi zitzaion estreinako pazientea, haren izen-abizenak, eta senitartekoei haren heriotzaren berri eman behar izan zienekoa ere. Baina hortik aurrera, egoera hori behin eta berriro gertatu zen, eta ezin guztiak memorian gorde.

Erizaina da Suero, eta Gurutzetako ospitalean egiten du lan (Barakaldo, Bizkaia), bizkortze sailean. 2020ko martxoaren 15ean iritsi zitzaien COVID-19ak jotako lehen pazientea. Baina gaixotasunari buruzko zurrumurruak lehenago ere bazeuden: «Horrek pizten dit amorrurik handiena. Aurreko egunetan, albistegietan entzuten genituen horri buruzko berriak, ikusten genuen beste herrialde batzuetan zer gertatzen ari zen, baina, Osakidetzari dagokionez, aurreikuspen falta ikaragarria egon zen. Guk pentsatzen genuen materiala iritsiko zitzaigula, gauzak prestatuko zituztela, baina izurria iritsi zenean biltegiak berdin-berdin zeuden. Langileon haserrea horrek eragin zuen, batez ere». 

Lehenengo lau-bost asteak «zoramen hutsa» izan ziren, haren esanetan. Materiala «tantaka» iristen zitzaien, eta hura birziklatuz eta langileen artean antolatuz lortu zuten aurrera egitea: «Maskara tuper batean gordetzen genuen; hura zen gure altxorrik preziatuena. Botikak ere amaitu ziren. Eta ez zuten langile gehiago hartu; esaten zuten ezinezkoa zela eta jenderik ez zegoela, baina guk bagenekien ez zela hala».

Lan zama ere ikaragarria zen: «08:00etan sartzen ginen lanera, eta, lehenago, komunera joaten ginen eta ura edaten genuen; bagenekien 15:00ak arte ez genuela horretarako beste aukerarik izango. Zazpi ordu ematen genituen gelditu barik, NBEa jantzita, betaurrekoekin... Eta hango usaina ere gogoan daukat. Denbora luzean amesgaiztoak izan ditut pandemiako egunak zirela eta».

Baina, batez ere, egoeraren larritasunak ekarritako deshumanizazioa nabarmendu du Suerok: «Nik 25 urte eman ditut erizain, eta beti gustatu zait pazienteen izen-abizenak jakitea eta haiekin harremana izatea. Pandemiaren garaian, ezinezkoa zen hori. Ez geneukan harremanik haiekin. Baten bat hiltzen zenean, makina itzali baino ezin genuen egin; eta gero, horretarako denbora izanez gero, tutuak-eta kendu, eta senitartekoak abisatu».

Suriok dio «polita» izan zela herritarren berotasuna nabaritzea eta sare sozialetan esker oneko adierazpenak irakurtzea. Baina horrek gutxi iraun zuen: «Jendearentzat, etxean eta bakartuta egon behar izatea izan da pandemia, batez ere. Gizarteari azkar ahaztu zaio».

Erakundeei dagokienez, orduko hitz onak ere haizeak eraman ditu, Sueroren ustez: «Telebistan agertu ziren pare bat aldiz, esateko zelako lan ona egiten genuen, baina gero, ezer ez. Uda hartan ikusi zen hori: guk ez genuen diru gehiago edo aitortza sozial handiagoa eskatzen; guk atseden hartu ahal izatea baino ez genuen nahi. Hainbat hilabetetan baldintza horietan lan egin ondoren, ezinezkoa zen hamabost eguneko oporraldi batean indarrak berreskuratzea eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jardutea. Baina ezetz esan ziguten. Lankide asko oso ukituta itzuli ziren opor haien ondoren».

Denbora luzean koronabirusak jotako pazienterik ez dute izan Suerok lan egiten duen atalean, baina aurrekoan bat egokitu zitzaien, eta, aspaldiko partez, Suriok eta lankideek NBEa jantzi behar izan zuten: «Konturatu ginenerako, negarretan geunden. Hark sentimendu eta oroitzapen asko esnarazi zituen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.