Larrialdi zerbitzuetara joan eta ospitaleratuak ez diren pazienteek artak ordaindu beharko dituzte Ipar Euskal Herrian. Urtarrilaren 1etik goiti indarrean da neurria, Frantziako Gobernuak hala erabakita. Zehazki, 19,61 euro ordaindu beharko dituzte larrialdiko kontsulta egin eta berehala. Mutualitate bat ordaintzen duten pazienteei dirua itzuliko zaie; mutualitaterik ez dutenei, berriz, ez. Eragile batzuek arriskua ikusten dute gizarteko sektorerik prekarioenak larrialdi zerbitzuetatik urruntzeko. Beste batzuek, berriz, nabarmendu dute fakturazio moldea sinpleagoa dela, eta oroitarazi dute aurrerantzean ordaindu beharreko prezioa mugatua izanen dela.
Izan ere, neurria indarrean sartu aurretik, fakturazioa jasotako artaren araberakoa zen, eta faktura ez zuten berehala jasotzen pazienteek. Gizarte Segurantzak eta mutualitateek, dena den, gastu guztiak hartzen zituzten beren gain —Gizarte Segurantzak, %80, eta mutualitateek, %20, eta pazienteak ez zuen sosik aurreratu beharrik. Mutualitaterik ez duten pazienteei, berriz, Gizarte Segurantzatik kanpoko partea ordaintzeko faktura bat igortzen zion ospitaleak. Bestela erranda, aukera zuten jasotako faktura ordaindu gabe uzteko; orain, larrialdietan bertan ordaindu beharko dute. Zehaztekoa da zenbait pazientek prezio finkoaren erdia baizik ez dutela pagatu beharko: patologia iraunkorrak dituztenek, haurdun dauden emakumeek eta COVID-19a dutenek.
Yann Blanchard Baionako ospitaleko medikua da, eta Medikuntzarako Informazioen Zerbitzuko arduraduna. Haren ustez, «ez da neurri hain txarra». Azaldu du urtarrilaren 1etik martxan dela Baionako larrialdi zerbitzuan, eta «pixkanaka» araberan antolatu direla. «Ohartu behar da orain arte arten araberako fakturazioak igortzen zituela ospitaleak. Batzuetan, 80 eurokoa izaten ahal zen faktura. Orain, gutxienez, gehieneko prezioa finkatua da, denentzat». Blanchardek ez du uste arriskurik dagoenik paziente prekarioenak arta sistematik urruntzeko. Baionako ospitalean, erraterako, gizarte laguntzaileengana bideratzen dituzte mutualitaterik ez duten pazienteak, laguntza jaso dezaten, CMU Eritasun Geruza Orokorra lortzeko, batik bat. «Prezio finkoa bainoago, arazo nagusia da paziente batzuek ez dakitela zer eskubide dituzten. Horretan laguntzea ere gure betebeharra da», segurtatu du.
Halaber, uste du prezio finko bat izateak desmartxa administratiboak «errazten» dituela. «Oro har, sistema orekatua da. Hilaren hastapenetik, bederen, ez dugu aktibitate maila apaldu Baionako larrialdi zerbitzuan».
Hala eta guztiz ere, neurriak hautsak harrotu ditu, izan dezakeen eragin komunikatiboarengatik, batik bat. Hala, zenbait eragilek salatu dute larrialdietan bertan ordaindu beharraren ondorioz litekeena dela zenbait paziente arta sistematik kanpo uztea. Hala uste du, erraterako, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Neurria salatzeko, elkarretaratzea eginen dute gaur, Baionako ospitalean, 19:30ean. Maddi Sarasua Kontseilu Sozialistako kidea honela mintzatu da: «Populazioaren parte prekarioenari eraginen dio, gutxiagotan joanen baitira larrialdietara. Osasun sistematik prekarioenak baztertzen dira».
Frantziako Gobernuak, fakturazioak errazteaz gain, beste helburu bat bete nahi du neurri horren bidez. Izan ere, Frantziako Estatuko hainbat lekutan larrialdi zerbitzuek gainezka egiten dute. Blancharden aburuz, Baionan ez da horrelako arazorik gertatzen, baina uste du «kaltegarria» izan daitekeela «hotzeri» batengatik larrialdietara joatea. Hala, «egiturazko arazo» bat dago horren atzean. «Hobeto antolatu behar da arta sistema, lehen arretaren eta larrialdi zerbitzuen artean. Leku batzuetan, ordea, familia medikuak eskas dira, eta, horregatik, jende batzuk larrialdietara heldu dira. Arta sistema hobeto antolatu behar da lurraldean, egunaz eta gauaz».
Ospitaleratzerik gabeko larrialdietako artak, ordainpeko
Mutualitaterik ordaintzen ez duten pazienteek 19,60 euro ordaindu beharko dituzte larrialdietan, ospitaleratuak ez badira. Protesta eginen dute gaur, Baionako erietxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu