Tolosaldeko (Gipuzkoa) bost alkatek agerraldia egin zuten herenegun, eskualdeko 31 alkateetako 30en izenean. Agerraldi horretan esan zuten «kezkatuta» zeudela, bi arrazoirengatik: alde batetik, eskualdeko osasun arretagatik; bestetik, Tolosako ospitale publiko berriaren proiektuaren kokapenagatik eta izaeragatik. Kokapenagatik, besteak beste, trafiko handiko eremua delako. Ereduagatik, uste dutelako aztertu beharko litzatekeela Asuncion klinika pribatua publiko bihurtzea. Hala ere, Andu Martinez Rituerto Tolosako alkateak argitu zuen ez diotela oztoporik jarriko Eusko Jaurlaritzaren proiektuari.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur erantzun die Tolosaldeko alkateen kezkei eta kritikei. Osasun Saila «zur eta lur» dago «eskualdeko alkateek jarrera bat-batean aldatu dutelako». Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Tolosako Udalari eskatu dio argitu dezala ea ospitale publikoaren proiektua babesten duen edo ez. Osasun Sailak berretsi egin du Tolosaldeko ospitale publiko berriaren aldeko «apustu irmoa».
Sagarduik, berak hala eskatuta, Tolosaldeko ospitale berria eraikitzeko plan funtzionala aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Gogoratu du Tolosako Udaleko aurreko udalbatzak —EAJk agintzen zuen— hasi zuela ospitalea egiteko lursailak uzteko hirigintza prozedura. Sagarduik udalari eskatu dio argitu dezala ea eutsi egiten dion lursailak uzteko konpromisoari. 2029an zabaldu nahi dute ospitale berria.
Alkateen agerraldian, Martinez de Rituertok esan zuen azterketak egin behar dituztela jakiteko ospitalea egitekoak diren eremuan zenbateko trafikoa izaten den, eta «ospitale berri bat beharko balitz» eurek ere «beste kokaleku bat mahai gainean jartzeko». Iurramendi auzoan egin nahi dute ospitalea. Alkateek zehaztu zuten ikastola eta kiroldegia daudela inguruan, baita N-1 errepiderako eskualdeko sarbide nagusietako bat ere.
Ospitale publikoaren hutsunea historikoa da Tolosaldean. Duela hogei urtetik Tolosako Asuncion klinikarekin hitzarmena du Osakidetzak, osasun zerbitzu publikoa emateko. Tolosaldeko alkateek uste dute aztertu beharko litzatekeela ospitale berria egin beharrean Asuncion publiko bihurtzea, are gehiago ikusita azken hiru urteetan zenbat inbertsio egin diren ospitale horretan. «Ospitale moderno bat dugu, eta gutxienez eskatzen dugu publiko bihurtzeko aukera hori aztertzeko», adierazi zion Martinez de Rituertok Osasun Sailari.