Etxe askotan sukalderaino sartu den gaitza da minbizia; hitza entzute hutsak ezinegona sortzen du. Ez da gutxiagorako, eta datuak dira horren erakusgarri: heriotzen laurdenak tumoreek eraginak izaten dira gutxi gorabehera. Hilkortasuna murrizteko xedez lanean ari direnetako bat da Ana Zubiaga (Forua, Bizkaia, 1959), EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari eta genetikan katedraduna. Gaitzaz kontzientzia hartzeko eguna da gaurkoa, Minbiziaren Nazioarteko Eguna baita; Zubiagak ikerketaren beharra nabarmentzeko baliatu du.
Zer ikertzen duzue, zehazki?
Tumore zelulen ezaugarriak: orokorrean, proteina batek funtzionamendu anormala izatea. Hori jakitea interesgarria da, tumore zelulek proteina horiekiko menpekotasuna daukatelako. Hau da, behar dituzte euren ugalketarako, iraupenerako... Horrek adierazten du zaurgarritasun bat ere. Tratamenduak proteina anormal horietara bideratzen ditugu: terapia zuzendua da. Kimioterapia klasikoa erabili beharrean —tumore zelulei eta ez direnei eragiten die, eta hortik etortzen dira albo efektuak—, ideia da bilatzea zelulen zaurgarritasunak eta horietara zuzentzea terapia.
Orduan, tratamendua ez litzateke hain inbaditzailea izango?
Horixe. Askoz ere zuzenduagoa izango litzateke tumore zeluletara, eta albo efektuak arinagoak izango lirateke. Nahiko ondo funtzionatzen ari dira. Egun, minbiziaren terapian erabiltzen diren tratamenduen erdiak-edo terapia zuzenduak dira. Osatu dugu minbizia? Oraindik ez, baina asko laguntzen ari gara.
Bakoitzaren minbizira egokitutako tratamenduez ari al zara?
Ez dut esan nahi pertsona bakoitzarentzat eta minbizi mota bakoitzarentzat, baina bai tratamendu pertsonalizatuagoak. Ikusi dugu, esate baterako, pankreako tumore batzuek eta biriketako batzuek ezaugarri komun batzuk eduki ditzaketela, proteina anormal berdinak. Orduan, terapia berdina erabil daiteke batean eta bestean. Tumoreak sailkatzen hasi gara, ez horrenbeste organoaren arabera, baizik eta eraldatuta dauzkan bidezidor eta proteinen arabera, eta informazio hori ezinbestekoa gertatzen ari da tratamendu bideratuak garatzeko.
Zer minbizi mota aztertzen duzue, bereziki?
Batez ere, interesatu ginen prostatako minbizi erasokorrean. Prostatako minbizi gehienak nahiko onberak dira: uste da zortzi gizonetik bat-edo diagnostikatuko dela, baina gehienak ez dira horregatik hiltzen, ondo tratatzen direlako terapia hormonala hartuta. Baina %10ek-edo ez diote erantzuten terapia hormonalari, eta arazoak sortzen dira.
%10 horiekin ari zarete, ezta?
Gure eta beste ikerlari askoren interesekoak dira, ez dagoelako horrenbeste erreminta kontra egiteko. Aurkitu genuen prostatako minbizi erasokorretan badaudela proteina batzuk euren maila asko igota; E2F proteinak dira. Ikusi genuen abantaila ematen diela prostatako minbizi zelulei E2F proteinen maila igota egoteak, ze euren DNA, material genetikoa, egonkortu egiten dute: apurketa gutxiago gertatzen dira, eta laguntzen die azkarrago eta gehiago ugaltzen. Badago E2F proteinen molekula inhibitzaile bat. Frogatu genuen tumore zelulak molekula horrekin tratatuz gero zelula horien DNA askoz ere ezegonkorragoa bilakatzen dela, kalteak agertzen direla, eta zelulak heriotzarantz bideratzen dituela. Gero, ikusi genuen inhibitzaile horrek indartu egiten zuela beste tratamendu batzuen efektua. Bai bakarrik, bai modu konbinatuan,tratamendu posible bat izan daiteke. Egia da hau kontzeptu-probaren azterketa dela.
Zer esan nahi du horrek?
