Xabier Arzalluzen heriotza. Joseba Egibar. EAJren GBBko presidentea

«Oso perspektiba zabala zeukan Arzalluzek, eta urrutira ikusten zuen»

Xabier Arzalluzen herri ikuspegia nabarmendu du Joseba Egibarrek, eta EAJren belaunaldiak lotzeko egindako lanari ere balio handia eman dio.

Joseba Egibar eta Xabier Arzalluz, 2009an, Mutrikun. JUAN HERRERO / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Xabier Arzalluzen ildo berekoa izan da Joseba Egibar (Andoain, Gipuzkoa, 1959) EAJren GBBko presidentea. Harreman handia zeukaten duela 40 bat urtetik.

Noiztik ezagutzen zenuen Xabier Arzalluz?

Xabierren hitzaldiak, mitinak eta beste segitzen genituen guk, baina 1979an egin nuen lehen agerraldi publikoa harekin, Azpeitian, Gernikako Estatutuaren aldeko kanpainan. Neure lehen mitina izan zen, eta haren aurretik mintzatu nintzen. Alemaniako telebista kate bat haren atzetik zebilen erreportaje bat egiten. Estatutua onartu zenetik harreman iraunkorra izan genuen.

Hasieratik izan al zinen Arzalluzen ildo politiko berekoa?

Arzalluzek EAJko aurreko belaunaldikoak ezagutu zituen, eta esaten zuen Juan Ajuriagerrak ez zituela gustuko aho batez hartutako erabakiak eta nahi izaten zuela aurretik eztabaidatu. Arzalluz ere horrelakoa zen; ezartzen zuen formula hori, eta, berea defenditzeaz gain, besteen irizpideak ezagutzea nahi izan zuen. Harekin beti eztabaidatu izan dut.

Baina ildoa, beti antzekoa?

Ildo politiko nagusia beti berdintsua izan dugu. Hark beste esperientzia bat zeukan, beste eskarmentu bat. Misio bat zuen alderdi eta herri ikuspegi batetik: alderdiko aurreko belaunaldiaren onena hartu eta belaunaldi berriarekin joskera egitea, lotura. EAJrentzat, diktadura garaiko 40 urteak gogorrak izan ziren, Jaurlaritza erbestean izan zen... Alderdia berriro plazara atera zenean, 1977-1979 aldean, inork ez zuen aldeko apusturik egiten, EAJ desagertu egingo zelakoan, baina Xabierrek lortu zuen belaunaldiak uztartzea eta alderdia aurrera ateratzea. EAJk arrakasta izan zuen.

ETArekin ere izan zuen garai hartan harremana Arzalluzek.

ETAren belaunaldi berriarekin ere egin zuen topo. Kontrastatu eta eztabaidatu zuen haiekin.

1980ko hamarkadaren erdialdera, EAJren krisia. Zer zioen?

Zatiketak asko markatu zuen alderdia. Gogoan dut hausturaren ondoren Xabierrek nola esaten zuen EArekin gobernu akordioak egin behar zirela lehenbailehen, familia politiko bereko kideak ginelako, ñabardurak ñabardura, baina Xabierrek aipatzen zuen abertzaletasuna ez zegoela ñabarduretarako. Filosofia hori zeukan. Hari buruzko azken dokumentalean zioen gerta lekigukeen okerrena izan zela zatiketa.

Nola bizi izan zituen Lizarra-Garaziko Akordioa eta haustura?

Apustua egin beharra zegoela aipatzen zuen, konbentzitu behar genuela ETA armak uzteko eta ikusteko politika dela bidea. Saiakera hartarako, Gorka Agirre, Juan Mari Ollora eta hirurok ibili ginen, EBBko buru Xabier zela. 1998an lortu genuen akordioa; herrian ilusio handia sortu zen, baina ETAk hautsi egin zuen su-etena, 1999an. Porrota ekarrizuen; ez EAJrentzat elektoralki, gora egin genuelako —eta EHk Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzaren erdia galdu zuen—, baizik eta porrota izan zen herri perspektibaren aldetik. Ezker abertzaleak orduan ez zuen egin soilik bide politikoen eta demokratikoen aldeko apustua. Arzalluzek esaten zuen hanka sartze bat zela herri ikuspegiaren aldetik, baina etorriko zela berriro unea apustu hori egiteko, eta ezker abertzaleak egin zuen oraintxe dela bederatzi-hamar urte hori. Gauza asko ikusia zelako Alemanian eta beste toki batzuetan, oso perspektiba zabala zeukan Xabierrek, eta igual, motzean arituta-edo, guk ez dugu urrutira ikusten, baina hark urrutira ikusten zuen.

Arzalluzek 2004. urtean utzi zuen EAJren EBBko presidente kargua. Pena al zeukan kargua zuk eskuratu ez izanaz?

Apustua egin zuen, bat [Joseba Egibar] bestea [Josu Jon Imaz] baino egokiagoa ikusten zuela esanez. EAJren batzarrak erabaki beharrekoa erabaki zuen, baina Xabier ez zen erreminduta gelditu, ezta neu ere. Guk bagenekien alderdia tresna bat dela herrigintzarako. Denborak erakutsi ohi du gero bakoitzak egindakoa.

Azkenaldian zer harreman izan duzu Arzalluzekin?

Tarteka-tarteka egoten ginen, bazkari baten inguruan. Hitz egiten genuen jaiotze tasaz, migrazioan Alemaniak daraman politika «inteligenteaz», pentsioez... Gai horiek denak kontrolpean zituen. Orain urte batzuk Podemosen bilakaeraz esan zigun komunistak direla haiek eta komunistek barruan daramatela zatiketaren hazia; ikusi zer ari zaien gertatzen. Beti zen interesgarria Arzalluzekin hitz egitea.

Euskal Herriaz baikor al zen?

Kataluniaz esaten zuen azkenenean bidea aurkituko dutela. Euskal Herriari buruz, pertsonen arteko konfiantza erein beharra nabarmentzen zuen. Oso itxaropentsu ikusten zuen Nafarroako egoera, eta zaindu egin behar zela zioen. Beste zutabe nagusi bat zeukan: euskara zabaltzen den neurrian abertzaletasunak aurrera egingo duela. Nik harekin beti euskaraz egin dut politika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.