Buruko osasuna

Osatzeko bidean laguntzeko

‘Lagun nazazu’ programari buruzko jardunaldi bat egin dute Iruñean. 2021etik abian da Nafarroan, eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituztenak trebatzea du helburu, elkarri laguntzeko agente izan daitezen. Profesionalizatzeko beharra aldarrikatu dute.

Zenbait esku bata bertzearen gainean.
edurne elizondo
2023ko azaroaren 3a
14:43
Entzun

Ines Francesek ere onartu du: «Eskema tradizionaletatik ateratzeko beharra dugu». Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaria da Frances, eta Mejorana elkarteak eta Iddeas eta Mejorando Cada Dia fundazioek antolatu duten jardunaldi batean hartu du hitza —urriaren 26an, Iruñeko Kondestablearen jauregian—. Buruko osasunaren esparruan elkarri laguntzeko agenteek egiten duten lana aztertu dute jardunaldietan, figura hori profesionalizatzeko urratsak egiteko.

Nafarroan 2021ean egin zuten elkarri laguntzeko agenteak trebatzeko formakuntza, lehendabizikoz, Burgosko Unibertsitatearen (Espainia) babesarekin. Izan ere, unibertsitate horretako irakasle Rebeca Zabaletak eta Fernando Lezcanok sortu dute formakuntza horrek ardatz hartu duen Lagun nazazu programa. Bi maila ditu: oinarrizkoa eta adituak prestatzekoa. «Biek helburu bera dute: sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituztenak trebatzea, bertzeak osatze prozesuan laguntzeko», nabarmendu du Zabaletak, Iruñeko jardunaldian.

2022ko irailetik aurtengo ekainera egin dute elkarri laguntzeko agente izateko adituen lehen formakuntza Nafarroan, eta Judit Abarca Rodriguez izan da parte hartu duten sei kideetako bat. 25 orduko oinarrizko ikastaroa egin zuen lehendabizi, eta 150 orduko unibertsitate ikastaroa iazko irailetik ekainera; unibertsitate ikastaro horrek teoria eta praktika uztartzen ditu: Abarcak eta gainerako parte hartzaileek aukera izan dute errehabilitazio psikosozialerako zentroetan lan egiteko.

Berdinen arteko harremana

Elkarri laguntzeko agenteen rolak zenbait oinarri ditu: batetik, laguntzen dituztenak osatzeko prozesua dute ardatz. «Buruko osasuneko arazoak dituztenguztiek ibil dezakete osatzeko bidea; ideia hori da gure lanaren abiapuntua», azaldu du Abarcak. Bertzalde, agenteak, formakuntzarekin batera, bere esperientzia du lanerako tresna, eta horrek aukera ematen dio osatzeko bidean den jendearekin harreman horizontal bat garatzeko. «Berdinen arteko harremanak sortzen dira», berretsi du Abarcak.

Harreman horretan, elkarri eragiten diote. «Formakuntzak on egiten dio trebatzen ari denaren osatzeko prozesuari ere; batasun handia sortzen da programako parte hartzaileen artean, eta ikastaroko saioak segurtasun eremu bilakatzen dira haientzat», nabarmendu du Lagun nazazu programako irakasle Cristina Garciak.

Ikusi gehiago:«Asko dago aldatzeko, baina egiturak zurrunak dira»

Trebatzen direnen garapenari dagokionez, hain zuzen, Garciak azaldu du parte hartzaile bakoitza bere osatzeko prozesuan izan duen arduraz ohartzen dela. Rol aktibo horren garrantzia nabarmendu du Judit Abarcak ere, eta sufrimendu psikosoziala dutenek euren burua «subjektu aktibotzat» jotzeko beharra aldarrikatu. «Gure ahotsarekin bat egin behar dugu; Lagun nazazu programak aukera hori eman dit niri, nire ahotsaren indarrarekin bat egin ahal izatekoa. Osasun zerbitzuetan, ukatu egin dute nire ezagutzak duen autoritatea, baina, programari esker, ezagutza horri balioa eman diot. Egindako praktiketan ikasi dut, gainera, ezagutza hori bertzeekin konpartitzen ahal dudala».

Lagun nazazu programaren bidez egindako formakuntza aktibismoarekin ere lotu du Abarcak. «Elkarri laguntzeko agentearen eta arta jasotzen duen pertsonaren artean, osatzen duen harreman bat sortzen da, oinarri baitu pertsonen duintasuna onartzea».

Aktibismoaren garrantzia nabarmendu du Silvia Garciak ere; Madrildik etorri da Iruñera, elkarri laguntzeko agenteen inguruko jardunaldian parte hartzera. Elkarri laguntzeko agentea da, eta figura horri buruzko «ikuspegi politiko bat» eskaini nahi izan du. Osasun mentalaren arloko egungo eredua irauli behar dela nabarmendu du: «Zaintza oinarri duen paradigma bat ezartzeko garaia dugu, eta bortxazko egungo paradigma bazter uztekoa».

Hori lortzeko elkarri laguntzeko agenteek osasun mentaleko lantaldeetan egon behar dutela garbi du Silvia Garciak. Iruñeko jardunaldian, hain zuzen, elkarri laguntzeko agenteen profesionalizazioa sustatu duten Espainiako Estatuko hainbat proiekturen berri eman dute.

Olga Carrascok Gaztela-Mantxako (Espainia) Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroen Programan egindako urratsak azaldu ditu: 2016tik 2019ra, berrogei kontratu sinatu zituzten, diru laguntza publikoei esker. Intras fundazioak, berriz, Gaztela-Leonen (Espainia) sustatu du elkarri laguntzeko agenteen figura. Pablo Sanchez da erakunde horretako zuzendari nagusia, eta Iruñean kontatu du Gaztela-Leonen laguntzaile pertsonalen figurarekin parekatu dutela elkarri laguntzeko agenteena.

Tresnak eman

Nafarroan, Lagun nazazu programako parte hartzaileek egindako praktikak izan dira elkarri laguntzeko agenteen lan esperientzia bakarra, orain arte. Figura profesionalizatzea dute helburu, halere, Iruñeko jardunaldia sustatu duten entitateek.

Stephany Zea Nieto praktikak egin dituzten agenteen tutore izan da. Praktika horiek errehabilitazio psikosozialerako Iruñeko Arga, Eguesibarko Felix Garrido, Lizarrako Ordoiz eta Tuterako Queiles zentroetan eta Mejorana elkartean egin dituzte. «Hagitz esperientzia ona izan da; jarduera berri bat izan da, eta berritasun hori izan da, agian, zailtasunik handiena», erran du Zeak. «Onena, berriz, agenteak lanean ikustea; itxaropena ematen diete laguntzen dituzten pertsonei, eta, euren esperientziari esker, profesionalak ailegatzen ez diren toki batzuetara heltzen dira».

Idoia Ullatek berretsi du agenteen esku hartzeak on egin diola. «Nire osatze prozesuari buruz baikorra izateko indarra eman dit. Garrantzitsuena izan da berdinen arteko harreman bat garatu dugula, agenteak ere sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan baititu. Tresnak eman dizkit nire egoerari aurre egiteko».

«Aurrera egin behar dugu, eta ohartu sufritzen ari den pertsonak egon behar duela erdigunean», onartu du Ines Francesek. Elkarri laguntzeko agenteak duen indarra nabarmendu du Silvia Garciak: «Une historiko bat da oraingoa, sendotzen ari baita gure esperientzian oinarriturik mintzatzen garenon mugimendua. Agenteok erakundeetan egon behar dugu, sistema aldatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.