Ospakizun egun bat eta erronka kolosal bat

EH Batera-ren babesle diren hiru erakundeetako kideak —Sabino Arana, Olaso Dorrea eta Agirre Lehendakaria Centerrekoak— Aberri Egunaren izaeraz eta abertzaletasunaren erronkez aritu dira BERRIArekin.

Euskal Herria Baterak iaz egindako ekitaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Euskal Herria Baterak iaz egindako ekitaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk 1932an egin zuen Aberri Eguna ospatzeko lehen deialdia. 93 urte igaro dira ordutik, eta askotariko aldarriak egin dira ibilbide luze horretan. Izan dira indar abertzaleek batera egindakoak, baita elkarren arteko adostasunetik urrun egindakoak ere. Eta azken urteetako ospakizun handienei erreparatu behar bazaie, EAJk Bilbon eta EH Bilduk Iruñean egindakoak dira nagusiak. Hain zuzen, bi talde horiek bat egin zuten aurreko astean, Euskal Herria Batera dinamikak deitutako agerraldian. «Aberri Egunean euskal nazioa garela ospatzera dei egiten dugu», izan zen orduan eskaera, ospakizun bateratu baten alde egitearekin batera. Zer da, baina, zehazki Aberri Egun bateratu bat? Horretaz eta abertzaletasunaren erronkez galdetu die BERRIAk EH Batera babesten duten hiru erakundeetako kideei: ALC Agirre Lehendakaria Centerrekoei, eta Sabino Arana eta Olaso Dorrea fundazioetakoei.

Horretarako, baina, Aberri Egunaren beraren esanahira jo behar da lehenik, eta horixe izan da hiru erakundeetako kideek erantzun duten lehen galdera: «Zer esan nahi du Aberri Egunak zuentzat?».

«Gure aberriaren eguna da, nortzuk garen eta zer garen gogoratzeko eguna», zehaztu dute Sabino Arana Fundaziokoek. Baina hortik haratago ere jo dute: «Baita munduari hemen gaudela adierazteko garaia ere». Horiek horrela, ospakizuna eta erreibindikazioa uztartzeko egun bat dela nabarmendu dute fundazioko kideek: «Herri bat garela ospatuko dugu».

Ez dira urrun beste bi erakundeek emandako erantzunak. ALCkoen arabera, «errealitatea ikusteko eta mundua ulertzeko beste modu bat ospatzeko aukera bat» da. Ez gainerakoak baino hobea, baina ezta okerragoa ere. Alderaketa horri helduta, Olaso Dorrea Fundazioko kideek —Bergaran (Gipuzkoa) dute egoitza— zera gehitu dute, Aberri Eguna ez dela salbuespena «askatasunaren bila» ari diren edo jada aske diren herrien artean: «Gure nazioa ospatzeko eguna da, eta nazio gisa munduan besteen parean izateko dugun aspirazioaren adierazlea».

«Egun nazionala bada, gure erakunde publiko zein pribatuek ere ospatu beharreko eguna da, gure herritarrek kalean, etxean edota familian ospatzekoa»

OLASO DORREA FUNDAZIOA

Horregatik, lotsarik gabe adieraztera dei egin dute: «Askatasuna aldarrikatzen dugu. Ez inoren kontra gaudelako, ez inor baino gehiago garelako, baizik eta izan bagarelako, eta, nazio bat garen neurrian, nazio orok egiten duena egiten dugulako».

Dei bateratua

Esan bezala, baina, Aberri Eguna nork bere aldetik ospatu izan du azken urteetan. Beraz, zerk batzen edo banatzen ditu batzuk eta besteak halako egun batean? ALCko zuzendari Gorka Espiauk uste du ez dagoela «pisuzko arrazoirik» Aberri Eguna batera ez ospatzeko: «Testuinguru politiko hori ez da existitzen». Kontrara, uste du beharrezkoa dela subiranotasun handiagoaren beharra elkarrekin defendatzea, heldu beharreko eraldaketari ekin ahal izateko.

