Osasungintza publikoaren «kudeaketa arduragabea» salatu dute kalean

Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Deitzaileek esan dute «zail» egiten zaiela «egoeraren erantzuleei orain sinestea» Osakidetza hobetzeaz berba egiten dutenean.

Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko martxoaren 16a
17:00
Entzun

Ehunka lagunek kalera jo dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen «osasungintza publiko eta kalitatezkoaren alde», osasungintza publikoaren aldeko plataformek antolatu eta eragile ugarik babestutako manifestazioetan. «Eusko Jaurlaritzaren plangintza eta kudeaketa politiko arduragabea» kritikatu dute deitzaileek, eta «zinikotzat» jo dute Jaurlaritzaren ardura izan duten alderdiek hauteskundeen atarian Osakidetza hobetzeko neurriez berba egitea: «Zail egiten zaigu sinestea egoera hori eragin dutenei, esaten dutenean Osakidetzaren arazoei lehentasuna emango dietela».

Bilboko manifestazioa eguerdian abiatu da Jesusen Bihotza plazatik. Mobilizazioa hasi aurretik, osasungintza publikoaren aldeko herri plataformetako bozeramaile Mireia Saizek «osasungintza publikoaren desegite, narriadura eta pribatizazioa» kritikatu ditu: «Hilabeteak eman ditugu [Jaurlaritzaren Osasun sailburu] Gotzone Sagarduiri entzuten Osakidetzan ez zegoela inolako arazorik, eta, orain, hauteskundeen atarian, Osakidetza hobetu nahi dutela esaten dute». Antzera hitz egin du Jose Ignacio Martinez eledunak: «Gero eta gehiago dira medikurik gabeko osasun zentroak, horrek herritarren osasunerako dakarren arriskuarekin; itxaron zerrendak eskandaluzkoak dira; Etengabeko Arretako Guneak ixten dituzte; ordutegiak murrizten dituzte; larrialdi zerbitzuak kolapsatuta daude, eta gero eta zailagoa da medikuarekin aurrez aurreko arreta lortzea».

Manifestazioaren buruan herri plataformetako ordezkariak paratu dira, Osasun publiko eta kalitatezkoaren alde eta Diru publikoa osasun pribatura desbideratzeari ez leloak idatzita zeuzkan pankarta batekin, eta, horien atzean, herrietako plataformetako ordezkariak joan dira: Sestao, Durango, Larrabetzu, Ortuella, Aiaralde eta beste zenbait lekutako plataformak, zein bere pankartarekin.

Herritarrak, kexu

Pankarten atzetik joan da manifestarien multzo nagusia. Marisa Tercilla izan da haietako bat: «Nire medikuak bikain artatzen nau, baina osasun zentrora joaten naizen bakoitzean lanez gainezka ikusten ditut hango langileak. Badago jende asko guztiz larriak ez diren osasun arazoak dituena, baina, arazo horien ondorioz, izorratuta eta minekin ibiltzen dira, eta arazo horiek sendatzeko denbora luzea ematen dute; kasu batzuetan, urteak ere bai. Hori jakinik, ez du balio esateak medikurik onenak ditugula; nire seme-alabak medikuak dira, eta badakit Osakidetzan oso jende prestatua dagoela, baina ez da bidezkoa jende hori leku batetik bestera ibiltzea eta baldintza horietan edukitzea, azkenean nekatu eta alde egiten dutelako».

Osasun arloko langileak ere egon dira mobilizazioan. Osasun garraioko langileak aspalditik ari dira borrokan euren lan baldintzak arlo publikoko langileen baldintzekin parekatzea galdegiteko, eta haietako zenbaitek parte hartu dute manifestazioan: «Argi dago hemen egon behar genuela; azken finean, geurea pribatizatutako zerbitzuaren adibide aparta da», azaldu du Sandra Burgos anbulantzietako langileak. Ane Naia Sufrate ere osasun arloko langilea da, eta lehen arretan aritzen da: «Apur bat nazkatuta gaude lehen arretari behar bezalako garrantzia ez emateaz; lehen arreta osasun sistemaren oinarria da».

Kale Nagusia eta Areiltza Doktorearen zumarkalea gurutzatzen diren tokian, manifestazioak zain zeuzkan Pentsiodunak Martxan mugimenduko kideak, zapi gorria lepoan eta Osasun publikoa gaixorik, konponbideak orain goiburua idatzita zeukan pankarta batekin. Jesus Aristegi pentsiodunen mugimenduko kidea da, eta Elorriotik (Bizkaia) etorri da manifestaziora: «Jendea jabetu behar da zelako gabeziak ditugun osasungintzan. Datu batzuk beldurgarriak dira. Oso beharrezkoa da mobilizatzea; ezin da hauteskundeak egin arte itxaron». Pentsiodunen multzoa manifestaziora sartu denean, txaloka hartu dituzte, eta ozenagoak izan dira oihuak: Pribatizaziorik ez; Publikoa defenda dezagun; Osasuna, lehentasuna eta abar. Manifestazioa Kale Nagusian barrena joan da, eta Arriaga aurreko plazan egindako ekitaldi batekin amaitu da.

Gasteizen ere jendetsua izan da osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa; udaltzainen arabera, 6.000 lagun inguru batu dira. Manifestariek eskatu dute berriz irekitzeko San Martingo Etengabeko Arretako Gunea eta Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzua. Donostian, berriz, manifestazioa arratsaldez egin dute, eta 17:00etan abiatu da Bulebarretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.