Aurten, 43 urte bete ditu Nafarroako Foru Hobekuntzak, eta erreforma aztertzeko lantaldea 2023ko azaroan sortu zen parlamentuan. Apurka eta oso motel bada ere, aurrerantz doa. Iazko maiatzaren 3tik 11 lan saio egin dituzte —horietako azkena, otsailaren 21ean—. Orain arte, parlamentu taldeek proposatutako hamasei adituk parte hartu dute lan saio horietan, eta haietako bakoitzak, bere ezagutza esparrutik, gogoeta egin du ea zer aldaketa behar dituen Nafarroako estatusa zehazten duen legeak.
Ikusi gehiago
Oraindik bide luzea dago egiteko. Izan ere, taldeek 70 aditu ingururen parte hartzea proposatu dute, eta oraindik asko falta dira. Lantaldearen agenda, bitartean, nahiko geldirik dago. Zenbait gonbidatuk atzeratu egin dute euren parte hartzea. Uda bitartean beste hiru saio daude aurreikusita: maiatzaren 20an, Fernando Mikelarena eta Mikel Bueno; ekainaren 6an, Fernando de la Hucha eta Aritz Romeo; ekainaren 22an, Unai Melintxon eta Andoni Iso. Parlamentuko zerbitzuak udazkeneko saioak lotzen dabiltza egunotan.
Ikusi gehiago
Oraindik asko falta da, hortaz. Berez, adituen parte hartzea amaituta, lantaldearen helburua da legealdi honetan burutzea eztabaida, taldeen arteko ondorio nagusi batzuk hitzartuta. Gidalerro horiek oinarri hartuta, hurrengo legealdirako geratuko litzateke alderdien akordio hori gobernuen arteko mahaira eramatea. Izan ere, Espainiako eta Nafarroako gobernuen artekoa da Foru Hobekuntza aldatzeko mahai politikoa, eta ikusi beharko da etorkizunean zer kolore politiko izango duen gobernuetako bakoitzak. Gaur egun, bi gobernuetan sozialistek dute nagusitasuna, eta PSNk hasieratik argi utzi du erreforma sakonik ez duela egin nahi: ez ditu ukituko estatusa, ikurrak eta euskararen eremuak.
Adituek gogoeta eta ekarpen interesgarriak egin dituzte, eta haiek proposatutako ideiak eskertu dituzte oro har parlamentariek. Azaroan, kasurako, NUPeko Cristina Zoko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak Foru Hobekuntzaren erreformaren prozedura izan zuen hizpide. Gobernuek hitzartutako akordioak berretsi baizik ez du egiten legebiltzarrak, eta haren funtzioa indartzeko aukeraz hitz egin zuen. Azaldu zuen testuak eskubide gehiago aitortu beharko lukeela, legegileen esku utzita gero orokortasuna zehazteko eginbidea.
Ikusi gehiago
Azken saioan, Gregorio Monreal NUPeko Zuzenbidearen Historiako katedradun emerituak lezio bat eman zuen historiari buruz, eta, amaieran, gogoeta egin zuen Foru Hobekuntzak eskumen gehiago hartzeko bideez: Espainiako Konstituzioaren erreforma baten bidez, eta Auzitegi Konstituzionalak eskubide historikoez egin dezakeen interpretazio bidez. «Ezkorra naiz epe laburrera». Dena den, ez zuen atea guztiz itxi: «Oso mundu aldakorrean gaude. Beste erregimen bat diseinatzeko botere konstituziogilea eman dakioke Nafarroari? Baliteke».