Ospitaleratutako gizonak ez du Ebola birusa

Sendagileek uste dute malaria duela eriak, eta tratamendua jarri diote.Hiru egunean 84 hildako eragin ditu ebolak Afrika mendebaldean

Basurtuko Ospitaleko gaixotasun infekziosoen eraikina, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Herenegun ospitaleratutako gizonak ez du harrapatu Ebola birusa; negatibo eman du egindako analisietan. Oraindik ere Basurtuko Ospitalean dago, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adierazi du «ondo» dagoela. Ebolaren gaitza behin baztertuta, sendagileen hipotesia da malaria harrapatu duela —adituek diote ia ezinezkoa dela malaria eta ebola, biak izatea—, eta tratamenduarekin hasi dira.

Protokoloa aktibatu zuten astelehen arratsaldean, ebolaren kasu berri bat agertu zelakoan. Bizkaitar bat sukarrarekin joan zen Barakaldoko ospitalera; duela gutxi Sierra Leonan egona zen (Afrika) —han oso zabalduta dago ebola gaixotasuna—. Segituan abian jarri zuten protokoloa: gizona ospitaleratu eta bakartu egin zuten gaixotasun infekziosoak tratatzen dituzten eraikinean, analisien emaitzen zain.

Bizkaiko Medikuen Elkargoak sektore pribatuan lan egiten duten 2.000 medikuri gomendioak bidali dizkiete ebola kasuei aurre egiteko. Elkargoko idazkari Rafael Olaldek azaldu du Osakidetzak diseinatutako protokoloa «oso eraginkorra» dela eta han lan egiten duten mediku guztiek dutela ebolaren inguruko informazioa. Ez dator bat, ordea, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatua. Salatu dute Basurtuko Ospitaleko langileek ebolaren inguruko informazio «gutxi eta berandu» jaso dutela. SATSEk esan du protokoloa existitzen dela, baina langileengana ez dela iritsi.

Hiru egunean 84 hildako eragin ditu ebolak Afrika mendebaldean. Liberian ari dira agertzen azken egunetan kasu gehien: hiru egunean 53 hildako eragin ditu, eta, izurritea hasi zenetik, guztira 466 pertsona hil dira. Ginean hasi zen zabaltzen ebola, urteko lehen hiruhilekoan, eta han 394 hildako eragin ditu. OME Osasunaren Munduko Erakundeak azaldu duenez, gaixotasunak guztira 1.229 hildako eragin ditu, eta 2.240 pertsona kutsatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.