Sabino Arana eta Olaso Dorrea fundazioek, baina, beste norabide batean kokatu dute Aberri Egun bateratu horren aldeko erronka. Olaso Dorrea Fundazioko kideek defendatu dute Aberri Egun bateratu baten alde egitearen erronka eguna bera ospatzeko markoak eskaintzea dela. Hau da, ez dute uste bateratu kontzeptuak derrigorrean ekitaldi bakar bat egitea eskatzen duenik: «Egun nazionala bada, gure erakunde publiko zein pribatuek ere ospatu beharreko eguna da, gure herritarrek kalean, etxean edota familian ospatzekoa». Hala, adierazi dute alderdiek euren ekitaldiei eusteak ez duela zertan oztopo izan ospakizuna bera zabaltzeko; besteak beste, eguna bera instituzionalizatuz.

EAJri lotutako erakundearen arabera ere, Aberri Egunaren inguruan egin daitekeen eztabaida nagusia ezin da izan hura batera —hau da, ekitaldi bateratu batean— ospatzearen ingurukoa. Horren ordez, uste dute aurrez aurre dagoen erronka nagusia ospakizuna bera «zabaltzea» dela, eta horretarako dei egin diete alderdi eta erakundeei, baina baita abertzale orori ere: «Herritar bakoitzarengan dago abertzaletasuna lantzeko ardura».

Fundazio horretako ordezkariek zera defendatu dute, Euskal Herria «bere nortasunaz duela hamarkada batzuk baino kontzienteagoa» bada ere, eta «zailtasun eta aniztasunaren gainetik» herri sentimendu hori zabaldua dagoen arren, afera egunero landu beharrekoa dela.

«Erronka nagusia da, azken batean, zabal-zabalik dagoen mundu batean —bai fisikoki, baita birtualki ere—, biziraupena bermatzea»

SABINO ARANA FUNDAZIOA

Izan ere, abertzaletasunaren nondik norakoak ezin dira egun bakar baten arabera neurtu. Gaia lantzeko datu objektiboak topatzea ez da erraza, baina interpretazioetarako beta eman dezakete, adibidez, hauteskunde emaitzek: Eusko Legebiltzarreko eserlekuen %72 indar abertzaleenak dira. Olaso Dorrea Fundaziokoek, gainera, uste dute gorakada hori Euskal Herri osoan gertatu dela: «Gure historian abertzaletasuna zazpi herrialdeetan ez da inoiz hain indartsu egon. Gero eta homogeneoagoa da haren presentzia».

Aferari erreparatzeko beste modu bat izan daitezke inkestak ere. Azken Naziometroaren arabera, Euskal Herriarekiko atxikimendua eta Espainiarekikoa eta Frantziarekikoa «positiboak» dira, baina lehena gailentzen da: 0tik 10erako eskalan, batez beste, 7,8koa da lehena, eta 6,4koa, bigarrena. «Abertzaleok gehiago nahiko genuke, ez dago esan beharrik, eta horretarako denen artean lan egin beharra dago», gehitu dute berriz ere Olaso Dorrea Fundazioko kideek.

Lanari nola heldu ere erreparatu diote fundazio horretakoek. Uste dute abertzaletasunak artikulatu gabe dituela bere aktibazioa lekarketen helburu taktiko zein estrategikoak eskuratzeko «dinamika integral argiak». Haien iritziz, euskara arnasberritzeari dagokionez, esaterako, «hauspoa galtzen ari diren sentipena» dago, baina ezin dira ahaztu azken urteetako gizarte eraldaketa sakonak ere. Horrek, baina, erreakzio bat eragin dezakeela uste dute.

Datuak alde batera utzita, eta identitateari lotutakoak baloratzeko zailtasunak gogora ekarrita, egungo gizartearen egoerarekin lotu dute ALCkoek ere. «Azalean diskurtso bat dago, gero eta indibidualistagoa, euskal nortasunaren zentzu komunitario eta kolektibotik urruntzen dena, baina uste dut badirela beste korronte sakonago batzuk, erabat ulertzen ez ditugunak».

gaurko ekitaldiak

  • EAJ. Bilboko Plaza Barrian, 11:30ean, Euskadi gara! Mundialak gara! lelopean. 
  • EH Bildu. Iruñeko Golem zinemetan hasiko dute mobilizazioa, 12:00etan, Askatasunaren nazioa gara leloa hartuta.
  • Bagira. Eguna Donibane Garazin ospatzera deitu du Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, Elkarrekin, herria, burujabetza lelopean.
  • Jardun. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Merkurio plazan hasiko dute manifestazioa, 12:00etan, Euskal Herri langilea batu leloa hartuta.

