Osakidetzako LEParen salatzaileetako bat

Roberto Sanchez: «Ospitaleko medikuen oposizioak antzerkia besterik ez dira»

Ospitaleetako medikuak hautatzeko prozesuetan irregulartasunak zeudela salatu zuten Roberto Sanchezek eta beste bi lankidek. Orain, epaitegiak itxi egin du auzia, baina sinetsita daude filtrazioak egon ziren zantzuak daudela.

Roberto Sanchez, orain bi urte, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Roberto Sanchez, orain bi urte, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
nerea intxausti
2024ko abenduaren 13a
16:00
Entzun

Gasteizko epaitegi batek atzo itxi zuen 2016 eta 2017. urteetako Osakidetzako LEP lan eskaintza publikoaren auzia. Bere garaian, salaketa jarri zuten hiru pertsonak, Marta Machok, Manuel Martinezek eta Roberto Sanchezek, eta Sanchezekin hitz egin du BERRIAk. Anestesista da, gaur egun, Espainiako ospitale batean. 

Gasteizko epaitegiak itxi egin du auzia, baina zuek diozue oraindik ere ikusten dituzuela filtrazioak egon ziren zantzuak. 

Bai. Nik uste dut Osakidetzan lan egiten duen edozeinek badakiela orain arte ospitaleko medikuen oposizioak antzerkia besterik ez direla izan, eta plazak aldez aurretik eman direla, azterketen galderak aldez aurretik emanez edo, azken aldi honetan bezala, anonimotasuna gainditzeko markak jarriz. Adibidez, urologiako kasuan, anonimotasuna gainditu zuten, eta ahoz egin zuten azterketa —hori debekatuta dago oinarrietan—. Kardiologian, berriz, tribunalean zeuden bi pertsonak epaimahaiko buruari esan zioten filtrazioa egon zela, eta ez zuen ezer egin. Anestesian ere, test moduko azterketa oso-oso zaila izan zen. Gehienok 50 puntu atera genituen [100 puntutik], eta, kasualitatez, azterketaren egilearen hiru lankidek 80 puntutik gora atera zuten; horietako batek 95 puntu atera zituen. Kasualitatez, era berean, puntu gehien atera zuen pertsona hori, gaur egun, Arabako Unibertsitate Ospitaleko zuzendariorde kirurgikoa da. 

Zer iruditu zaizue autoa?

Mingarria iruditu zaigu. Epaileak esan zezakeen kasua artxibatu egingo zuela eta kitto, baina ez; horren ordez, ustez delitugileak direnen ohorea babesten saiatu da, eta iradoki du gu bekaiztiak garela eta gorrotoak gidatu gaituela. Ez dut ulertzen zergatik. Eusko Jaurlaritzari eskatuko baliote auto bat idazteko, horixe idatziko luke. 

«Traumatologiako oposiziogile batzuei esan zieten hitz gako batzuk letra larrian eta azpimarratuta jartzeko. [...] Hitz horiek idatzi dituztenak dira zerrendan goren daudenak»

Ziurtatu duzue azterketari batzuek Lichtman, Lenke eta Mason hitzak erabili dituztela azterketetan anonimotasuna hausteko. 

Hori da. Azterketen bigarren zatia idatziz egiten da, baina ez da izenik jartzen, zenbaki bat baizik. Horri gain egiteko, traumatologiako oposiziogile batzuei esan zieten hitz gako batzuk letra larrian eta azpimarratuta jartzeko, ondo ikusi zitezen. Nik ikusi ditut azterketa horiek, eta, medikuntza jakin gabe ere, ez dago arrazoirik hitz horiek [Lichtman, Lenke eta Mason] hala idazteko; lehen hizkiak soilik behar luke larriz. Beste azterketa batzuetan ez dira horrela azaltzen. Eta azterketa horiek zerrendarekin alderatuz gero, bat egiten du: hitz horiek idatzi dituztenak dira zerrendan goren daudenak, hau da, plaza ateratzeko lehentasuna eduki beharko luketenak. 

Froga hori ez du kontuan hartzen autoak; aldiz, dio normala dela hitz asko azpimarratzea. Baina zergatik azpimarratu hitz propio horiek eta ez femur edo haustura hitzak? 

Zer dira LichtmanLenke eta Mason?

Izen propioa duten hiru termino mediko dira, eponimoak. Parkinsonen gaixotasuna bezala, Lenkeren haustura. Medikuek gaixotasunei edo teknikei jarritako hiru izen propio dira. 

Zure ustez, zergatik ez du hori kontuan hartu epaileak?

Hainbat kausa daude. Batetik, prozesu zaila eta luzea da; epai hau ez zen izan ikerkuntza abiatu zuena, beste hiru ere izan ziren lehendik. Gainera, sistema hau orokortuta dago Osakidetzako ospitaleetan: mediku eta zerbitzu buru asko dira sistema ustel honen parte. Horrek kolokan jartzen du sistema oso bat. Eta, bestetik, lan handia da, eta politikoki ez da komeni. Esango dudan hurrengoaz ez daukat frogarik, baina, agian, presio politikoak egon dira epai hau artxibatzeko. EAEn ez dago ustelkeriaren aurkako fiskaltzarik. Material guztia sindikatuek eta salatzaileok eman diogu epaileari, baina ez dute ikerketarik martxan jarri. Proposatu dugu hainbat alditan, baina bai PSOEk eta bai EAJk kontra bozkatu dute, eta hori zerbaitengatik izango da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.