‘Aita Mari’ ontziko hamabigarren misioko erizaina

Nekane Urra: «Oso zaila da pertsonak aurkitzea: infinitu batean orratz bat topatzea bezalakoa da»

Erreskatatuak kanpalekuetan daude, eta Urra eta gainontzeko boluntarioak atseden hartzen aritu dira. Euskal Herrira iritsi eta berehala txukundu behar izan dute ontzi barrua, bisita gidatuak eskaintzen ari baitira Bilbon.

Nekane Urra, ‘Aita Mari’ ontziko hamabigarren misioko erizaina. NEKANE URRA
Nekane Urra, ‘Aita Mari’ ontziko hamabigarren misioko erizaina. NEKANE URRA
nerea intxausti
2024ko apirilaren 22a
00:50
Entzun

Aita Mari ontzia martxoaren bukaeran bueltatu zen Euskal Herrira. Bi hilabete pasatu zituen Mediterraneo itsasoan, eta martxoaren 12an abiatu zen Sirakusako portutik (Sizilia, Italia) Euskal Herrira bueltan. 2020tik lehen aldiz itzuli dira bertara, orain arte ontziak Burrianan (Herrialde Katalanak) hartzen baitzuen atseden. Nekane Urra (Portugalete, Bizkaia, 1988) Aita Mari ontziko erizaina izan da lehen aldiz, eta kontatu du «misio berezia eta gorabeheratsua» izan dela hamabigarrena.

Nola joan da hamabigarren misioa?

Misio berezia eta gorabeheratsua izan da, bai eguraldiari dagokionez, bai Italiako Gobernuarekin izan dugun harremanari dagokionez. 43 pertsona erreskatatu genituen, ezin izan genituen gehiago erreskatatu, orain Italian Piantedosi legea indarrean delako. Lege horren eraginez, azkar batean —eta beste erreskaterik egiteko aukerarik gabe— bidaltzen gaituzte porturen batera. Gertuen dagoen portura bidali beharko gintuzkete, baina urruneko batera bidali ohi gaituzte; kasu honetan, Ortonara bidali gintuzten —1.200 kilometro eta 10 eguneko nabigazioa dago erreskate gunetik porturatzeko lekura—. 

Nola sentitu zarete?

Amorratuta eta frustratuta sentitu ginen: Ortonara bidean ginela, Italiako agintariekin harremanetan jarri ginen, mayday bat, larrialdi mezu bat, jaso genuelako. Kontuan izan oso zaila dela pertsonak topatzea: infinitu batean orratz bat topatzea bezalakoa da. Hegazkinetatik ere lagundu ziguten, eta, bi patera ikusi bagenituen ere, ezin izan genituen erreskatatu. Libiako Gobernuaren mugako barku militarizatuek aurre egin ziguten, lehenago heldu ziren pateretara, eta haiek eraman zituzten hango pertsonak. Sirakusan ginela jakin genuen Libiako polizia horiek tiro egin zietela beste itsas salbamendu bateko kideei. Bide batez, esan beharra dago: Europak finantzatzen ditu ontzi horiek.

Zuek erreskatatzen ez badituzue, zer aukera dute?

Gerturatzen garenean, argi uzten diegu erreskate ontzia garela, eta Europatik gatozela, ez Libiatik. Askok aitortu izan dute, aurreko misioetan ere, nahiago dutela itota hil, Libiara bueltatu baino. Ez dute bueltatu nahi izaten, hango baldintzak oso bortitzak izaten baitira: batzuek asteak edo hilabeteak pasatu zituzten lonja itxietan itxaroten, eguzkirik gabe. Hori dela eta, eskabiosiarekin —sarna agerraldi handia— heldu ziren ontzira asko eta asko. 

Eguraldiak ere ez du lagundu…

Eguraldia txarra zela-eta, Ortonara bidali gintuztenean ez ziguten bertan geratzen utzi, eta Sirakusara joan behar izan genuen. Porturatzea oso zaila izan zen, haizea zela eta. Gero, bi aste igaro behar izan genituen portuan; ezin genuen ez erreskate gunera atera, ez Euskal Herrira. Pixka bat hobetu zenean itzuli ahal izan ginen etxera. 

Esan izan duzue Europaren migrazio politikek eta mugak urruntzeak ez dutela helburu pertsonei laguntzea, baizik eta haien mobilizazioa eragoztea, baita «haien bizitzen kontura» bada ere.

Oso urrunera bidaltzen gaituzte, eta horrekin nekea eragiten digute gobernuz kanpoko elkarteoi. Dirutza eta denbora xahutzen dugu: gasolinan, elikagaietan eta abar. Erreskate tokitik urruntzen gaituztenez, ezin ditugu erreskate gehiago egin. Beraz, eremua umezurtz gelditzen da.

Hori da haien estrategia: batetik, Frontex —migrazioa kontrolatzeko Europako agentzia— bezalako polizia militarizatuak baliabidez, diruz eta jendez hornitzen dituzte; bestetik, Libiari eta Tunisiari ontzidi azkarra, armak eta entrenamendu militarra eskaintzen diete. Hala eragozten dute gure jendea kostaldera iristea, sikiera nazioarteko uretara heltzea ere. Biolentzia itzela ari da gertatzen Mediterraneo itsasoko gune horietan, bai migratzaileen kontra eta bai laguntzera joaten garenon kontra. 

Zer moduz daude erreskatatu dituzuen pertsonak?

Ortonan utzi genituen, Italiako Gobernuak agindu zigun portuan. Pentsatzen dugu bakoitzak abiatu duela bere prozesua: batzuek errefuxiatu asiloa eskatzen dute, besteek Espainiako Estatuan paperak lortzeko egin beharrekoa hasten dute. 

Jasotzen duzue erreskatatutakoen mezurik?

Nahi dutenek erreskatean bertan eskertzen digute; ez denek, zaila izaten baita ezagutzen ez duten pertsona batekin irekitzea, eta ez dira beti fio. Hizkuntzaren traba ere izaten dugu. Bestetik, saiatzen gara bereizketa emozional bat egiten, babes modura; osasun laguntzan ere antzera egiten dugu: banatzen gara lagundu duena eta laguntza jaso duena. Agintariak erreskate barkuak kriminalizatzen saiatzen dira, eta gu saiatzen gara erreskatatuekin ahalik eta lotura gutxien izaten. Hobe da bai haientzat, bai guretzat. 

Ontzia Burrianan geratu ohi da, baina orain Euskal Herrira etorri da. Zer asmo duzue?

Izugarrizko ahalegina egin dugu ontzia Euskal Herrira ekartzeko. Hala, berriro hartuko dugu hizpide egoera hau guztia: migrazioari buruzko hitzaldiak eta mahai inguruak egingo ditugu, Palestinari buruzkoak eta abar. Aprobetxatuko dugu ontzia hemen dagoela, bai Bilbon eta bai Pasaian bisitak egiteko, eta, bide batez, bertaratzen den jendeari ulertarazteko zergatik gauden hor eta zer eragotzi beharko litzatekeen. Azken finean, Itsas Salbamendu Humanitarioaren eta Aita Mari ontziaren helburua da gu bertan egon behar ez izatea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.