Osasun publikoaren kalitateak okerrera egin duelako kezkatuta, hura indartzeko eskatzen duten sei puntuko mozioak bultzatu ditu Nafarroako Osasun Plataformak 2.000 biztanletik gorako udalen artean. Zenbait udal txikik ere bat egin dute mozioarekin, eta orotara 26 udalerrik aurrera atera dute gehiengoz eskaera. Sei puntu horietan aldarrikatzen da lehen arreta indartu behar dela, bost urteren buruan Osasun Departamentuaren aurrekontuaren %25 izan arte; osasun pribatuarekin hitzarmenak egiteari utzi behar zaiola; langileak egonkortu behar direla; adinekoen arreta eredu publiko baterantz zuzendu behar dela; buru osasuneko sistema indartu eta prebentziora zuzendu behar dela, eta 1990eko egungo legea berritu behar dela, sistema parte hartzaile baten bidez.
Plataforman bildu dira erakunde, norbanako eta sindikatuak, eta, atzo, Iruñeko geltoki zaharrean eginiko prentsaurrekoan, Gurutze Agirrek eta Lazaro Elizaldek azaldu zuten mozioa babestu duten udalek Nafarroako biztanleen %44 ordezkatzen dutela—296.000 biztanle, alegia—. Tartean dira Altsasu, Arbizu, Arruazu, Baztan, Bera, Berriozar, Doneztebe, Ergoiena, Lizarra, Erro, Etxalar, Etxarri Aranatz, Irañeta, Irurtzun, Lakuntza, Olatzagutia, Lesaka, Erriberri, Iruñea, Gares, Uharte Arakil, Uharte, Urdiain, Atarrabia, Ziordia eta Zizur Nagusia. Hain zuzen ere herri horietako biztanle bana izan zen agerraldian, bertako kartelari helduz.
«Plataformak bultzatutako aldarrikapenek ordezkaritza zabal bat izatea nahi dugu mozioen bidez, eta konpromiso bat lortu», azaldu du Lazaro Elizaldek. Izan ere, eskaera horien bitartez Nafarroako Gobernuaren politiketan eragin nahi dute, eta, halaber, oraintxe parlamentuan tramitatzen ari diren Osasun Legearen eztabaidan irizpideak finkatu.
Oinarrian, kezka handi bat dago. «Arretaren kalitatea okertzen ari da gobernuen ekintzen eta omisio politiken ondorioz. Baliabideak dituenari arlo pribatura joateko aukera ematen zaio». Plataformak uste du herritarren eskubideak «blindatu eta indartu» behar direla osasun sistema publikoan, arreta unibertsala osasun beharren arabera bermatzeko, eta ez «ahalmen ekonomikoaren arabera».
Iruñeko Udalaren kasua
Iruñeko Udalean, mozioko sei puntuetatik bi ez ziren onartu, PSNk ez zuelako horien alde egin. Plataformak zehaztu duenez, sozialistek egoki ikusten dute egungo hitzarmen bidezko lankidetza publiko-pribatuaren eredua, eta ez deritzote beharrezko buruko osasunaren sistema indartzeari, prozesu bat abian dagoelako jada.
Nafarroako osasungintza
Osasungintza indartzeko eskatu dute Nafarroako 26 udalerrik
Onartutako mozioetan, galdegin dute, besteak beste, lehen arretak bost urtean osasun aurrekontuaren %25 jasotzea, alor pribatuarekiko itunak etetea, eta Osasun Legea berritzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu