Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernua zein Jaurlaritza "ahaleginak" egiten ari dira ostegunean egiteko eskumenen inguruko Batzorde Mistoa. Bilera horren prestaketak egiteko, gaur egingo dute batzar teknikoa bi aldeek. Datozen orduetan ere informazioa trukatzen segituko dutela azaldu dute Jaurlaritzako iturriek, eta asteazken goizean egingo dute azken bilera, osteguneko Batzorde Mistoaren aurretik.
"Lau urrats gehiago"
Joan den asteazken iluntzean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak aste honetan egingo zutela eskumenen transfrentzien inguruko bilera. Asmoa urtarrilean Jaurlaritzarekin adostutako egutegiarekin jarraitzea eta lau eskumen eskualdatzea izango da. Iñigo Urkulluk "pozik" jaso zuen albistea: "Gernikako Estatutua betetzeko lau urrats gehiago izango dira". Edonola ere, urrats gehiago egin behar direla ere ohartarazi zuen.
Lau eskumenen bueltan arituko dira osteguneko batzordean: AP-68 autobideko Bizkaiko eta Arabako zatiaren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutako ohiko erretiroaren aurretiko laguntzen kudeaketa eta eskola asegurua.