Soziometroa

Osasungitzaren inguruko kezkak gora egin du, Soziometroaren arabera

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren herenek kokatu dute gizarteko hiru arazo nagusien artean.

Donostiako ospitalea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 17a
13:06
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen soziometroaren arabera, osasungintzaren inguruko kezka nabarmen hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean. Herritarren kezka nagusien artean bigarrena bilakatu da, lan merkatuari lotutako arazoen atzetik.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arazo nagusiei dagokionez, herritarrentzat lan merkatuari (%59), osasun sistemari (%35) eta ekonomiari (%28) lotutakoak dira zerrendako lehenak. «Osasungintzari, Osakidetzari, gizarte segurantzari eta osasunari» lotutako arazoen inguruko kezkak, gainera, hamabost puntu egin du gora iaztik, eta 29 puntu 2019tik. Kezka hori, gainera, areagotu egiten da adinean gora egin ahala: 65 urtetik gorakoen %41ek kokatu dute hiru arazo nagusien artean.

Politikari erreparatuta, Soziometroak adierazi du politikarekiko interesak zertxobait gora egin duela azken urteetan —%8, 2018tik—, baina gehiengoa dira oraindik ere «interes gutxi» edo «batere interesik ez» dutenak: %63 —zertxobait gehiago gazteetan—.

Halere, inkestaren arabera, herritarrek konfiantza dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetan: %78k konfiantza dute Eusko Jaurlaritzan, %74k aldundietan, eta %72k Eusko Legebiltzarrean eta udaletan. Espainiako instituzioekiko jarrera, ordea, bestelakoa da: Espainiako Gobernuan %37k dute konfiantza, eta Espainiako Kongresuan, %27k.

Alderdi politikoen kasuan, herritarren bosten batek soilik du konfiantza haietan, eta erdia baino gehiago ez dira alderdi bakar batetik ere hurbil sentitzen; ozta-ozta dira %21 «oso hurbil» edo «nahiko hurbil» sentitzen direnak. Horren adibide da herritarrek alderdiekiko duten «sinpatia». EAJ da gainditzea lortzen duen bakarra, hamarretik 5,1eko notarekin. Atzetik leudeke PSE-EE (4,3), EH Bildu (4), Elkarrekin Podemos (3,6), PP (1,8) eta Vox (0,6).

Buruzagi politiko nagusiei dagokienez, berriz, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak gaindituko lukete; 5,7ko eta 5,5eko notekin, hurrenez hurren. Urkulluren kasuan, gainera, hura ezagutzen duten herritarren %70ek baloratzen dute positiboki —5etik gorako nota— haren lana.

Nazio sentimenduaren kasuan, Soziometroak dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %21 «euskal herritar bakarrik» sentitzen direla, eta beste laurden bat «euskal herritarra, espainiarra baino gehiago». Era berean, %41 «euskal herritarrak bezain espainiarrak» sentitzen dira, eta %8 «espainiarrak euskal herritarrak baino gehiago» edo «espainiarrak bakarrik».

Era berean, inkestaren arabera, herritarren %23 Euskal Herriaren independentziaren alde leudeke, eta %41 kontra. Beste heren batek, ordea, egoeraren arabera baloratuko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.