Hil da Irunen labanaz eraso zioten emakumea, ospitalean

Andrearen semea atxilotu du Ertzaintzak, hilketa saiakera leporatuta, eta epailearen aurretik pasatzekoa da. Atzo ospitaleratu zuten emakumea, eta gauean hil da. 126 dira Euskal Herrian 2003tik erregistratutako hilketa matxistak.

47 urteko gizona atxilotu zuten etxea, Irunen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
47 urteko gizona atxilotu zuten etxea, Irunen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko otsailaren 6a
08:00
Entzun

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta. Emakumea ospitaleratu egin zuten, eta gaur goizean jakinarazi dute atzo 22:30 aldera hil zela erietxean, zauriengatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 47 urteko gizonezkoa 13:30 aldera joan zen amaren etxera, eta han egin zion eraso aiztoarekin. Gizonaren izeba batek eta bikotekideak artatu zuten andrea lehenik, eta gizonak etxetik ihes egin zuen.

Handik minutu gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak, hilketa saiakera leporatuta. Epailearen aurretik pasatzekoa da oraindik.

Emakundek hilketa gaitzetsi du, eta elkartasuna eskaini die eraildako emakumearen familiari eta lagunei. «Indarkeria matxistareen gogortasuna eta konplexutasuna» gogorarazi ditu erakundeak, eta herritar guztiei dei egin die gaitzespena egitera.

Eudelek ere hilketa gaitzetsi du, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei. Adierazi du emakumeen kontrako indarkeria «emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria» dela, eta, beraz, «giza eskubideen urraketa larri eta onartezina».

Hilketa matxistak Euskal Herrian: 126 emakume 2003tik

2003tik, 126 emakume hil dituzte gizonek Euskal Herrian. Duela hilabete, 63 urteko gizon batek 84 urteko ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia). 16:30 aldera, bizilagunek abisu bat igorri zioten Ertzaintzari, eta etxebizitza batean emakume bat hilda egon zitekeela esan, oihuak eta eztabaidak entzun baitzituzten. Poliziek, bertaratu zirenean, ikusi zuten emakumea hilda zegoela, eta gorpuak indarkeria zantzuak zituela.

Iaz, berriz, sei emakume hil zituzten. Maiatzean, 33 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Hamabortz egun lehenago, emakumea artatu behar izan zuten Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori zelako. Emakumea maiatzaren 1ean ospitaletik desagertu, eta handik bi egunera atzeman zuten gorpua.

Irailaren 11ko goizaldean, berriz, gizon batek 31 urteko bikotekidea hil zuen, Yanely Gonzales, Bilboko Santutxu auzoan, arma zuri batekin. Urriaren 8an, Iruñeko Arrotxapea auzoan, gizon batek Kayle Villar Pons hil zuen, labankadaz. Biktimak 20 urte zituen, eta etxabe batean bizi zen. Bertan bizi zen gizon batek hil zuen ustez, aurrez hainbatetan liskarrak izan eta mehatxuak egin ostean. Euskal Herrian, Pasaian (Gipuzkoa) izan zen iazko azken hilketa: 53 urteko gizon batek bikotekide ohia hil zuen, suzko arma batekin. Halere, Panaman, Eneritz Argintxona Fraile hil zuten uztailean. Costa Rican boluntario zebilen, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.

Bestalde, Laure Zacchello 43 urteko emakumea ekainean desagertu zen, Urruñan (Lapurdi): Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak. Ekainean egin zuen agerraldian, prokuradoreak erran zuen hipotesi guziak zabalik zeudela, baina indarkeria matxistako kasu bat izatea lehenetsi zuen. Zacchelo senarrak hil zuela uste du, eta hura bizirik aurkitzeko aukera urriak direla. Joan den abenduaren 31n gizonak aske utz zezatela eskatu zuen, eta datorren asteartean ebatziko dute eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.