Hain zuzen, eta nolabait Olaso Dorrea Fundaziokoek aipatutako erreakzioarekin lotuz, Espiauk uste du abertzaletasuna ulertzeko beste modu batzuk sortzen ari direla. Besteak beste, emakume gazteen artean, baina baita Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere; hau da, «Bizkaian eta Gipuzkoan periferiatzat» hartzen diren lurraldeetan. Hala, Euskal Herriaren erresilientzia gaitasunari erreparatu dio, horrek beste eraldaketa bat sortzeko aukera emango duelakoan.

Etorkizunera begira

Dena delako erreakzio edo eraldaketa horrek, baina, egungo gizartearen erronkei ere erantzun behar die. Baina, zein dira abertzaletasunaren erronka nagusiak? Sabino Arana Fundazioak euskara indartzea, harremanak sendotzea eta autogobernua zabaltzea aipatu ditu heldu beharrekoen artean: «Azken batean, zabal-zabalik dagoen mundu batean —bai fisikoki, baita birtualki ere—, biziraupena bermatzea».

Eta badirudi euskal herritar gehienak iritzi berekoak direla, autogobernuaren etorkizunari dagokionez, behintzat. Modu batean edo bestean, afera mahai gainean dago Euskal Herria banatzen duten hiru eremu administratiboetako instituzioetan. Baina baita herritarren artean ere. Berriz ere Naziometroari erreparatuz gero, euskal herritarren %60,9k nahiago dute autonomia zabalagoko antolaketa eredu bat edo erabakitzeko eskubidea onartuko duen bat.

«Berdintasunaren balioa indibidualismoarenarekin ordezkatzen badugu, besteek bezala jokatuko dugu, eta gure identitatea azukre koxkor bat bezala disolbatuko da»

AGIRRE LEHENDAKARIA CENTER

Hain zuzen, Olaso Dorrea Fundaziokoen ustez, Espainiako testuinguruak aukera ematen du alor horretan «jauzi» egiteko, eta Ipar Euskal Herrian ere indar metaketa berriak garatzen ari dira. «Egungo erronka zera da, aukera hori aintzat hartuta abertzaletasun osoa aktibatzea, eta horretarako ez dago lana eta elkarlana baino formula magikoagorik». Hau da, «abertzale guztiak estrategia komun berri baterako bidean jartzeko» beharra dago, XXI. mendeko erronka «kolosalei» erantzun ahal izateko.

Bide beretik, ALCko zuzendariak defendatu du subiranotasuna ez dela iraganera itzultzeko tresna, «etorkizuna eraikitzekoa baizik». Eta zerrenda luze bati erreparatu dio etorkizun horren erronkei begira: trantsizio sozio-ekologikoa, gizartearen digitalizazioaren eta adimen artifizialaren inpaktuak, industria estrategia berri bat, etxebizitzaren arazoa, turismo ereduaren inpaktu negatiboak, zaintza sistemaren berrasmatzea... Horiei guztiei erantzun behar zaie: «Beste batzuekin lankidetzan, baina gai garrantzitsuenei buruz gure erabaki propioak hartu ahal izanda».

Eta horrekin batera, Espiauren esanetan, hauxe da erronkarik zailena: «Berdintasuna eta ekintza kolektiboa berriro kokatzea gure eguneroko imajinario eta ekintzaren erdigunean». Auzolan kontzeptua ekarri du gogora: «Berdintasunaren balioa indibidualismoarenarekin ordezkatzen badugu, besteek bezala jokatuko dugu, eta gure identitatea azukre koxkor bat bezala disolbatuko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.