Oscar Puentek Gasteizko lotura hobetsi du 'Euskal Y'-a Nafarroarekin elkartzeko

Ezkio-Itsasoko loturak «zailtasun teknikoak» ditu Espainiako Garraio ministroarentzat. Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantza diputatuak, berriz, «herri apustua» dela gogorarazi du.

Ezkio-Itsasoko AHTaren geltokia, iaz. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ezkio-Itsasoko AHTko geltokia, iaz. GOTZON ARANBURU / FOKU
2024ko uztailaren 18a
16:20
Entzun

Oraindik ez dute erabaki AHT abiadura handiko trenak nola lotuko dituen Hego Euskal Herriko lau lurraldeak. Hala ere, Oscar Puentek, Espainiako Garraio ministroak, adierazi du Gasteizko lotura Ezkio-Itsasokoa (Gipuzkoa) baino «onargarriagoa» dela, euskal Y-a Nafarroarekin lotzeko.

Horrela, Puentek Arabako lotura hobetsi du, eta Gipuzkoakoak dituen zailtasunak azaldu: «Ezin dugu zundaketa hidrogeologikorik egin, ez daukagulako udalen eta partikularren baimenik». Gainera, Ezkio-Itsasoko loturan trenak «atzera egin» beharko luke, eta zailtasun teknikoak eta denbora zailtasunak izango lituzkeela aitortu du.

Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantza diputatuak, ordea, adierazi du Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko lotura «herri apustua» dela, eta gogorarazi du Ezkio-Itsasoko geltokia eraikita dagoela ja. Horrez gain, azaldu du Espainiako Garraio ministroaren «iritzi aldaketaren» berri ez zutela, eta erantzunik ez dutela jaso.

Ezkio-Itsasoko loturaren aurrekontua Gasteizkoa baino ia hiru aldiz garestiagoa izango litzateke: 2.000 milioi euro kostako litzateke Ezkio-Itsasokoa, eta 700 milioi euro Gasteizkoa. Halaber, Gipuzkoako loturak ere inpaktu handia edukiko luke ingurumenean, 22 kilometroko tunela eraiki beharko luketelako Aralarren.

2006tik obretan

AHTaren lanak 2006an hasi ziren, eta, hemezortzi urte geroago, bukatu gabe gaude. Nahiz eta Donostia, Bilbo eta Gasteiz trenez lotzeko obren zati gehienak bukatuta egon, hainbat zati bukatzeko edo tramitatzeko falta dira. Obrak egiten ari diren euskal hiriburu bakarra Donostia da; Iruñeko, Gasteizko eta Bilboko geltoki berriak eraikitzen hasi gabe daude oraindik.

Euskal Y-a 2028an irekitzeko asmoa dute agintariek, Bizkaian eta Araban behin-behineko geltokiak eraikita. Hala ere, Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko lotura tramitatu gabe dago oraindik, baita atzerriarekin aurreikusita dauden beste loturak ere: Arabaren eta Burgosen (Espainia) arteko lotura eta Nafarroaren eta Zaragozaren (Espainia) artekoa tramitatu gabe daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.