Koronabirusa

Ostalaritzaren eta kultur jardueren ordutegia zabaldu du Jaurlaritzak

Kanpoan kirola egiteko murrizketak ere arindu ditu Labi aholku batzordeak. Beste bederatzi neurri atzeratu egin dituzte, ospitaleen presioa edo intzidentzia apaldu arte. Hogei egun barru aztertuko dituzte

Jendea terraza batean eserita, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz - Edu Lartzanguren - Juanma Gallego
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19aren bilakaerak zalantza ugari eragin ditu azken egunetan, baina Eusko Jaurlaritzak are gehiago arinduko ditu izurriaren aurkako neurri murriztaileak bihartik aurrera. Ostalaritzaren sektoreak eginiko eskaerei men eginda, taberna eta jatetxeen ordutegia gauerdira arte zabaltzea erabaki zuen atzo Labi Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak. Zehazki, bost neurri iragarri zituen Iñigo Urkullu lehendakariak, atzoko bileraren osteko agerraldian: kanpoan kirola egitea baimentzea, gehienezko pertsona kopururik gabe; garraio publikoaren irteerak gauerdira arte luzatzea; aisialdiko taldeak hamar lagunera handitzea talde egonkorrak direla ziurtatuz gero, eta gehienezko kopuru bera ezartzea aire zabaleko erakusketetan edo bisita publikoetan ere; eta, azkenik, kultur jardueren, merkataritzaren eta ostalaritzaren ordutegia 24:00ak arte zabaltzea —orain 22:00etan ezarria dago muga—. Edonola ere, datozen hiru asteotan ez da aukerarik emanen jatetxeetako mahaietan lau pertsona baino gehiago elkartzeko, eta ezinen da barran kontsumitu. Neurriok bihar bertan sartuko dira indarrean, eta hogei egun barru aztertuko dituzte berriro, egokitu beharko balira ere.

Apirilaren amaieratik izurriaren bilakaera «positiboa» izan dela adieraziz hasi zuen agerraldia Urkulluk. Hala ere, onartu zuen jaitsiera moteldu egin dela azken astean, eta horrek «ziurgabetasuna» handitu duela datozen asteetako egoera epidemiologikoari begira: «Tunelaren amaieran argia ikusten ari gara, baina zuhurtzia mantendu behar dugu, atzera ez egitea delako helburua».

Beste neurriak, aurrerago

Egoera epidemiologiko nahasia aintzat hartuta, mahai gainean ziren beste bederatzi neurri atzeratzea erabaki du Labik, «harik eta osasun zerbitzuen okupazioa eta ZIUen oheen erabilera bigarren jokalekura jaitsi arte edo intzidentzia tasa 150 kasuen azpitik kokatu arte».

Hauek dira: establezimenduak ixteko ordutegiak gaueko 01:00etara luzatzea; merkataritzan, azoketan, kanpoko kultur ekitaldietan eta kultu aretoetan egon daitekeen jende kopurua handitzea; ekitaldi publikoetan 600 pertsona egoteko baimena ematea barnealdean, eta 800 kanpoan; ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei pertsona egotea—orain lau bakarrik elkar daitezke—; txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea; barruko eremuetan kirol jarduerak ahalbidetzea; kirol ekitaldietan ikusleak baimentzea—edukieraren %60, eta gehienez 800 pertsona barnealdean—; bisita gidatu eta naturako turismo jardueretan taldeak handitzea; eta %60raino handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldeko edukierak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.