Jose Antonio Martinez Osses luthierra desagertuta dabil duela bizpahiru egunetik, bere autoarekin eta zakurrarekin. Senideek eman dute abisua, eta informazioa eskatu dute, hura aurkitze aldera.
Senideen arabera, jende asko mobilizatu da galduriko albokagilea aurkitzeko, baina, lerrook idazteko orduan, ez zegoen autoaren edo txakurraren arrastorik. Animaliak babesteko elkarteetara deika ibili dira, baina ez dute border collie arrazako animaliaren berririk. Peugeot Partner zuri bat gidatzen du Ossesek, 7450 HFZ matrikuladuna.
Adierazi dutenez, Opakua aldera joateko ohitura zuen luthierrak. Han ibili dira haren bila, hasieran.
Ezaguna da Osses albokarien artean, Euskal Herriko albokagile nagusietako bat baita. Hark eginiko albokak erabili ditu, besteak beste, Ibon Koteronek, eta luthierrak eraiki zuen elkarlanean sorturiko albokotea tresna. Otazun (Araba) du tailerra.
Hainbatetan agertu da hedabideetan; besteak beste, ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioan.