Ingurumena. Luizia Zaldibarren. Esteban Abad Holgado. CSICeko kimikaria

«Oso toxikoak dira dioxinak; maila apaletan ere kontrolatu egin behar dira»

BERRIA.
arantxa iraola
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

Zaldibarko zabortegiko suteetako kearen bidez osasunarentzat kaltegarriak diren konposatu kimikoak airera zabaldu direla eta, kezka iturri dira partikula horiek: dioxinak eta furanoak. Gizakiaren jardueraren ondorio direla gogoraraztea garrantzitsua iruditzen zaio CSICeko ikertzaile Esteban Abad Holgadori: «Antropogenikoak dira». Eta eremu jakin batean sortzen dira, bereziki: «Hondakinen kudeaketan egiten diren errekuntza prozesuetan».

 

Onargarritzat jo ohi diren dioxina eta furano mailak baino 40-50 aldiz handiagoak neurtu direla esan dute osasun agintariek, eta hainbat gomendio eman dituzte. Kezkatzekoa da egoera?

Errekuntza prozesu bat badago, dioxinak sortuko dira, eta behar luketen baino askoz ere gehiago izango dira. Halakoetan hitz egiten da, hala ere, kontzentrazio maila oso apalez; femtogramoetan egiten dira neurketak: horiek dira gramo bat baino mila bilioi aldiz txikiagoak. Nolanahi ere, dioxinak oso toxikoak dira; kontrolatu egin behar dira maila apaletan ere. OME Osasunerako Mundu Erakundeak berak esana du minbizia eragiten dutela; disruptore endokrino ere badira.

Apaltzera egingo dute datuek?

Behin garrak amatatuta, dioxina mailek era nabarmenean egingo dute behera. Izan ere, hor eten egingo da dioxinen isuria.

Epe laburreko kontua izango dela esan dute. Zein esposizio denbora behar da, bada, konposatu horiek giza osasunarentzat arriskutsuak izaten hasteko?

Errekuntza prozesu baten harira, hainbat neurri hartu dira; dioxinak daudelako hor, eta baita beste hainbat substantzia ere. Aparteko larritasunik ez zaio eman behar, ordea, egoerari. Izan ere, kezka iturri dira dioxinekiko esposizio iraunkorrak. Kasu honetan, hamar-hamabi eguneko esposizio bati buruz ari gara; ezin dugu esan hori iraunkorra denik. Moztu egin behar da lehenbailehen, hori bai. Hala ere, adi: kasu honetan dioxinak arnasteko arriskuari erreparatu zaio, baina dioxinak normalean ez dira arnas aparatuaren bidez heltzen: elikagaien bidezko esposizioa ohikoagoa da. Adi ibili behar da horrekin, eta badira horretarako kontrol programak. Zaldibarkoa, istripu bat izan da: espero izatekoa da behin aldi kritikoena igarota, eragina ia atzeman ezina izango dela.

Airean ibili da kezkatzeko moduko dioxina kopuru bat. Pausatuko dira lurrean? Badago orain hor geratzeko arriskua?

Normalean, garraioa dago. Atmosferatik pausatzen dira, adibidez, lurrean, eta barazkietan; joan ere egin daitezke egon behar ez luketen beste toki batzuetara. Finean, atmosfera fluido bat da, eta mugitu egiten dira dioxinak ere.

Dioxinak lurrean pausatzen dira, beraz. Eta lur hori noiz arte egongo da kutsatuta?

Kontrolatu egin behar da lur hori, dioxinen esposizioak zer eragin izan duen aztertu behar da, eta balorazio bat egin behar da. Datuak izan arte, ordea, ezin da deus aurreratu; dioxinetan, daturik gabe esaten den guztia espekulazioa da. Barazkiekin ere gauza bera; aztertu egin behar dira.

Baina noiz arte egon daitezke, bada, lurrean dioxinak?

Iraun egin dezakete; izan ere, dioxinak eroso daude lurrean. Hala ere, zera ziurta dezaket: suteok jazo aurretik ere inguruko lurretan baziren dioxinak. Baina arazoa ez da dioxinak egotea; egun, ikasi egin behar dugu horiekin bizitzen. Arazoa da zenbat dauden. Baina bada dioxinen oinarrizko esposizio maila bat iraunkorra.

Edonon? Edo errekuntzak gertatzen diren tokietan bereziki...

Beti daude. Edonon. Jakina, eremu oso urrunetan mailak beti dira apalagoak.

Ura kutsatu dezakete dioxinek?

Dioxinek eta urak ez dute harreman ona izaten; dioxinek ez dute joerarik uretan disolbatzeko. Baina ura ere kontrolatu egin behar da, bai; dioxinek ez dute erakarmenik uretan egoteko, baina seguru iritsi direla uretara ere.

Dioxinak eta furanoak aipatzen dira. Antzekoak al dira biak?

Bai, bai. Funtsean, 210 konposatu baino gehiago dira, bi familiatan banatuak. Lagunarteko hizkeran, hala ere, finean, denei dioxina esaten zaie.

Hainbat lekukotasunen arabera, Zaldibarko zabortegian kontrol urria zuten sartzen ziren hondakinen inguruan. Hutsegitea da hori halako azpiegitura batean. Areagotu egin du arazoa?

Informazioa garrantzitsua da: zabortegian zer dagoen ez badakizu, nekez jakin dezakezu zer egin. Alor horretan, usu egiten da kale, eta ez litzateke albora utzi behar. Ezbehar bat ez duzu saihestuko informazioarekin; baina zuk hondakindegian dagoenaren inbentarioa ondo eginda baduzu, errazago lagunduko diezu, esaterako, han lagundu behar dutenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.