Osasungintza, zergen jaitsiera eta AHTa izango dira ardatz Geroa Bairentzat irailetik aurrera

Nafarroako Gobernuaren lehen urteari buruzko agerraldia egin du, eta ondorengo hilabeteetako lehentasunak zehaztu. Pablo Azkonak ziurtatu du konfiantza arazorik ez dela egongo akordio programatikoa betez gero.

Pablo Azkona eta Maria Solana, Geroa Bairen Iruñeko egoitzan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Pablo Azkona eta Maria Solana, Geroa Bairen Iruñeko egoitzan. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2024ko uztailaren 29a
14:25
Entzun

Hurrengo urte politikorako lehentasunak azaldu ditu Geroa Baik prentsaurrekoan. Legealdi honetan Osasun Departamentua hartu du koalizioak, eta Pablo Azkonak nabarmendu du itxarote zerrendak murrizten ari direla. Gainera, Geroa Baik nahi du zerga presioa «egungo errealitatera egokitzea» eta 2025era lan errentei eta autonomoei jaistea. Gainera, AHTa izango dute beste ardatz. Ez dute ulertzen PSOEk Euskal Y-rekiko lotura zergatik egin nahi duen Gasteiztik, eta ez Ezkiotik.

Duela urtebete hitzartu zen PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren arteko akordio programatikoa, eta haren atzetik etorri zen Maria Txibiteren inbestidura eta Nafarroako Gobernuaren osaera. Atzera begira, azken urteari buruzko analisia plazaratu dute Geroa Baiko Pablo Azkonak eta Maria Solanak. 

«Duela urtebete, erabaki genuen beste legealdi batez askotarikoa eta aurrerakoia den gobernu baten alde egitea. Konbentzituta geunden PSNren eta Geroa Bairen arteko desberdintasunek ezin zezaketela akordio hura galarazi», aipatu du Azkonak, orain hamabi hilabetetako negoziazioak gogoan. «Ez zen erraza izan» onartu du. Azkenik, abuztuaren 8an hitzartu zuten akordio programatikoa, eta bertan jasorik daude hala datozen lau urteetarako gidalerroak nola euren arteko desadostasunak.

Galdetu diote nola dauden bazkideen arteko harremanak. Azkonaren arabera, «garrantzitsuena da» bide orria dutela. «Gure arteko akordioak ditugu, eta, horiek betez gero, konfiantzarik handiena izango dugu».

Bederatzigarren aurrekontuak

Hilabeteotan, beste mugarria martxoaren 7an izan zen, legealdi honetako lehen aurrekontuak onartu zirenean. «2015etik bederatzi aurrekontu onartu dira, eta aintzat hartzekoa da kontuan edukiz gero aurretik hainbat urtez ez zirela onartu eta zenbaki kezkagarriak zituela Nafarroak», azaldu du UPNk agindu zueneko azken legealdia gogoan. Hala, ordutik Geroa Baik gobernuetan parte hartu du, eta, Azkonaren arabera, «egonkortasuna» eman dio lurraldeari.

Legealdi honetako berritasunetako bat zera izan da, Geroa Baik bere gain hartu duela Osasun Departamentua, Fernando Dominguez kontseilaria buru duela. Azkonaren arabera, hilabeteotan lortu dute itxarote zerrendak murriztea, nahiz eta UPNk azken astean kritikatu espezialistarengana jo gabe ehunka pertsona zerrendetatik kendu direla telefono dei bidez. Azkonak gaineratu du osasungintzako C eta D mailako langileen jardunbideari buruzko legea onartu dela. Horrez gain, Osasun Legearen edukia landu dute, eta herritarrei kontsultatzeko tramitean dago oraintxe.

Beste lehentasunetako bat zergak izango dira. Geroa Bairen irudiko, «Nafarroaren egungo errealitatera egokitu behar da», eta datorren urterako proposatuko dute zerga presioa jaistea lan errentei eta autonomoei. Azkonak gogoratu du KPIaren igoerak eta energiaren zein elikagaien kostuen igoerak kalte egin diotela sendien erosahalmenari. eta uste du zerga bidez leundu daitekeela hori. 

Ezkio-Itsasoko lotura

AHTa izango da beste lehentasunetako bat. Geroa Baik Nafarroako zatiaren eta Euskal Y-aren lotura Ezkio-Itsasotik izatea nahi dute. Alta, kezkatuta daude PSOEk nahiago duelako Gasteizko lotura. Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio ministroak aukera hori hobesten dutela adierazi zuen uztailaren 18an, nahiz eta biharamunean ihardetsi oraindik azterketa fasean dagoela eta ez dela erabakirik hartu. Azkonaren arabera, «ezinbestekoa da Ezkioko ingurumen azterketa egitea. Zeren zain dago Garraio Ministerioa? Nafarroako Gobernuak ezin du beste aldera begiratu». 

EAJren baitan ere ez daude gauzak argi gai horri buruz. Gipuzkoako EAJk eta diputazioak nahi dute Ezkiotik izatea, eta Arabakoak Gasteizitik.

Autogobernuari begira, trafiko eskumena «ahalik eta azkarren» Nafarroari itzultzea nahi dute, behin Auzitegi Gorenaren epaia zuzenduta. Horrez gain, beste eskumenak bere gain hartzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute.

Euskarari dagokionez, Maria Solanak gogorarazi du merituen dekretua eta departamentukako hizkuntz profilen txostenak ez dutela oraindik adostasunik lortu. «Zaila da PSNrekin ados jartzea, baina zer izango zen txeke zuri bat sinatu izan bagenio?». Haren ustez, beharrezkoa da gauzak egintzat ez ematea eta alor orotan negoziatzea, «txeke zuririk eman gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.