Molekula inhibitzaile hau gaur egun ez dela erabilgarria klinikan, ez delako guztiz eraginkorra: nahikotxo bota behar zaie zelulei, eta toxikoa bilaka daiteke. Ezin da laborategian ikusi duguna zuzenean klinikara eraman. Ikusten baduzu funtzionatzen duena, jarraitu behar duzu garatzen familia horretako molekula gehiago, baina askoz ere eraginkorragoak. Hori da gure helburua hurrengo hilabeteetarako eta urteetarako.
Ikerketa genetikoan zara aditua. Zer eragin dauka genetikak minbizia garatzerakoan?
Erabatekoa. Minbizia sortzen da geneetan mutazioak agertzen direlako. Mutazio horiek gu sortzen garen unetik eta bizitza osoan zehar pilatzen joaten zaizkigu. Horregatik, adinean zenbat eta aurrerago joan, orduan eta probabilitate handiagoa dago minbizia pairatzeko.
Eta tratamendu batean genetikak ba al du zerikusirik?
Jakina. Badaude pertsonak sentikorrak izan daitezkeenak tratamendu batekiko, badaramatelako mutazio jakin bat; aldiz, beste pertsona bat erresistentea izan daiteke tratamendu horrekiko, justu mutazio berezi hori ez daramalako. Baina jakiteko nori eman eta nori ez tratamendu zuzendua, haren geneak aztertu behar ditugu. Hauxe da tratamendu pertsonalizatua garestitzen duen arrazoietako bat.
Zer egin behar da ikerketan gaixoen iraupena hobetzeko?
Puntu askotatik uki daiteke. Ikusten ari gara nolako eragin positiboa daukan diagnostiko azkarrak. Biziraupena asko igo da, modu goiztiarrean harrapatzen ditugulako, esaterako, bularreko minbiziak, diagnostikoaren bidez. Ondesteko minbizian, gauza bera. Horrelako hurbilketak oso onak dira, minbizia hasierako pausoetan aurkitzen dugulako. Gero, tratamenduak. Zein tratamendu zuzendu erabili jakiteko, ikerketa egin behar da; bestela, ez dago modurik jakiteko zer inhibitzaile edo zer antigorputz jarri behar dudan.
Beraz, ezinbestekoa izango da erakundeek ikerketaren aldeegitea, ezta?
Bai. Nire ustez, minbiziak gure ongizatean horrenbesteko garrantzia izanda, apustu komuna behar dela, bateratua. Uste dut bai ekimen publikoek, bai ekimen pribatuek badaukatela zeregina.
Eta etorkizun hurbilean, zer espero duzu minbiziaren tratamenduetan?
Tratamenduei dagokienez, uste dut aurrerapausoak alor askotan ematen ari direla. Diagnostikoan,gaur egun egiten ari diren horietaz gain —bularrekoa, ondestekoa, umetoki lepokoa...—, zenbait lekutan biriketakoa ere egiten ari dira. Tratamenduei dagokienez, zuzenduak izango dira gure etorkizuna. Baita immunoterapia ere. Hau da, gure sistema immunitarioa gidatuz, bera izan dadila tumore zelulei eraso egingo diena. Hasi gara ulertzen nola gonbidadezakegun gure sistema immunitarioa hori egitera. Azkenengoa, txertoak. COVID-19aren txertoa oso azkar lortu zen bazeudelako ikerlari batzuk minbiziaren aurkako txertoak garatu nahian. Orain, beste laborategi askok ere eurekin batera esan dute: «Badakigu RNA molekuletan oinarritutako txertoek oso ondo funtzionatzen dutela COVIDaren aurka, oso eraginkorrak direla. Goazen gauza bera egitera, baina oraingo honetan minbizia zelulak akabatzeko».
Ana Zubiaga. EHUn genetikan katedraduna eta ikerlaria
«Osatu dugu minbizia? Oraindik ez, baina asko laguntzen ari gara»
Aparteko kezka sortzen duen gaitza da minbizia, eta hori ikertzen aritzen da Zubiaga. Gaixoen biziraupena hobetuko bada, hiru norabidetan lan egiteko beharra ikusten du: diagnostiko goiztiarra, terapia zuzenduak eta txertoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu