AVS-ko Espazioko zuzendaria

Cristina Ortega Juaristi: «Espazioko merkatua oso azkar aldatzen ari da, eta lehiakorrak izatea lortu dugu»

Euskal Herriko enpresa batek diseinatu eta muntatu duen lehen satelitea da 'Lur-1'. AVS enpresarentzat «gertakari historikoa» izan dela dio Ortegak.

Cristina Ortega Juaristi, AMPEA elkarteak 2022an eman zion Emakumeen Talentuaren Saria jaso zuen ekitaldian. AMPEA
Cristina Ortega Juaristi, AMPEA elkarteak 2022an eman zion Emakumeen Talentuaren Saria jaso zuen ekitaldian. AMPEA
2024ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun

Hiru urtez buru-belarri lanean ibili ostean, abuztuaren 16an jaurti zuten Lur-1, Kaliforniatik (AEB), eta larunbatean lortu zuten harekin lehen konexioa egitea. Egoitza nagusia Gasteizen du AVS Added Value Solutions enpresak, Arabako Teknologia Parkean. Haiek diseinatu eta muntatu dute Lur-1, Euskal Herrian osorik egin den lehenengo satelitea. Cristina Ortega Juaristi (Eibar, Gipuzkoa, 1977) AVS-ko Espazioko zuzendaria da, eta azaldu du proiektuari esker lekua dutela orain espazioko merkatuaren mapan.

Zer egingo du Lur-1-ek espazioan? 

Metro eta erdiko bereizmena izango duten argazkiak aterako ditu. Euskadiko irudiak ateratzen hasiko gara, lehenengo proba gisa. Orain arteko sateliteek ateratzen dituzten argazkiek baino bereizmen handiagoa izango dute Lur-1-ek aterako dituenek. Beraz, horri esker, orain arte ikusi ezin izan ditugun xehetasunak ikusiko ditugu. Argazkiak Hazi eta Azti ikerketa zentroen esku utziko ditugu, besteak beste, euren ikerketetarako erabili ditzaten: ibaiak ikertzeko, basoen bilakaera aztertzeko...

Bestalde, Europako Espazio Agentziak sortu duen interfaze bat izango du Lur-ek. Sateliteak noizbait huts eginez gero, edo geldituz gero,  gailu horrek modua emango du orbitatik ateratzeko. Zerbitzuko satelite bat joango da jada funtzionatzen ez duen satelitearengana, modu seguruan hartuko du, eta sarrerako orbita batera eraman.

Lur-1-ek interfaze hori eramango du; beraz, orbitatik irteteko probak egingo ditugu. Jada prest dagoen objektu bat da, eta Europako Espazio Agentziak misio bat egingo du harekin, erakusteko espaziora joan daitekeela, interfaze horrekin Lur hartu, eta orbitatik irten, ez dadin espazioko zabor bihurtu.

Zergatik jarri diozue Lur izena?

Satelitearen eginkizunetako bat lurra behatzea izango denez, Lur izena jarri genion. Motza da, eta satelitearen eginkizuna ondotxo definitzen du.

Nolatan da Euskal Herrikoa?

Guk egin dugu osorik. Guk diseinatu, fabrikatu eta probatu dugu, eta laster datuak gure egoitzan jasotzen hasiko gara, Arabako Parke Teknologikoan.

«Hamaika proiekturi esker bildu dugun eskarmentuaren emaitza izan da Lur-1 proiektua»

Zer esan nahi du Euskal Herriarentzat bertako satelite bat espazioratzeak?

Guretzat garrantzitsua da; izan ere, erakusten du Euskadin zer gaitasun industrial dagoen misioak osorik egiteko, eta orain arte ez genuen halakorik. Gainera, espazioko merkatua oso azkar aldatzen ari da, eta, proiektu honi esker, lehiakorrak izatea lortu dugu. Beraz, hemen horrelako misio bat egiteko gaitasuna izateak aukera ematen digu  proiektu osoa etxean egiteko, kanpoko eragileen mende egon gabe.

Zenbatek parte hartu duzue proiektuan?

Hogei pertsona inguruk parte hartu dugu, baina ez da ingeniarien lana bakarrik izan. Hamaika proiekturi esker bildu dugun eskarmentuaren emaitza izan da Lur-1 proiektua. Espazioaz bestelako arloetan ere badugu esperientzia: partikula fisikan eta fusioan, esaterako. Aurten, gainera, 18 urte beteko ditugu; beraz, asko ikasi dugu urte hauetan guztietan. Esperientzia horrek guztiak ere lagundu digu Lur-1 arazorik gabe osatzen.

Nolakoa izan da satelitea diseinatzeko prozesua?

Eguneroko erronka bat izan da. Esperientzia handia daukagu NASAren eta ESA Europako Espazio Agentziaren espazioko misioetarako talde kritikoak egiten, baina satelite oso bat egin dugun lehenengo aldia izan da. Beraz, gauza asko egin behar izan ditugu lehenengo aldiz.

Nondik sortu zen ideia?

Guri bururatu zitzaigun: zehazki, Miguel Angel Karrerari —enpresako zuzendari exekutiboa da—. Enpresaren hazkunderako estrategia natural gisa okurritu zitzaion. Orain dela urte batzuk ezarri zen estrategia hori, enpresaren esperientzia zabaltzeko asmotan. Lur-1-ekin zer lortu dugun ikusita, etorriko diren proiektu guztiak ere gure kabuz egingo ditugu.

«Hau guztia Euskadin egin izanak espazioko merkatuaren mapan jarri gaitu, modu lehiakorrean eta munduko beste hainbat herrialderen parean»

Nola bizi izan zenuten Lur-1 espazioratzea?

Zirrara handiz. Urte hauetan guztietan egindako esfortzuaren ostean, azkenean Lur-1 espazioratu dugu. Erakutsi ahal izan dugu ondo egin dugula eta ongi funtzionatzen duela.

«Gertakari historikotzat» jo duzue proiektua. Zergatik?

Guretzat hala delako. Jauzi kualitatibo bat izan da, eta, haren bitartez, beste aro bat hasiko dugu enpresan, misioak osorik egin ditzakegun aroa. Beraz, AVSrentzat gertakari historiko bat izan da, zalantzarik gabe. Eta, segur aski, industriarentzat ere gertakari garrantzitsua izango da. Hau guztia Euskadin egin izanak espazioko merkatuko mapan jarri gaitu, modu lehiakorrean eta munduko beste hainbat herrialderen parean.

Pozik zaudete sateliteak izan duen erantzunarekin?

Bai, oso pozik gaude. Satelitea hemendik igarotzen den bakoitzean, sistemako datuak jaisten ditugu, eta ezin hobeto dabil. Bateriak kargatzen dira, energia modu egokian hartzen du, eta sistemak ondo dabiltza. Hemendik gutxira, argazkiak ateratzen hasiko gara, eta aurreikusita ditugun esperimentuak egingo ditugu.

«Jauzi kualitatibo bat izan da, eta, horren bitartez, beste aro bat hasiko dugu enpresan, misioak osorik egin ditzakegun aroa»

Baduzue beste proiekturik abian?

Lur-1 satelitearekin jada lortu dugu gure lehenengo misioa betetzea. Orain, beste proiektu bat egiten ari gara Ameriketako Estatu Batuetako egoitzan, eta erakutsiko du bi satelite autonomo nola elkartzen diren euren artean. Espero dugu 2025eko udaberrian martxan jartzea.

Beste misio bat prestatzen ere ari gara Erresuma Batuko enpresa batekin: Ura. Lehenago ere lan egin izan dugu haiekin. Bada, enpresa horretako propultsio sistemak probatzen jarraituko dugu hirugarren misioan. AVStik atera den enpresa bat da Ura, horregatik jarri genion izen hori. Ura oinarri duten propultsio sistemak garatuko eta merkaturatuko ditu, eta espero dugu 2025eko udazkenean abian jartzea .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.